JARDUERAK
Etxeetarako Aktibatu+ programa 2014-2015

Urtarrilaren 22an, Busturialdea-Urdaibai, Lea–Artibai eta Uribe Kosta eskualdeetako etxeei zuzendutako Aktibatu+ programa aurkeztu zen Euskadiko Biodibertsitate Zentroan (Madariaga Dorretxea, Busturia).
Ekimen horrek herritarren parte-hartzea sustatzen du ingurumen iraunkortasunaren aldeko lanean, eta honako helburu hauek ditu: etxeko energia eta ur kontsumoa %5 gutxitzea, gaikako bilketarako edukiontzien erabilera %12 handitzea eta CO2 isurpenak %7 murriztea.
Aktibatu+ ekimenak Nazio Batuek sustatutako GAP (Global Action Plan) nazioarteko programan oinarrituta dago eta UNESCOren babesa du. Bizkaiko Foru Aldundiak eta beste erakunde batzuek bultzaturik, lau arlo nagusi jorratzen ditu: ura, energia, erosketak/hondakinak eta mugikortasuna. Parte hartu nahi duten etxeak ekimenari atxikitako udalerrien edo mankomunitateen web orrien bidez sartu ahal dira programan, edo www.bizkaia21.net atariko Aktibatu+ atalaren bidez. Programa doakoa da.
Etxeetan ez ezik, Aktibatu+ programa hainbat ikastetxetan ere garatzen ari da, Busturialdea-Urdaibai, Lea-Artibai eta Uribe Kosta eskualdeetan (energiaren modulua) eta Arratia eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetan (erosketen eta hondakinen modulua). Parte hartzen ari diren ikastetxeek ekintza eta komunikazio kanpainak diseinatzen dihardute orain, bi modulu horietan gaur egun egiten duten kudeaketa ezagutzeko auditoriak bukatu ondoren.
Aktibatu+ eskola programako sariak

Iaz Aktibatu+ eskola programan parte hartu zuten ikastetxeak beren sariak baliatzen hasi dira dagoeneko. Dima-Ugarana Herri ikastetxeak, Bengoetxe BHIk, Eguzkibegi Ikastolak eta Andramari Ikastolak honako bisita gidatu hauek egin dituzte, hurrenez hurren: Mutrikuko olatuen aprobetxamendurako instalazioak, Metro Bilbaoko makina gelak, Armañongo Parketxea eta Zornotzako Garbigunea.
2014an sarituak izan ziren gainerako ikastetxeek aurten baliatuko dituzte sariak, Bizkaiko Parketxeak, edateko uren araztegiak eta konpostategiak bisitatuz.
Water Explorer: uraren arazoei aurre egiteko hezkuntza erronka

Water Explorer uraren arazoei aurre egiteko asmoz GAPek (Global Action Plan) sortu duen hezkuntza programa dibertigarri bat da, on line erronka bat. Gaur egun hamaika herrialde parte hartzen ari dira ekimen horretan. Water Explorer bihurtzen diren ikastetxeek garrantzi handiko eginkizun bat hartzen dute euren gain: ur gezako masak kontserbatzea eta mundu kontzientziatuago bateranzko bidean aitzindari izatea.
Water Explorer izan nahi baduzu, bisitatu www.waterexplorer.org/espana web orria eta eman izena. Horrela, 8 eta 14 urte bitarteko ikasleek antolatzen dituzten ekintzez betetako programa horretan parte hartzen ari diren ikastetxeen komunitate globalean sartuko zara.