EDITORIALA

Urte bat Bizkaiaren iraunkortasunean aurrera egiten jarraitzeko

Aurten etapa berri bati ekin diogula esan daiteke. Hala da Bizkaiko Foru Aldundian osatu dugun talde berriarentzat. Programatutako guztia gauzatzen hasiko den unea, bai Legegintzaldi Planean, baita aurtengo Aurrekontuetan programatutakoa ere. 2016a gure ibilbidearen lehen urte osoa izango da. Aldi honetan Bizkaia «lurralde berde» bihurtzeko apustuaren alde egiten jarraituko dugu, Bizkaian garapen iraunkorra ahalik eta handiena izan dadin.

Bide onetik goaz. Harro esan dezakegu «Estatuko Alemania txikia garela». Gure birziklatze-tasak Estatu osoko altuenak dira. Sortzen ditugun hondakinen %90a aprobetxatzen dugu. Onenen artean gaude, beraz. Eta ildo horretatik jarraituko dugu.

Aurten ere birziklatzen eta berrerabiltzen jarraituko dugu. Ingurumen arloko azpiegituretan inbertitzen jarraituko dugu. Gure hondartzen kudeaketa eta zerbitzua hobetzen saiatuko gara. Gure parke naturalak eta zainketa berezia eskatzen duten guneak kudeatzen, azken urteetan horietarako diseinatu ditugun neurriak aplikatuz. Gure basoak zaintzen jarraitzen.

2016an, egunero-egunero ibiliko gara bide horretatik. Bizi-kalitate hoberanzko bidea da. Gainera, funtsezkoa da gure Lurraldearen garapen ekonomikorako, «ekonomia berdea» deritzona garatzeko.

Lanean jarraituko dugu Bizkaian bizi-kalitatea, garapen ekonomikorako aukera eta enplegua sortzeko aukerak gure ingurumen eta naturguneen ongizatearekin bateragarriak izan daitezen. Eta erakunde guztiak egiteko horretan inplikatu nahi ditugu. Baita herritarrak ere. Denok jar dezakegu zerbait gure aldetik. Denok lagundu behar dugu Bizkaiko iraunkortasun kota horiek gora egin dezaten. Denon onurarako izango da. Horregatik, gure proiektuarekin bat egitera gonbidatu nahi zaituztet. Ez da soilik Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua, Lurralde honetan bizi garen pertsona guztiona baizik.

Elena Unzueta Torre

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko foru diputatua