Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Bilboko Burdin Hesia, Munarrikolandan

Kultura baliabide nabarmenak - Burdin Hesia

Burdin Hesia

Orain dela 75etik gora urte, gerra odoltsua hasi zen, eta indarkeria handiz astindu zuen gure lurraldea: gerra zibila. Gaur egun, oraindik ere, Bilboko Burdin Hesia osatzen zuten gotorleku militarren aztarnak daude ikusgai.
Armada frankistak jarri zion izen hori, benetako izena “Bilboko Hesia” edo "Bilboko Defentsa Hurbila" bazen ere. Beraz, babes-lerro militarra zen, eta lehenengo Eusko Jaurlaritzak sortu zuen, Bilbo eta inguruak defendatzeko asmoz.

Burdin Hesiaren trazatua kostaldean hasten zen, eta honako udalerri hauek zeharkatzen zituen: Zierbena, Abanto, Muskiz, Galdames, Gueñes, Sodupe, Gordexola, Okondo, Laudio, Arrankudiaga, Ugao-Miraballes, Arrigorriaga, Galdakao, Larrabetzu, Gamiz-Fika, Mungia, Loiu, Gatika, Laukiz, Urduliz, Berango, Sopelana eta, hesiaren amaieran, Getxo eta Barrika.

Munarrikolanda mendigune txikian, obra militar handi honen aztarnak daude, eta Munarrikolandako Trikuharrien Ibilbidean zehar bisitatu ahal izango ditugu.

Sancho de Beurko elkarteak Burdin Hesiari buruzko azterketak egin eta jakintzak zabaltzen ditu, hesia bera balioesteko asmoz. Horrela, bada, zenbait jarduera garatu ditu eskualdean Sopelanako eta Berangoko udalekin batera. Jarduera horien artean, “El último día del Cinturón de Hierro” film laburraren emanaldia eta Burdin Hesiaren aztarnak ezagutzeko bisitaldi gidatuak nabarmendu behar dira. Horrez gain, Berangoko erdialdeko Berangoeta gelako erakusketa-aretoan, erakusketa grafikoak, materialak eta tresnak daude ikusgai. Eurei esker, Burdin Hesiaren jatorria eta funtzionamendua ulertu ahal izango ditugu. Burdin Hesiaren Memorialaz ari gara..

Bestetik, gailur horretatik, ikusmira zoragarriez gozatu ahal izango dugu: Jata mendia; Gorlizko kostaldeko mendiak eta Billanoko itsasargia; Urduliz, Sopelana, Berango zein Getxoko udalerriak; itsasadarreko ezkerraldeko mendi ugari (Luzero lurmuturra, Serantes, Trianoko mendiak…). Era berean, Munarrikolandako gune megalitikora ere joan ahal izango gara bertatik.

Munarrikolandako sarbide nagusiak Sopelanan eta Berangon egongo dira. Sopelanatik joateko, hilobi historikoen ibilbidea hartuko dugu (5 km). Horretarako, Urko kiroldegitik irtengo gara Mendibeko estratan zehar, eta gailurreria horrekin bat egingo dugu Goierrin. Aurrera jarraituko dugu, harik eta Munarrikolandako bunkerrera iritsi arte, eta Pozozabalen amaituko dugu (Erandioko udalerria). Ibilbide hori bizikletaz ere egin ahal izango dugu.

Berangon bertan, Burdin Hesia Interpretatzeko Zentroa dago, eta, bertatik, mendigune txikira iristeko orduan, industrialdetik irtetea izango da egokiena. Hasieran asfaltatuta dagoen mendi-bidea hartuko dugu Infernuetaraino. Mendigune txikia zeharkatzeko, bidezidor nabarienetik jarraituko dugu Munarrikolandako bunkerreraino, eta Pozozabalen amaituko dugu ibilbidea (Erandioko udalerria).
Beheko irudian, Berangoko udalerrian balioan jarritako metrailadorearen habia ikus dezakegu

 

Lekupena

Berango, Sopelana

Datu interesgarriak

GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko zenbait linea. A-3531. Sopelana-Mungia-Gatika. Gatzarriñeko geltokia, Larrabasterrako metro-geltokiaren alboan.
A-3451 Areeta-Armintza. Urgitxietako geltokia. Urko kiroldegitik metro gutxira.

Metroa: Larrabasterrako geltokia. Urgitxieta kalerantz irten eta kiroldegiraino joango gara.

ERREPIDETIK
Bilbotik joateko, BI-637 errepidea hartuko dugu lehenengo; eta, ondoren, BI-634 errepidea, harik eta Sopelanara iritsi arte. Errepide hori utzi eta udalerrian sartuko gara Arabetan zehar, eta metroko trenbideak gurutzatuko ditugu.

Erantsitako agiriak

Materiala eta estekarak

Gora

Ulerturta