Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Santurtziko Kornite erromeria

Kultura baliabide nabarmenak - Ondare ez-materiala

Ondare ez-materiala

Kornite Erromeria Pazko Astelehenean egiten da Santurtzin. Udalerrian oso errotuta dagoen jaia da, eta udalerriko zaharrenen oroimena iristen ez den garai batean du jatorria. Erromeria horretan, Serantes mendira igotzen da jendea, oinez, zaldiz edo bizikletaz.

Izena “kornite” izeneko opil tradizionaletik datorkio. Izan ere, erromeria-egunean jan ohi zen opil hori mendian. Ogi puntazorrotz txiki bat da (ritxi), txorizoz, arrautza egosiz edo bi horiez betea (txorizoa eta arrautza opil barruan egosten dira).

Bada etxean bere kornitea egiten duenik ere, baina gehienek udalerriko okindegietan edo erromeria-egunean mendian jartzen diren postuetan erosi ohi dute opil bitxi hori.

Hainbat hipotesi daude jai horren jatorria zein den azaltzeko: batzuen ustez, aitabitxi eta amabitxiek semebitxi edo alababitxiei Pazko Astelehenean egiten zieten oparia zen, eta beste leku batzuetako opariarekin pareka daiteke, hala nola Debako pazko-opilarekin edo karapaixoarekin, Elgetako garipauarekin, Busturialdeko eta Durangaldeko mokotzarekin eta abar. Dirudienez, amabitxiek etxean oratu eta laberatutako kornite bat oparitzen zieten semebitxi edo alababitxiei. Hortaz, familia osoa opariaz gozatzeko lekua zen Serantes mendia. Izan ere, antzina, Pazko Astelehena jaieguna ez zenean, Santurtziko haurrak amarekin eta amabitxiekin igotzen ziren Serantes mendira, eta arratsaldea ematen zuten bertan, opil preziatua jaten, jolasten eta dantzatzen.

Ogia arrautzarekin eta txorizoarekin betetzeko ohitura oso antzinakoa da, eta Euskal Herriko beste leku askotan ere ohitura bera dute. Baliteke ohitura horren jatorria ugalkortasunarekin zerikusia duten tradizio zaharrak izatea, edota garizuman haragia jateko kristau-debekua.

Kornitearen eguna ondoko Zierbenako udalerrian ere berreskuratzen hasi dira. Kasu horretan, Luzuero mendira igotzen dira.

Lekupena

Santurtzi, Serantes mendia

Datu interesgarriak

GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibus, 3151 linea (Santurtzi-Bilbo).
Trena: Renfe, C1 linea.
Metroa: 2. linea (Basauri-Kabiezes), Santurtziko geltokia.
Zabalgunera iristeko, Santurtziko Mamariga auzotik abiatu behar da, Vista Alegre kalea hartuta. Santurtzitik, ordubete inguruko igoera da.

ERREPIDETIK:
A-8 autobidean, Ortuella/Trapagaran/Santurtzirako irteera hartu behar da lehenik eta behin, eta Santurtzirako irteera ondoren.

Materiala eta estekarak

Gora

Ulerturta