GURE UDALERRIETAKO BERRIAK
Etxebarri
San Antonio auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten hasi da Etxebarriko Udala. Lehenik eta behin, auzora igotzeko arrapala mekanikoak jarri dira Andaluzia kalean. Neurri hori Tokiko Agenda 21ean jasota dago eta helburua herriko zerbitzu publiko eta denda askorekiko lotura hobetzea da. Gainera, Metro Bilbaoko 3. linean egingo den igogailurako sarbide nagusia izango da. Halaber, espaloiak zabaldu eta energetikoki eraginkorrak diren argiak jarriko dira.
Bilbao
Berdintasun politiken ildoan, Bilboko Udalak abian jarri du Gizon eta Emakumeen Arteko Berdintasunaren Aldeko IV. Udal Plana. Hiru urteko plana da, 55 helburu eta 98 ekintza zehatz jasotzen ditu eta Gazteria Sailarekin nahiz beste hezkuntza eremu batzuekin elkarlanean egin da. Planaren helburu nagusia Bilboko gizartearen balioak aldatzen laguntzea da, eta bi lehentasun ditu: emakumeen segurtasuna eta genero indarkeria.
Ispaster
Udalerriko basoetako biomasa baliatuz ura berotzeko eta banatzeko sistema bat jarri du abian Ispasterko Udalak. Sistema berriaren lehen onuraduna ikastetxea izango da, baina helburua datozen urteetan beste eraikin publiko batzuetara hedatzea da, hala nola udaletxera, haurtzaindegira eta jantokira. Bizkaiko Foru Aldundiak Agenda 21etako energia iraunkortasun ildorako ematen dituen diru-laguntzen bidez finantzatu da, besteak beste.
Santurtzi
Arrantzale auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanei esker, mugikortasun murriztua duten pertsonak, haur kotxeak, erosketetarako orgak eta bizikletak inolako arazorik gabe ibili ahalko dira auzoan. Sigi-saga doan arrapala batek Mamariga auzoarekin lotuko du herriaren beheko aldea. Bide batez, hobekuntza handiak egingo dira saneamendu, komunikazio eta argiztapen sarean. Azkenik, lorategiak hobetu eta hiri altzari berriak jarriko dira. Lanen aurrekontua 1,2 milioi eurokoa da.
Gernika-Lumo
Udalak Gernika-Lumoko bidegorrien lehen zatia egiteko lanei ekin die. Udalerriko zerbitzu eta eraikin nagusiak lotuko dituen bidegorri zirkularra izango da, eta zatika egingo da, dagoen diruaren arabera. Orain egiten hasi dena bidegorriko lehen zatia da, Mestikabaso eta Iparragirre artekoa. 45.000 euroko inbertsioa egingo da hasierako lan horietan. Horrela, udalak zati batean erantzuten dio herritarrak aspalditik egiten ari ziren eskaera bati.
Berriz
Uztaileko udalbatzarrean Berrizko Udalak EVErekin eta HAZI fundazioarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea erabaki zuen, udalerriko baso oparoen bidez energia sortzeko. Hitzarmenaren helburuak honako hauek dira: energia eraginkortasuna sustatzea, erabiltzen diren erregaiak dibertsifikatzea eta energiaren arloko kostuak gutxitzea. Halaber, berotegi efektuko gasen igorpenak murriztu eta enplegua sortuko da udalerrian.