Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Munarrikolandako trikuharrien gunea

Kultura baliabide nabarmenak - Arkeologia interesguneak

Arkeologia interesguneak

Sopelana, Berango eta Urdulizko udalerrien arteko banalerroa den mendigune txikian, monumentu megalitikoek zein aire zabaleko kokalekuek osatutako multzoa dago ikusgai. Bertan, hain zuzen ere, 7 monumentu megalitiko daude lekuratuta Munarrikolanda mendigune txikian zehar (Berango-Sopelana).

Trikuharriak hileta-monumentuak dira, eta ganbera zein tumulua dituzte osagai. Ganbera egitura nagusia da, lurzoruan iltzatutako harri handiak ditu inguruan eta gorpua gordetzen zen bertan. Tumulua, ordea, ganbera hori estaltzen duten harriek eta lurrak osatutako multzoa da.

Gune hau 1964. urtean aurkitu zuten P.M. Gorrochateguik eta J. Sarachagak, Munarrikolandako II. trikuharria aurkitu zutenean (Berango). Mendigune txikian egindako osteko prospekzioetan, honako hauexek katalogatu ziren: Saierriko tumulua (Sopelana), Saierrikolandako I. trikuharria (Berango), Saierrikolandako II. tumulua (Berango), Munarrikolandako I. trikuharria, Munarrikolandako III. tumulua (Berango), Saierriko (Sopelana) eta Munarrikolandako (Berango-Urduliz) atari zabaleko kokalekuak, Goikoganako trikuharria edo M2 (Berango) eta M1 (Berango-Urduliz) zein M3 (Berango-Urduliz) kokalekuak. Azkenik, orain dela gutxi, tumulu-egitura berria sartu dute gunean bertan: Saierri Muinoako tumulua (Sopelana).

Balio handiko gunea denez, Eusko Jaurlaritzak ondasun kultural izendatu zuen. Horrez gain, babesteko eta jakitera emateko asmoz, prebentzioz artatzeko eta seinaleak jartzeko proiektua garatu da. Horren ondorioz, seinaleak eta hiru interpretazio-panel dituen trikuharrien ibilbidea sortu da (Pozozabale, Sopelanako kiroldegia eta Berangoko hilerria).

Munarrikolandako trikuharrien ibilbideko sarbide nagusia Sopelanan dagoen arren, Berangotik ere iritsi ahal izango gara bertara.
Sopelanatik joateko, hilobi historikoen ibilbidea hartuko dugu (5 km). Horretarako, Urko kiroldegitik irtengo gara Mendibeko estratan zehar, eta gailurreria horrekin bat egingo dugu Goierrin. Aurrera jarraituko dugu, harik eta Munarrikolandako bunkerrera iritsi arte, eta Pozozabalen amaituko dugu (Erandioko udalerria). Ibilbide hori bizikletaz ere egin ahal izango dugu.

Berangotik, mendigune txikira iristeko orduan, industrialdetik irtetea izango da egokiena. Hasieran asfaltatuta dagoen mendi-bidea hartuko dugu Infernuetaraino. Mendigune txikia zeharkatzeko, Bidezidor nabarienetik jarraituko dugu Munarrikolandako bunkerreraino, eta Pozozabalen amaituko dugu ibilbidea (Erandioko udalerria).

Hona hemen gailur horretako beste elementu interesgarri batzuk: Jata mendiak eskainitako ikusmira zoragarriak; Gorlizko kostaldeko mendiak eta itsasargia; Urduliz, Sopelana, Berango zein Getxoko udalerriak; itsasadarreko ezkerraldeko mendi ugari (Luzero lurmuturra, Serantes, Trianoko mendiak…); eta Bilboko Burdin Hesiaren aztarnak.

Lekupena

Sopela, Berango

Datu interesgarriak

GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko zenbait linea. A-3531. Sopelana-Mungia-Gatika. Gatzarriñeko geltokia, Larrabasterrako metroaren ondoan.
A-3451. Areeta-Armintza. Urgitxietako geltokia. Urko kiroldegitik metro gutxira.

Metroa: Larrabasterrako geltokia. Urgitxieta kalerantz irten eta kiroldegiraino joango gara.

ERREPIDETIK
Bilbotik joateko, BI-637 errepidea hartuko dugu lehenengo; eta, ondoren, BI-634 errepidea, harik eta Sopelanara iritsi arte. Errepide hori utzi eta udalerrian sartuko gara Arabetan zehar, eta metroko trenbidearen gainetik pasatuko gara.

Erantsitako agiriak

Materiala eta estekarak

Gora

Ulerturta