GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

DURANGO

Durangoko Udalak Euskadiko 2014ko Udalerri Iraunkorraren Saria jaso zuen martxoan, «Eskola Agenda 21» programa bikainagatik. Udalsarea 21eko udalerri aktiboak aurkeztu ziren beren borondatez, ebaluazioa jasotzeko, eta horien artean hautatu zuten Durango. Guztira berrogei udalerri baino gehiago dira. «Tokiko Agenda kalitatea TAK21» ebaluazio-sistemaren bidezko azterketa baten ondoren lortu zuen saria. Sistema horrek bost faktore hartzen ditu kontuan (estrategikoa, zeharkakoa, parte-hartze publikokoa, operatiboa eta iraunkortasun-adierazleak), saria emateko.

BARAKALDO

Barakaldoko Udalak Castaños eta Galindo erreken ubidea garbitzeari ekin dio, gainezka egitea ekidin eta animalia eta landareen habitata hobetzeko. Bi hilabetez egin da lan eta 500 metro kubiko sastraka kendu dira -50 edukiontzi inguru-. Lan hori baliagarria izan da, gainera, hondakin kopuru handia eliminatzeko, hala nola etxeko tresna elektrikoak, garbigailuak, egurrezko altzariak edo ibilgailu-hondakinak. Guztira 700 kilo metal kendu dira.

MUNGIA

Mungiako udalerriak energia kudeatzeko sistema berri bat finkatuko du, udal eraikinetan aurrezteko. Horretarako, Udalak martxan jarriko ditu energia aurrezteko sistema horiek bost eraikin publikotan: Udaletxea bera, udal pilotalekua, Torrebillela kultur etxea, kiroldegia eta Legarda eskola publikoa. Horietan kontsumo energetikoaren monitorizazio eta urrutiko kudeaketa sistema bat ezarriko da, eraikinetan kontsumoa %10ean murrizteko eta CO2 isurpenak ere murrizteko.

BILBAO

Udatik aurrera, Errekaldeko auzokoek aukera izango dute beren barazki propioak lantzeko, Udalak San Antonio parkearen aurrean utziko dien eremuko 23 baratzetan. «Auzoko Bihotzak» ekimenaren barruan, proiektuaren helburua auzokideen bizi-kalitatea hobetzea eta auzoa dinamizatzeko eremu berri bat sortzea da. Horretarako, Udalak 200.000 euro bideratuko ditu.

GALDAKAO

Galdakaoko Udalak etxean konposta egitearen aldeko apustua egin du eta 245 familia gehitu dira ekimen honetara: «m2 bateko lorategia baduzu, egin lekua konpostadorari». Proiektu horren helburua da lur-eremu txiki bat daukaten familiek materia organikoa birziklatzeko lanean parte hartzea. Martxoan familia horiek informazioa jaso zuten saioen egutegiaren eta konposta egiteko aholkuen inguruan. Gainera, 400 litroko konpostatzeko makina jaso dute doan, baita eduki ahal dituzten zalantzak argitzeko eskuliburuak ere.

BERMEO

Bermeoko herritarrek sentsibilizazio-kanpaina bat sortu dute hezur-muina emateko. Ekimenaren helburua «bizitza salbatzea» da emaileak bilatuz, eta maiatzean hasi zen. Azalpen-liburuxkak banatuz, nabarmendu nahi da hezur-muina odol-erauzketa baten modukoa dela, baina ohikoa baino luzeagoa. Bermeon hasi den ekimen hori beste udalerri batzuetara ere zabaldu daiteke, dohaintza mota hori sustatzeko.