GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

BASAURI

Abenduaz geroztik, eta «Basauri a 30 km/h Basaurin» ekimenaren barruan, herrigunean 30 km/orduko abiaduran zirkulatu behar dela adierazten duten 55 seinale daude udalerri osoan banatuta, eta abiadura-neurgailu bat Lehendakari Agirre kalean. Ekimenaren helburuak honako hauek dira: istripuen kopurua eta larritasuna apaltzea, trafikoak sortzen duen zarata gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea. Trantsizioa era mailakatuan egin nahi denez, lehen hiru hilabeteetan ekimenaren helburua ez da dirua biltzea izango.

ORTUELLA

Espazio publikoak hobetzeko udal politikaren barruan, Ortuellako Udala bi haur parke berritzen ari da Santa Maria eta Santa Margarita auzoetan, eta zirkuitu bioosasungarri bat egiten ari da Urioste inguruan. Zirkuituan gimnastikako hamar aparatu daude, mota askotako pertsonentzat egokiak. Horri esker, aire zabalean ariketa fisikoak egiteko eremu berri bat izango dute herritarrek.

GERNIKA-LUMO

«Piperra eta Gatza» proiektuaren bidez, Gernika-Lumoko Udalak ehun hiri baratze egingo ditu Ibarrako lurretan, autokontsumorako bakarrik. Urtarrilaren 9an aurkeztu zen ekimen horren bitartez, nekazaritza ekologikoa sustatuko da eta herriguneko orube hutsak erabilgarri ipiniko dira. Egitasmoa kudeatzeko, 2015. urtearen hasieran Ingurumen Sailak parte-hartze prozesu bat abiatuko du interesa duten pertsonekin.

ZAMUDIO

Zamudioko Udalak landare hondakinak etxez etxe jasotzeko zerbitzu berri bat jarri du abian, herriko biztanle guztientzat. Zerbitzu berri horren bidez, beren ortu eta lorategietan inauste eta segatze lanak egiten dituztenek landare eta zur hondarrak jasotzeko eskaera egin dezakete. Zerbitzu hori haranean hondakinak behar bezala kudeatzeko egin den apustuaren beste adibide bat da.

SOPELA

Sopelan aurrera doa emakumeak ahalduntzeko eskola. Tresna horri esker, udalerriko emakumeek beren kezkak eta gizartea ikusteko era garatzeko espazio bat daukate. Gainera, beren esperientzietan oinarrituta, matxismoaren kontra borrokatzeko aukera dute. 2014-2015 ikasturtean garatzen ari den proiektu horren helburua guztientzat justuagoa, pluralagoa eta osoagoa izango den gizarte bat lortzea da. Guztira 16 emakume parte hartzen ari dira proiektuan.

SANTURTZI

2015. urte honetan, Santurtziko Udalaren apustu nagusiak politika sozialak, enplegu sorkuntza eta ekonomia jarduerak izango dira. Ildo horretan, udalerria hobetzeko aurrekontua 55,3 milioi eurokoa izango da, iazkoa baino apur bat handiagoa. Gehien indartuko den atala Gizarte Ekintza izango da, eta haren ondotik enplegu sorkuntza eta merkataritza nahiz turismoa bultzatzera zuzendutako ekimenak, hori guztia udalerria ekonomikoki suspertzeko asmoz.