Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Rio-ko Biltzarra eta Tokiko Agenda 21

Rio-ko Biltzarra 1992an

1992an Río de Janeiron egin zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Batzarrak, "Lurrari buruzko Goi Bilera" ere deitzen zaionak, garrantzi politikoa eman zion "garapen iraunkorra" terminoari. Batzar hartan lehen aldiz onartu zen, nazioarteko maila emanez, estrategia globalerako oinarrizko dokumentu bat: Programa 21 delakoa, ingurumen politika egituratua eta globala, gaur egun planetan dauden biztanleak ez ezik etorkizuneko belaunaldiak ere kontuan hartzen dituena, eta programa horren garapenean eginkizun erabakigarria dute tokiko erakundeek edo eskualdekoek.

"Garapen iraunkorra" kontzeptuak lotura egiteko aukera eman zuen ingurumen babesaren eta garapen orokorraren artean. Aldi berean, garapen iraunkorra ez da mugatzen ikusmolde lauso edo adierazpen huts batera; izan ere, ingurumen ikuspegiaren eta ikuspegi sozial, ekonomiko eta kulturalaren arteko elkarreraginak integratutako ekintza-plan multzo bat ekar dezake emaitza gisa. Plan horiek adierazleak dituzte oinarri, eta horiek erakutsiko dute zenbaterainoko integrazio-maila duen erakunde batek bere gizarte-inguruarekin eta ingurumenarekin, baita bideragarritasun ekonomikoarekin ere.

Argiago esanda: garapen iraunkorra da gaur egungo gizateriaren ongizate iraunkorra bermatu dezakeen bakarra. Bistan dago, beraz, garapen iraunkorraren lau ikuspegi edo zutabe horietako batek huts egiten badu, hazkunde harmonikoa ezin gauzatuzko utopia bihurtzen dela.

Urtea Mugarri Historiko Nagusiak
1972 Estockholmeko Biltzarra, giza ingurumenari buruzkoa. Mundu mailan lehenengo aldiz agertu zen ingurumen-arazo globalei buruzko kezka; Mundu Biltzarrean eta Erromako Klubaren txostenean, "Hazkundearen mugak" izenekoan.
1992 Rioko Biltzarra 1992an; Lurrari buruzko Goi Bilera. Agenda 21 eta Tokiko Agenda 21; gobernuen arteko akordio zabala garapen iraunkorraren aldeko ekintza-plan globalari buruz. Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Batzordea sortu zen.
1997 Río+5. ezohiko goi bilera. New York. 1992an Rioko Biltzarrean ezarritako helburuen berrikuspena.
2002 Río +10. Mundu Batzarra; Lurrari buruzko II. Biltzarra. Johannesburgo-Hegoafrika.
2007 Río + 15 Yakarta (Indonesia).
2012 Rio + 20 Río de Janeiro (Brasil).

Tokiko Agenda 21

Plangintza-tresna hau borondatezkoa da eta "Rioko Batzarrean" (1992) sortutako "Programa 21" delakotik etorri zen. Iraunkortasunaren printzipioak ezarri nahi ditu, tokiko mailan garatu beharreko ingurumen politikak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak bilduko dituen plan estrategiko bat zehaztuz, betiere ikuspegi globala ahaztu gabe ("globalki pentsatu, tokian jardun").

Plan Estrategiko hori sortzeko, ardura politikoa eta teknikoa duten pertsonek, tartean dauden eragileek eta herritarrek parte hartu eta gogoeta bateratua egin behar dute.  Izan ere, erantzukizun partekatua eta lankidetza oinarrizko printzipioak dira tokiko mailan garapen estrategia iraunkorrak ezartzeko.

Tokiko Agenda 21 horren baitan dauden prozesuak gauzatzeko, Ekintza Plan bat abiarazten da giza ingurunean garapen iraunkorra ezartzea lortzeko.

Urtea Mugarri Historiko Nagusiak
1994 Europako Hiri Iraunkorren Lehen Biltzarra. Aalborg (Danimarka). Aalborgeko Gutuna; Hiri eta Herri Iraunkorren Europako Kanpaina.
1996 Europako Hiri Iraunkorren Bigarren Biltzarra. Lisboako Jarduera Plana
2000 Europako Hiri Iraunkorren Hirugarren Biltzarra. Hannover-eko Deia
2004 Europako Hiri Iraunkorren Laugarren Biltzarra, Aalborg+10, Hiri eta Herri Iraunkorren Europako Kanpainaren hamar urteak markatzen dituena.
2007 Europako Hiri Iraunkorren Bosgarren Biltzarra, Sevilla.

Erlazionatutako Loturak

Gora

Ulerturta