ELKARRIZKETA

Nekazaritzak eta Ingurumenak bat egin dute sinergiak sortzeko

«Gure helburua Bizkaian iraunkortasuna ahalik eta gehien garatzea da»

Elena Unzueta, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko foru diputatua

Elena Unzueta, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko foru diputatu izendatu zuten pasa den urteko uztailean. Kargu horretan ari da lanean «Bizkaia berde» bat lortzeko helburuarekin. Ikuspegi bikoitza dauka: kalifikazio hori duen lurraldeko bizi-kalitatearena batetik, eta ekonomikoa bestetik; izan ere, «ekonomia berdea» deritzona garatzeko eta berrikuntzarako abagune egokia da. Lan horretan, gainera, eragile sozial eta instituzional guztien laguntza izan nahi du.

Legegintzaldi honetan bat egin dute Nekazaritza eta Ingurumen Sailek Iraunkortasun eta Ingurune sailean. Erronka bat izan da, eta aldi berean, aukera bat sinergiak aprobetxatu eta bi arlo osagarritan lan egiteko. Egitura berri horrekin aukera ugari zabaldu dira. Horiek kudeatzeaz arduratzen da Elena Unzueta lider den lan-taldea. Uztailetik dago kargu horretan eta Sail berriko arduraduna da. Gainera, lehenengo sektorean eta iraunkortasun arloan aritzen diren profesional, elkarte eta erakundeekin lan egiten dute eta hori da bere sailaren ezaugarri bereizgarria.

Bizkaia Maitea: Zergatik batu dira Nekazaritza eta Ingurumen arloak sail bakarrean?

Elena Unzueta: Bien artean hainbat puntu partekatzen zirela uste dugu, hainbat elkargune zeudela eta posible izango zela hortik sinergiak sortzea, baliabideak aprobetxatu ahal izateko. Orain arte bi Sail izan diren horiek ematen dituzten lan-aukerak aprobetxatuko ditugu eta ditugun baliabideak kudeatu. Eta koordinazio hori alor guztietan islatuko da, baina gure kudeaketaren emaitzetan bereziki eragingo du. Planteamendu berri honen funtsa lan partekatua da, zerbitzuak koordinatzea Bizkaiko ingurumena bermatzeko; hori da ekipo berriak bere gain hartzen duen erronkarik garrantzitsuena.

B.M.: Zein da helburu nagusia?

E.U.: Gure helburu nagusia Bizkaiak garapen iraunkorra ahalik eta gehien garatzea da. Eta hori lortzeko, Bizkaia 21 Programak barne hartzen dituen ekintza-ildoak jarriko ditugu martxan, garapen iraunkorrerako Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia.

B.M.: Ba al duzu abiapunturik horretarako? Zein da gure Lurraldearen egoera arlo horretan?

E.U.: Bizkaia erreferentea da ingurumen arloan. Esan daiteke Estatuko «Alemania txikia» garela. Herritarren %100ak dauka hondakinak gaika botatzeko aukera eta %96k uren arazketa eta saneamendu sistemetara. Gure birziklatze-tasak Estatu osoko altuenak dira eta sortzen ditugun hondakinen %90a aprobetxatzen dugu. Horregatik, indize horiek hobetzeko lanean jarraitu nahi dugu. Horretarako, indarreko politikak garatuko ditugu, ingurumenaren kudeaketan aldaketa handirik egin gabe. Ez dugu funtzionatzen duena aldatuko. Eta Bizkaiko ereduak funtzionatzen du. Horregatik, arlo horretako politikak bere horretan jarraituko du.

B.M.: Zeintzuk izango dira Ingurumen Zuzendaritzaren jardueraren ardatz nagusiak legegintzaldi honetan?

E.U.: «Bizkaia berdea» lortzeko lan egingo dugu, perspektiba bikoitz batetik: «Lurralde berde» batean bizitzeak dakarren bizi-kalitatea, batetik, eta ekonomikoa bestetik; izan ere, ingurumen arloko araudi eta politikek berrikuntza, enpresen lehiakortasuna eta «ekonomia berdearen» garapena eragiten dute.

B.M.: Zein proiektu zehatzetan gauzatuko da helburu hori?

E.U.: Legegintzaldian zehar hainbat ekimen burutzea aurreikusi dugu. Ez dizkizut guztiak azalduko, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkidan batzuk aipatuko dizkizut. Oraindik Bizkaiko Ur Partzuergoan ez dauden udalerri guztiak bertan integratu nahi ditugu; Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako 2015-2016 II Planaren luzapena adostu nahi dugu 2020a arte, helburuak Europar Batasuneko Hondakinen Esparru Zuzentaraura egokitzeko; eta Bizkaiko udalerri guztietan edukiontzi zuria jartzen saiatuko gara, konpostatze-tasak igotzeko. Gainera, Urkiola eta Armañoneko Plan Gidariak eta bereziki zaindu beharreko guneen eta parke naturalen Kudeaketarako Zuzentarau eta Jarduera Dokumentuak bukatuko ditugu. Behin dokumentu horiek onartuta, arlo horiek guztiak kudeatzen hasiko gara, plan horietan markatutako estrategiari jarraituz. Meatzaldean Euskadiko meatzaritzaren Ingurumen eta kultur Parkearen Interpretazio zentroa ere jarriko dugu martxan. Ziurtagiria duten hondartzen kopurua handitzen eta zerbitzuak hobetzen saiatuko gara, Urdaibaiko hondartzetarako Mugigarritasun Iraunkorrari buruzko plana landuko dugu eta Meaztegi Berdea eremuari bultzada emango diogu. Gainera, Gorlizko animalia basatien Berreskuratze Zentroa hobetu nahi dugu.

B.M.: Proiektu asko dira. Nondik hasiko zarete?

E.U.: Aurtengo aurrekontuek gure lehenengo urratsak definituko dituzte; markatu dugun estrategiarekin bat egiten dute. Esaterako, ingurumen azpiegituretan inbertitu dugu. Horien artean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoen integratutako udalerrien ur arazketa saneamendu lanak, garbiguneen kudeaketa, gure Lurraldean bosgarren edukiontzia ezartzea eta abar. Eta lanean jarraituko dugu aisialdirako guneak mantentzen, parke naturalak kudeatzen, mendiko bidexkak mantentzen, LIFE proiektuekin, hondartzak kudeatzen eta energiaren aurreztea eta energia berriztagarrien eraginkortasuna sustatzen.

B.M.: Eta sailaren beste aldean, Nekazaritza Zuzendaritzan? Zeintzuk dira datozen urteetarako lehentasunak?

E.U.: Markatu dugun erronka nagusia lehenengo sektoreari entzun eta babesa ematea da, baita modernizatzea ere. Sektoreko profesionalen eta Foru Administrazioaren arteko harremana erraztu nahi dugu. Horregatik, modernizazio prozesu bat daukagu esku artean, bi eremutan: Eguneroko lanerako erabiltzen ditugun sistema informatiko eta tresnak eta lehenengo sektorean lan egiten duten pertsonek Aldundiarekin harremanetan egoteko erabil ditzaketen teknologiak. Gure asmoa da Bizkaian lehenengo sektorean lan egiten duten gizon eta emakumeen bizi-kalitatea hobetzea eta lana erraztea. Gainera, azpisektoreko kontsulta-mahaiak jarri ditugu martxan harreman hori mantentzeko, sektorearen beharrizanen berri zuzenean eta lehen eskutik izateko. Gainera, plan integral bat landuko dugu Bizkaiko nekazaritza-elikagai produktu guzti-guztien ekoizpena eta merkaturatzea sendotu eta hobetzeko.

B.M.: Sail barneko baliabideen aprobetxamendu eta koordinazioaren adibide argienetako bat basoen arloa dela esan daiteke; Nekazaritza zuzendaritzak burutzen dituen jarduerek mendiak zaintzen laguntzen dute.

E.U.: Hori da zeharkakotasunaren adibide bat; horrelakoek bultzatu gintuzten Sail bakarra eratzeko erabakia hartzera. Arlo horretan, hondamendi naturalen egoeretarako planak eta neurriak landuko ditugu, baso-guneak berriztatzea sustatzeko egurra mugitzeko planak ezarriko ditugu. Aldi berean, basoak berriro betetzea bermatuko da eta basoetako suteen aurka martxan jarritako prebentzio neurriak hartzen jarraituko dugu. Gainera, baso-laguntzak lortzeko baldintza moduan jarriko dugu baso-ziurtagiria lortzea eta azpisektore horrekiko kolaborazioaren bidez baso-jarduera arloko praktika onak zabaldu eta arautu nahi ditugu. Eta batez ere, eta hau da legegintzaldi honetarako baso-arloko lan-ildo garrantzitsuetako bat, Mendien inguruko Foru Arauaren proiektua sustatuko dugu.

B.M.: Ba al dago arlo biek bat egiten duten beste gairik?

E.U.: Bai, badaude. Bestela, ez zen posible izango Nekazaritza eta Ingurumen Zuzendaritzak Sail bakar batean jartzea. Lehenengo sektoreko jarduerak berak gure natur ingurunearen zainketa eskatzen du. Gutxik baloratzen dute natura lehen sektoreko profesionalek bezain beste. Sektore horretako ekoizleak dira ingurua gehien zaintzen dutenak; beren ogibidea horren mende dago. Adibide zehatzak jartzearren, arlo bien arteko lotura oso argia da nekazaritza-ingurumen eta klima arloan onartutako neurrietan. Nekazaritza Zuzendaritzak kudeatzen duen Nekazaritza-garapenerako Planean onartu eta aurreikusi dira. Beste adibide bat jartzearren, Zallako Frutikultura Estazioak egiten duen lana aipatu dezakegu, bertako landareak berreskuratzeaz arduratzen baita. Mendi publikoak kudeatzen dituzten elkarteentzako gaixotasunak erauzteko laguntza-programak ere elkargunetzat har daitezke.

B.M.: Sail barneko kolaborazioaz eta kanpokoaz ere hitz egin duzu, hau da, Aldundiaren egituratik kanpokoaz. Baterako lana funtsezkoa al da markatutako helburuak lortzeko?

E.U.: Zalantzarik gabe. Koordinazioan sinesten dugu, eta era berean, sinergiak ezartzeko barne-kolaborazioa sustatzen dugu. Ziur gaude ekoizpen sektoreekin, elkarteekin eta erakundeekin batera lan eginez Bizkaia berdeago eta iraunkorragoa lortuko dugula. Markatutako bidean aurrera egiteko aukera izango dugu. Denon artean gehiago egiteko gai gara. Eta hobeto. Izan ere, gure lanaren ardatzetako bat herrialdeko gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea izango da.

B.M.: Zein norabide hartuko du erakunde arteko elkarlan horrek?

E.U.: Gure asmoa da orokorrean erakunde guztiekin harreman egonkorra izatea. Eta adibide konkretu batzuk jarriko dizkizut: Udal Sarearen irudia sendotuko dugu, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek Euskadiko udalerriekin batera parte hartuko dugun sarea. Eta Ura eta bestelako organoen aldetik ere parte-hartze handiagoa bilatu nahi dugu; honakoak sustatu nahi ditugu: Bizkaiko Iraunkortasun Kontseilua eta Batzar Nagusien eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko iraunkortasun politiken harreman, parte-hartze eta koordinazio organoa. Kontseilu hori gutxienez urtean behin deituko dugu Bizkaia 21 Programaren berri eta Bizkaiko iraunkortasun-adierazleen garapenaren berri emateko. Gutxienez urtean behin esan dut, izan ere, topaketa gehiago egin nahi ditugu kide guztiei eragiten dieten foru planen inguruko informazioa emateko. 

Animalia Basatien Berreskuratze Zentroa

Animalia basatiak babestu eta berreskuratzea Bizkaiko Foru Aldundia lantzen ari den gaietako bat da. 1999an Animalia Basatiak Berreskuratzeko Zentroa jarri zen martxan Gorlizen. 462 espezietako 12.796 animaliari eman zaie arreta bertan. Zentroan egon ezean, ez zuten naturan bizirauteko aukerarik izango. «Zentro hori biodibertsitatea mantentzeko tresnetako bat da. Era berean, ezagutzarako eta ikerketarako lekua da, animalia basatien egoerari buruzko informazio-iturri paregabea baita»; hala azaldu du Elena Unzuetak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Diputatuak. Gaineratu du legegintzaldian zehar zentroaren izaera ikertzaile eta hezitzailea sustatu nahi dutela.