Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Area tematikoak

  • Egilea: EVE
  • Editorea: EVE
  • Area Tematikoa: Ingurumen arloko iraunkortasuna
  • Azpiarea: Ingurumen arloko baliabideak
  • Hizkuntza: Euskara
  • Formatua: Ikus-entzunezkoa

Itsas energia: olatuen energiaren ustiapena Euskadin

Adobe Flash Player Lortu

Euskadin Olatuen energiaren ustiapenaren inguruko azalpen bideoa.

Transkripzioa

Transkripzioa:

Lurra eguzki sistemako planeta bakarra da ura egoera likidoan iraunkorki edukitzeko gai dena. Gainazalaren %70-a baino gehiago urez estalita dago eta %97 itsasoei dagokiena da. Bere ezaugarriengatik itsasoa energia edukiontzi erraldoia da. Energia iturri gisa duen potentzial guztia ustiatzeak aukeraz beteriko etorkizunera hurbiltzen gaitu.

Itsas energia funtsean gradiente termiko ozeanikoan, mareetan ,itsaslasterretan eta olatuetan jartzen da agerian.Energia oparoa, etengabea eta agortezina da. Beraz ustiatzen potentzial bikainekoa.

Energia termiko ozeanikoa: maremotermikoa

Itsas energia mota desberdinak daude: energia termiko ozeanikoa edo maremotermikoa itsas azaleko eta itsas hondoko tenperatura aldeaz baliatuz sortzen da. Teknika hau, sakonera handia eta urte osoan eguzkiaren eragin nabarmena duten itsasoetan baino ez da erabilgarria.
Mareen eta itsaslasterren energia: Mareomotriza

Mareen eta itsaslasterren energia edo energia Mareomotriza itsasgora eta itsasbeheraren artean sortutako itsaslaster eta ur masak aprobetxatuz sortzen da. Teknika hauek erabili ahal izateko mareen arteko maila desberdintasun handia eta itsaslaster indartsuak behar dira. Munduko leku gutxitan betetzen diren bi baldintza.

Olatuen energia: Undimotriza

Olatuen energia edo undimotriza haizeak itsas azalean eraginez sortzen da.Kantauri itsasoak batez beste ia 3 metroko olatuak altxarazten ditu eta Euskadik energia mota hau potentzial handia du. 150 km baino gehiagoko kostarekin eta gaurko teknologiaz baliatuz urtean 2.000 GW/h inguru lor daitezke , hau da, gure energia elektrikoaren eskari osoaren %10a. Beraz olatuen energia iturri alternatibo garrantzitsua da Euskadirentzat eta apustu estrategikoa Energiaren Euskal Erakundearentzat.

Gaur egun olatuen indarra energia bihurtzeko teknika ugari eta garapen maila desberdinekoak daude. Sistema erabilienak lau dira:

Kaptadore moteltzaileko sistema olatuen gainean gora eta behera dabilen egitura flotagarria da. Eragindako mugimendu kulunkaria energia elektriko bihurtzeko gai dena. Pelamis deritzon bihurgailua sistema moteltzailearen adibidea da.

Olatuen gainezkatze sistemaren bidez maila jakin bat gainditzen duten olatuen ura urtegi batera jasotzen da eta ur-uste prozesu bat dela medio energia elektrikoa sortzen da. WaveDragon dispositiboak oso modu eraginkorrean erabiltzen du sistema hau.

Kaptadore puntualeko sistemak hainbat forma eta metodo ditu, baina oinarria beti da berbera, egitura flotagarri bat ur azalaren gaineko edo barneko mugimenduen bidez norabide guztietatik datorren energia jasotzen duena. OPT-ren itsas builak sistema hau erabiltzen du eta garapen maila nahiko aurreratuan dago.

OWC sistema edo ur-zutabe oszilatzailea olatuen energia ustiapenerako teknologiarik helduena erabiltzen duena da. Sistema erraza da, baina oso eraginkorra. Itsas ertzean kamera gisako eraikina barnean zenbait turbina dituena. Olatua datorrenean, ura kameran sartu eta barneko airea konprimitzen du ondoren goiko zulotik presio handiz ateratzeko. Igarotzean turbina higiarazten du eta honek alternadoreari eragiten dio era honetan energia elektrikoa sortuz. Olatuak atzera egitean zulo beretik airea xurgatu eta berriro eragiten dio turbinari mugimendu konstantean energia etengabe sortzeko. Sistema honen fidagarritasun teknikoak eta Euskal kostaldearen ezaugarrietara ondo egokitzeak, Energiaren Euskal Erakundea Mutrikuko planta berrian Wavegen teknologia honen aldeko apustua egitera bultzatu dute.

Euskadiko energia estrategia

Proiektu hau Euskadiko Energia Estrategiaren barruan dago, energia eraginkortasuna eta energia baliabide berriztagarrien ustiapen egokiena sustatzeko. 2010erako helburua da energia horniduraren eskari osoaren %12 baliabide berriztagarrien bitartez betetzea. Inbertsioen aurreikuspena 1.083 milioi eurokoa da, hauetatik 15.000.000 euro olatuen energia ustiatzeko instalazioen garapenera bideratuko dira.

Mutrikuko energia proiektua alor honetan aitzindaria da mundu osoan. Europan OWC sistemako beste bi ustiapen instalazio daude biak prototipoak eta funtzionamendu mugak dituztenak. Mutrikuko instalazioa multiturbina konfigurazioa duen lehena da. Instalatutako potentzia 296 kW da. Bere egiturazko diseinu trinkoari esker eskatutakoak baino ingurumen prestazio hobeak ditu. Instalazioaren produkzio elektrikoaren aurreikuspena urtean 600.000 kW/h da eta 600 tona CO2 atmosferara igortzea saihestuko da. 80 hektareako baso baten arazte efektuaren parekoa , alegia . Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herrilan Sailaren lankidetza ezinbestekoa izan da Mutrikuko portuko babes dike berrian kokatu ahal izateko. Instalazioak 100 metroko saila hartzen du dikearen kanpoaldean eta bertan erabat integratuta dago. Instalazio honen xedea aurrerapen tekniko berriei ateak irekitzea da eta itsasoaren ustiapenak hobetzea dagoeneko errealitate gisa barrundatzen ari garela.

Energiaren Euskal Erakundeak energia iturri honen garapenean duen konfiantza eta konpromiso irmoa, BIMEP edo Biscay Marine Energy Platform proiektuan islatzen da. Olatuen energia bihurgailu sistemak garatu eta ikertzeko itsas azpiegitura handia. Euskadi , itsas energiaren alorrean mundu osoan erreferente izateko helburuarekin.

Energia iturri berri hau abian jartzea erronka ez ezik aukera berria ere bada, Euskadiko industria sare osoarentzat. Hainbat produkzio sektore baitira beharrezkoak teknologien garapenean inplikatuta daudenak.

Baliabide autoktono berriak ustiatzen dituen energia iturria, Hazkunde ahalmen handikoa, berriztagarria, eraginkorra eta garbia. Honelakoxea da olatuen energia. Urrats handia Euskadiren Energia garapen iraunkorrerako.

Deskargatu artxiboa (10,58 MB)

Ulerturta