JARDUERAK
Aktibatu + eskola programa
Aktibatu + eskola programaren edizio berria abian da parte hartzen ari diren eskualdeetako 19 ikastetxeetan (*). Irakasleek prestakuntza ikastaroak egin ondoren, ikastetxe batzuk energia gaur egun nola kudeatzen duten aztertzen ari dira (Busturialdea-Urdaibai eta Uribe Kosta), eta beste batzuk erosketak eta hondakinak nola kudeatzen dituzten (Arratia, Lea-Artibai eta Nerbioi-Ibaizabal).
Aktibatu + programak ingurumen iraunkortasunaren aldeko lanean herritarren parte-hartzea sustatzea du helburu. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin, Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE), Eroski Taldearekin, Garbiker Sozietate Publikoarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Metro Bilbaorekin elkarlanean garatzen ari da.
Nazio Batuek sustatutako GAP (Global Action Plan) nazioarteko programan oinarrituta dago. Programa horrek pertsonen ohiturak aldatzeko ideia errazak eta ekintza praktikoak proposatzen ditu, planetan duten eragin kaltegarria apaltzeko helburuarekin eta etxeko eta tokiko ekonomia sustatzearekin batera.
(*) Parte hartzen ari diren ikastetxeak
Uribe Kosta: Berangoko eskola (Berango); Busturialdea-Urdaibai: San Frantzisko LHI (Bermeo), Eleizalde ikastola (Bermeo), Sagrado Corazón ikastetxea (Bermeo), J. M. Uzelai (Busturia), Montorre LHI (Gautegiz-Arteaga), Gernika BHI (Gernika-Lumo), Sta. Mª del Socorro-Mertzede ikastetxea (Gernika-Lumo), Seber Altube ikastola (Gernika-Lumo), San Fidel ikastola (Gernika-Lumo), Mundaka LHI (Mundaka), Urretxindorra LHI (Muxika); Arratia: Dimako eskola (Dima); Nerbioi-Ibaizabal: IPI Soloarte (Basauri), Eguzkibegi ikastola (Galdakao), Etxebarri BHI (Etxebarri), Bengoetxe BHI (Galdakao), Ugaoko eskola (Ugao-Miraballes); Lea-Artibai: Bekobenta ikastetxea (Markina-Xemein).
Beldur Barik Sariak
Azaroaren 29an Beldur Barik Topaketa egingo da Urola Garaiko Mankomunitatean, eta lehiaketa horretako sariak banatuko dira. Urtero egiten da topaketa hori, jai giroan, eztabaidekin, prestakuntza tailerrekin eta jarduera ludikoekin.
Beldur Barik ekimena Emakundek sustatzen du eta Euskadiko instituzio guztiek hartzen dute parte. Helburua begirunezko jarrerak, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzea da.
Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Programako jarrerak eta mezuak islatzen dituzten ikus-entzunezko arte adierazpenak saritzen ditu.
Informazio gehiago:
«Bilboko Itsasadar Handia» Arrantza eskola
Irailean hasiera eman zitzaion «Bilboko Itsasadar Handia» Arrantza Eskolaren beste edizio bati. Jarduera hori 16 urtera arteko neska-mutilei zuzenduta dago eta, ohikoa den bezala, Erripa kaian egiten da, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, igande guztietan azaroaren 16ra arte.
«Harrapatu eta askatu» modalitateko arrantza eskola da. Ur Partzuergoak sortu zuen, 2003an, Bizkaiko Arrantza Federazioarekin batera, eta urtean birritan egiten da (udazkenean eta udaberrian). Urtetik urtera, parte-hartzaileen nahiz harrapatutako arrainen kopuruak gora egin du, eta guztira hogeita hamar espezietako arrainak arrantzatu dira. Horrek argi erakusten du itsasadarra ingurumen egoera onean dagoela.
2013an, 1.500 gazte baino gehiago aritu ziren kirol arrantzako modalitate horretan. Aurten, gainera, eskolaren esparrua egokitu egin da, ezgaitasun fisikoa duten pertsonak inolako arazorik gabe sartu ahal direla bermatzeko.