GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

ONDARROA

Aieriko padura berreskuratzeko lanak itxura hartzen ari dira. Ondarroako Udalak baimena lortu du uda honetan Artibai itsasadarraren bokalen dagoen uhartetxoa lehenera ekartzeko diseinatutako plana martxan jartzeko. Plan hori hezeguneen inguruko Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialaren barruan dago; gainera, uharte hori Europa mailan komunitate-garrantzia duen Lekua da. Lehenengo jarduera aipagarria ia 6.000 metro koadrotan ubideak irekitzea izango da.

MARURI-JATABE

Maruri-Jatabeko Udalak zerbitzu berri bat jarri du auzokoentzat: ingurumen arloko kontsultak egin eta udal arduradunei herriko hiri-ekipamenduetan antzematen duten edozein gorabeheraren berri emateko aukera izango dute, erraz eta arin. «App» horren izena Maruri-Jatabe berdea da eta eskuragarri dago Udalaren webgunean (www.maruri-jataberdea.com) eta mugikorretarako aplikazioan. Udalak abisua jasotzean, konponbidea emateko izapideak martxan jartzen dira eta behin konponduta, pertsona horrek jakinarazpena jasotzen du bere telefonoan.

ERMUA

Ekainetik, Ermuko herriak ur-parke bat dauka. 300 metro koadro inguruko azalera bat da. Ur kanoiak, zurrusta bertikalak, bideratu daitezkeen zurrustak eta ur lainoztatuzko uztai bat ditu zerbitzuen artean. Gainera, bueltaka dabilen bidoi batek ura bildu eta erabiltzaileei botatzen die. Osagarri moduan, belar artifizialezko eremu bat, eserlekuak eta komun publikoak daude. Ura zirkuitu itxi baten barruan berreskuratzen da. Bertan, igerilekuetako ura garbitzeko erabiltzen den prozedura beraren bidez tratatzen da.

SESTAO

Ekainean hasi ziren Sestaoko beheko aldea berreskuratzeko birgaitze lanak, birgaitze iraunkor eta energia eraginkortasuneko EU-Gugle proiektuaren barruan. Helburua auzoko 25 higiezin prest uztea da. Lanak 2016ko amaiera edo 2017ko hasierara arte luzatuko dira. Txabarri kaleko lehenengo etxebizitza bloke horretan, birgaitze prozesuak eraikinaren fatxada nagusia errespetatuko du, 1890ean eraikia, eta barrutik guztiz berreraikiko da. Gainera, irisgarritasuna hobetzeko igogailuak instalatuko dira eta beste zerbitzu batzuk gehituko dira iraunkortasuna eta energiaren aurrezpena sustatzeko. 

ABADIÑO

Abadiñoko Udala Gaztelua auzoan saneamendu sistema berritzaile bat ezartzea aztertzen ari da. Sistema horrek hondakin-urak garbitzeko filtro berdeak erabiltzen ditu. Eusko Jaurlaritzak ekimena martxan jarri du Euskadin, Ibarrangeluko landa-eremu batean. Kostu baxuko teknologia da eta ustiapenerako lurzoruaren eta landareen gaitasun fisiko, kimiko eta biologikoa aprobetxatzen da, hondakin-urak garbitzeko.

URDULIZ

Urdulizko Udalak aurrera jarraitzen du Santa Marinako mendi-hegalak berreskuratzeko lanean. Birika berde gisa berreskuratu nahi da eta udalerrian sortzen diren CO2 isurpenak konpentsatu. Leheneratze ekologikoko prozesu hori 2012an jarri zen martxan eta bi fasetan garatu zen: 7.300 metro koadroko azalera batean eta 13.793 metro koadroko beste batean. Orain 11.514 metro koadroko azalera hartzen duten bi lur eremu berriren txanda da. Bertako landare espeziez hornitzea da asmoa.