Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Neberondo

Bizkaiko Foru Aldundiaren zabalguneak

Bizkaiko Foru Aldundiaren zabalguneak

Neberondoko zabalgunea Durangoko udalerrian dago, Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren ardurapean. 

Zabalgunera heltzeko, Durangoko Ezkurdi plaza izango da abiapuntua. Bertatik, San Agustinalde kaletik Arte eta Historia Museorantz abiatuko gara, eta bertan eskuinetara egingo dugu San Roke kaletik.  Ingurabidearen azpitik pasa eta malda handiko errepide estu batetik igoko gara, baserri eta larre artetik, San Andres auzoa (Iurreta) zeharkatuz.  Goiko aldean ermita txiki bat aurkituko dugu, eta ondoren, errepide estuaren ordez  hartxintxarrezko pista batek jarraituko du, eta pinudi batean sartuko gara. 600 metro egin ondoren, pista bitan adarkatzen da. Ezkerretik jarraituko dugu, beste adarkatze batera heldu arte (400 m). Kasu honetan eskuinetara jarraituko dugu, eta kilometro batez gora eginez, Neberondoko zabalgunera helduko gara.
 
Neberondo zabalgunearen argazkia

Ekipamenduak


  • Aparkalekua

  • Aterpea edo estalitako gunea

  • Edukiontziak

  • Eguzki hondartzak

  • 6
    Erretegiak (kopurua)

  • Gerizpe guneak

  • Ikuspegi panoramikoa

  • 7
    Mahai kopurua

Oharrak

Urkiolako Parke Naturalaren mugen barruan dago. Zabalgunearen sarreran dagoen informazio-panel batek inguru pribilegiatu honetan bete beharreko arau bereziak adierazten ditu. 

Zalantzarik gabe, elementu adierazgarriena elur-zuloa da, zabalgune honi izena ematen dion kupula itxurako eraikuntza bat. Inguruetan mahai eta erretegiak daude, lurraren irregulartasunak aprobetxatuta. Batzuk pinudiaren eta hesiaren artean daude. Hesi horrek pinu eta pagoz osatutako baso handi bat babesten du.  
 
Azken hori inguratuz eta horren ondotik doan bide belartsu batetik bajatuz, iturri batera helduko gara, ibarbide txiki baten hondoan dagoena. Bertan mahai eta erretegi batzuk daude. 
 
Aparkalekua bidean dago. 
 
Elur-zuloa bera aterpea da.
 
Inguruan egiteko bisita eta paseoak
 
Elur-zuloa 
 
Elur-zulo honen moduko asko egon ziren sasoi batean gure mendietan. Neguan egindako elurra gorde eta mantentzeko balio zuten. Horrela, inguruko herrietakoak izotza eskuratu zezaketen, denbora luzeagoan.
 
Elur-zulo horietako asko udalen jabetza ziren, eta horien ustiapena enkantean jartzen zen urtean behin. Horrela, errentariak langileak kontratatzen zituen, elur-zuloak bete, zaindu eta erosleentzako izotza mozteko lanak egiteko. 
Gaur egun, elur-zulo honen zulo sakona zigilatu egin da, eta goiko kupula, harlanduz eraikitakoa, aterpe bezala egokitu da. Barruan tximinia bat dauka erdian, eta hainbat eserleku inguruan. Guzti hori ate birakari batez babestuta dago, ganadua barrura ez sartzeko.  
 
San Andres Auzoa
 
Zabalgunera doan errepidea zelaian sakabanatuta dauden baserri sendoen artean doa. Zelai hori Mugarra mendiaren tontorretik Ibaizabal ibarrerantz bajatzen da. Goiko aldean, haritz multzo txiki baten itzalpean dagoen txoko atsegin batean, San Andres ermita aurkituko dugu, auzoari izena ematen diona. Leku eder honetatik Durangoko udalerriaren bista zoragarri batzuk izango ditugu.
 
Maiatzaren 9an, San Gregorio egunean, meza egin eta ura bedeinkatzen da. Abadeak zelaian bedeinkatzen ditu ereinotz adar baten bidez. Egun hori “arren eguna” izenez ezaguna da.
 
Mugarra mendia
 
Zabalgunea Mugarra mendi ikusgarriaren oinean dago. Irudi bereziki liraina dauka mendiak ekialdetik ikusita; mugarri erraldoi baten antzekoa. Iparraldeko aldean malda handia dago, zabalgunearen gainean bere handitasun osoan agertzen dena.
 
Zelai horretan badago gailurrera sigi-sagan igotzen den bidexka zahar bat. Mehatze-aho batzuk elkarlotzen ditu, harkaitzen artean kamuflatuta. Antzina minerala ateratzen zuten bertatik.
 
Horman arretaz begiratzen badugu, zulo txiki bat ikusiko dugu, eta horren ondoan, barrutik janda dagoen egurrezko egitura. Egitura horretan mantentzen zen mineralez kargatutako bagoiak jaisteko erabiltzen zen kablea.  
 
Eremurik zail, harritsu eta maldatsuenetan kantauriar artadi batzuk daude oraindik; jatorrizko basoaren hondarrak. Naturaren ikuspuntutik interesgarria da, baita utzita egoteagatik ere; izan ere, gaur egungo ezaugarri klimatikoak ez diren beste batzuk zeuden sasoian sortu zen.  
 
Horregatik, zuhaitz horiek moztu edo erretzekotan, berriro sortzea oso zaila izango litzateke, eta ekosistema hauskor eta baliotsu bezala mantendu beharko litzateke.  
 
Dolometa haztegirako paseoa 
 
Zabalgunearen beheko aldetik baso-pista batetik jaitsi gaitezke hurbil dagoen Dolometako haztegira. Pistatik 10 minutu edo ibilita, hartxintxarrezko pista zabal batera helduko gara, eta bertan ezkerretara egingo dugu. 300 metro aurrerago, bidegurutze bat aurkituko dugu eta eskuinetara jarraituko dugu, jaitsiera suabea duen bidetik haztegiko instalazioen ingurura bajatu arte.   Leku honetan baso-etxe bat dago, eta aurrean, aska bat, iturri eta errotarriz egindako mahai bat.
 
Inguru osoan genero desberdinetako espezieak daude landatuta. Aniztasuna da azpimarragarriena, eta ez zaigu zaila izango haritz arrunt eta amerikar batzuk antzematea; baita urkiak, lizarrak, altzifreak, izeiak, laritzak eta abar ere. Zuhaitzei buruzko gida erraz batek lagunduta, inguruan dauden espezie exotikoak eta bertakoak identifikatzen ikasteko aukera izango dugu.
 
Kantauriar artadia 
 
Baso horretara heltzeko zabalgunea zeharkatuko dugu, alanbre-hesiaren ondotik. Ezkerretara bajatzeko biratzen duen puntutik, zoruan “mugarri” handi bat aurkituko dugu, Izurtza eta Durangoko lurrak mugatzen dituena. Horien inizialak harriaren alde bietan daude grabatuta.
 
Suebaki belartsu bat gurutzatu eta pinudian sartuko gara aurrez aurre. Pinudiaren amaieran amaitzen da pista ere. Leku honetan hasten da kantauriar artadia. Bere hostotza itxiak ez du ia lekurik uzten barrutik ibiltzeko, eta ganadu-bide txiki batzuk baino ez daude landaredi itxi horretan zehar.
 
Baso horiek gure mendietako hegal eguzkitsuenetan hazten dira, eta leku malkartsu eta babesgabeenak betetzen dituzte. Arteak ez du lurzoru aberats eta sakonik behar garatzeko. Eguraldiari ondo eusten dio; hotzari, euriari, lehorteei eta baita bero handiari ere. Duela ez asko, artadiek gure harkaitz eremuetan hedadura handia betetzen zuten. Gizakia soilik izan da bere domeinuak kentzeko gai.
 

Datu Interesgarriak

Hurbil dauden nekazaritza-turismoko establezimenduak

Nekatur

Bisitak eta paseoak

Klimatologia

Euskalmet

Oharra

Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, sakatu esteka deskarga egiteko.

Gora

Ulerturta