Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Landederra

Bizkaiko Foru Aldundiaren zabalguneak

Bizkaiko Foru Aldundiaren zabalguneak

Bidezelaiko zabalgunea Durangoko udalerrian dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren ardurapean.

Durangoko ingurabidetik heltzen da bertara, Vitoria-Gasteiz norabidean, eskuinetara Orozketa auzorako irteera hartuta. BI-4331 errepidetik gora egingo dugu, larre berde eta baserri sendoen artean sigi-saga zabalak eginez, auzoaren goiko aldean Santiago ermitara heldu arte. Gaur egun, erortzeko zorian dago ermita hori.  Asfaltozko bidetik pinudi baten sarreraraino joango gara. Hemen hartxintxarrezko pista batetik jarraituko dugu eta kilometro bat baino gutxiagoan Landederrako zabalgunearen ondoan egongo gara.
 
Landederra zabalgunearen argazkia

Ekipamenduak


  • Aparkalekua

  • Aterpea edo estalitako gunea

  • Edateko uren iturria

  • Edukiontziak

  • Eguzki hondartzak

  • 4
    Erretegiak (kopurua)

  • Gerizpe guneak

  • Ikuspegi panoramikoa

  • 8
    Mahai kopurua

Oharrak

Zabalgunea sarbide pistaren eskuineko aldean dago; eta bertako instalazioak bi altueratan daude. Beheko aldean, harrizko lauzaz egindako bide estu batetik baserri itxurako aterpe batera joango gara.  Horrek bi gela ditu, mahai, eserleku eta tximiniarekin. Hori oso lagungarri izan dakiguke eguraldiak laguntzen ez badigu. 

Mahai eta erretegi gehienak ezpondaren goiko aldeko landa atsegin batean zehar banatuta daude. Orain dela gutxi hainbat zuhaitz landatu dira, eta etorkizunean itxura babestuagoa emango diote inguruari, eremu osoan itzala egongo baita.   

Aterpea itxita dago, baina giltza eska daiteke Durangoko udalean. 
 
Inguruetan egiteko bisita eta paseo hauek gomendatzen ditugu:
 
Santa Luzia auzoa 
 
Santa Luzia auzora hurbiltzeko, zabalgunetik beherantz egin behar dugu, 50 metro inguru, Durangorako norabidean. Horretarako, eskuineko aldean sortzen den lehenengo pistatik desbideratu behar gara (Orozketarako bidean). Ibilbide atsegina da eta durangar askok erabiltzen dute paseoan ibili edo kirol apur bat egiteko. Bide horretatik joanda, Santa Luzia auzo txikia ezagutzeko aukera izango dugu. Ondo zaindutako baserri multzo txiki bat da; Mugarra haitz ikusgarriaren ipar aurpegiaren itzaletan.    
 
Antzinatik, haitz horretara egiten zen igoera klasikoak Durangotik irten eta leku hori zeharkatzen zuen. Santa Luziako sakan malkartsutik gora, Mugarrekolandako zelai zabalak daude, eta bertatik, gailurretik zehar, tontorrera heltzen zen.  Gaur egun, basoko pista berriak eraiki dituztenez, errazagoa da haitzera heltzea, eta xarmaz beteriko ibilbide zahar hori ahaztuta geratu da mendizale askorentzat.
 
Mugarra eta Legarmendiko harrobiak
 
Zabalgunerako bidexkak gorantz jarraitzen du, gaur egun erabiltzen ez diren marmol harrobi zahar batzuen ondora heldu arte. Kareharri bloke handien artetik pasako gara, eskualdearen bista zoragarriez gozatzen dugun bitartean.
 
Harrobiaren alde batetik Legarmendiren erdigunera sartzen den bide estu bat doa, gorantz. Legarmendi Bizkaiko mendizerrarik eder eta era berean ezezagunetakoa da. Paisaia karstiko, malkartsu eta desordenatua da, zulo eta mendixkaz betea. Horien artean ibarbide estuak daude eta erraza da horietatik ibiltzea. Askotan, bide zaharren arrastoei jarraitu behar zaie.
 
Orozketa Auzoa
 
Zabalgunerako sarbidean Orozketa auzo txikia zeharkatuko dugu, larre berde eta zabalez inguratuta dagoena. Baserri ederrez osatutako multzo bat da, eskola zaharraren inguruan. Gaur egun, eskola zaharberrituta dago, eta auzokideentzako zentro soziala da. 
 
Merezi du baserri handi eta dotore horien artetik ibiltzea. Arkitektura bikainekoak dira. Horietako batek sari bat ere jaso zuen, zainketa eta mantenimenduarengatik, 1978an, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak emana. Gehienak harri-hormaz eraikita daude, arkuekin, leiho eta izkinak harlanduz eginda, eta fatxada nagusia hegoaldera orientatuta. Sarrerako arkuak zabalak dira, batzuek arku bikoitza ere badute, eta armarri ederrak aurreko aldean zizelkatuta.
 
Santiagoko Ermita 
 
Zabalgunetik behera, Orozketa auzorako sarbidea aurkituko dugu (1 km-ra).   Ermita txiki bat. Barrualdean erretaula bat dago, egoera onean, egur polikromatuan. Irudian Santiago agertzen da zaldi gainean, bere ezpata gerrian duela.  Ermita inguruetan haritz ederrez osatutako multzoa dago, eta horien itzalpean harrizko lauzaz eraikitako mahai zahar bat dago.
 
Mugarrikolandako Landak
 
Ibilbide hori egiteko, zabalgunera doan pistatik gora jarraitu behar dugu. 40 minutu igarota, Mugarra mendiaren hegalpeko argiune zabal batera helduko gara. Hortik, ezkerretara irteten den bide txiki batetik, Mugarrikolandako landetara igoko gara. Landa horien gainean dago mendi horren horma handia, eta bi barrunbe handi erraldoi irekitzen dira bertan, bi begi erraldoi balira bezala. Hurbileko iturri batean egarria ase ahal izango dugu, igotako malda gogorraren ondoren.
 
Mendian esperientzia handia duten pertsonek soilik egin dezakete aurrera amaieraraino, gailur harritsutik tontorreraino.
 

Datu Interesgarriak

Hurbil dauden nekazaritza-turismoko establezimenduak

Nekatur

Bisitak eta paseoak

Klimatologia

Euskalmet

Oharra

Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, sakatu esteka deskarga egiteko.

Gora

Ulerturta