Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Barakaldoko Santa Agedako erromeria

Kultura baliabide nabarmenak - Ondare ez-materiala

Ondare ez-materiala

Urtero, otsailaren 5ean, Santa Agedako erromeria tradizionala egiten da Arroletza mendiko magalean. Barakaldoko oso jai jendetsua da, udalerriko Urgozoko Las Delicias auzoko goiko aldean santa horren omenezko tradizio handiko baseliza dagoelako.

Tradizioaren arabera, egun horretan baselizaraino prozesioan igo beharra dago Alonsotegitik eta Barakaldotik. Alonsotegitik, prozesioa Urgozorantz abiatzen da, eta, gero, Arroletza mendiko magalean gora egiten du Santa Ageda auzoraino. Barakaldotik, ordea, Gurutzetatik igotzen da Basatxun zehar, baselizara iritsi arte. Bi bideek kostaldeko Santiago bidearekin bat egiten dute.

Santaren eguna baselizaren inguru antolatutako dibertsioaz ospatzen da. Bertan, hain zuzen ere, nekazaritzako produktuak eta ohiko elikagaiak jartzen dituzte salgai era guztietako saltokietan; esate baterako, anis-erroskillak. Hogeita hamarretik gora ekoizle ehunka bisitariren zain daude bertan, eta, horrez gain, erromeriaz zein dantza tradizionalez gozatzeko aukera ere badute. Barakaldoko eta Alonsotegiko bizilagunak ez ezik, inguruko udalerrietakoak be hurbiltzen dira bertara; Bilbokoak, esaterako.

Erromeria, gainera, otsailaren 4aren aurretiko eta hurrengo igandeetan ere egiten da. Egun horretan, Bizkaiko beste herri askotan bezala, lagun-taldeak Santaren omenezko koplak abestera irteten dira, euren ahotsen eta zorua erritmoz kolpatzen duen makilaren soinuaren laguntzaz.

Antza denez, baseliza hori gutxienez XVI. mendearen amaierakoa bada ere, gaur egun zutik dirauen eraikina XVIII. mendean egindako eraldaketaren emaitza da. Edonola ere, jatorrizko zenbait elementu ere badauzka oraindik: Santiago Matamorosen behe-erliebeko irudia, besteak beste. Handik hurbil, Kastrexanarako bidean, Erdi Aroko antzinako galtzadaren aztarnak daude, eta deabruaren zubia Santa Ageda auzoarekin lotzen zuen harrizko antzinako bidearen osagaia da galtzada hori. Santiago bideko kostaldeko ibilbideak bide hori zeharkatzen du Bilbo eta Barakaldo artean.
 

Lekupena

Barakaldo

Datu interesgarriak

GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko A3151 Santurtzi-Bilbo linea.
Trena: FEVEko Bilbo-Balmasedako linea. Kastrexanako geralekuan jaitsi eta Las Delicias auzoko betiko bidean gora egingo dugu Santa Agedaraino.
Autobusa: Bilbobuseko 88. linea.
Metroa: Gurutzetako geltokian jaitsi eta betiko bidean gora egingo dugu oinez.

ERREPIDEZ
Egun horretan, ibilgailuen zirkulazioa eteten da, igoeran erromesak babestuta egon daitezen. Hori dela eta, ibilgailua auzokideek bakarrik erabili ahal izango dutenez, hobe da garraio publikoa hartzea betiko bideetako abiapuntuetaraino.
 

Erantsitako agiriak

Barakaldoko Santa Agedako Erromeria. J.I. Homobono. Eusko Ikaskuntza. (175,49 KB)

Materiala eta estekarak

Gora

Ulerturta