GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

Bilbao

Bilboko Udalak bizikletaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, garraiobide publiko gisa. Horregatik, 60.335 euroko inbertsioa egin du eta 105 bizikleta berri erosi ditu mailegu automatikoko zerbitzurako. Bilbon Bizi zerbitzuak 254 bizikleta ditu dagoeneko. Berriak erraz identifikatzen dira, kolore gorria dutelako. Baina horretaz gain, beste nobedade batzuk ere badaude. Bilbon Bizi zerbitzuak bizikleta hartu eta utzi ahal izateko beste bi gune izango ditu –Epalza kalean eta Trenbide etorbidean-. 80.000 euroko inbertsioa izango da eta dagoeneko dauden 27 guneei batuko zaizkie.

Orduña

Urduñako Udalak eraginkortasun elektrikoko neurri batzuk aplikatuko ditu herriko kale eta auzoetako argiteria publikoan. Horrekin, argiztapen gastuak %75ean murriztea espero du. Hori posible egiteko, inbertsio handi bat egin beharko da herriko argiteria publikoa osoa berriztatzen. Lan horiek bi fasetan egitea programatu da. Lehenengo fasea aurtengo lehenengo sei hilabeteetan burutuko da. Hirigune historikoko 230 bonbilla aldatuko dira; bigarren fasean, berriz, herriko gainerako kale eta auzoetako 709 bonbilla.

Lekeitio

Lekeitioko Udalak Garraitz uhartean zuhaitzak landatu eta berriro ere bere jatorrizko itxura emateko asmoa dauka. Egin beharreko lanei buruzko behin betiko txostena udarako izango du. Hildako 40 zuhaitz moztu ziren segurtasun arrazoiengatik eta horrek uharteko basoa kaltetu du. Udalak egoera horri konponbidea eman nahi dio eta horretarako beste espezie egokiago batzuk landatuko ditu.

Getxo

Getxon apaindutako sei edukiontzi zeuden eta orain beste lau daude, Berziklatuarte ekimenaren barruan. Ekimen hori gazteentzako Wanted ideien lehiaketara aurkeztu zen 2014an eta bigarren geratu zen. Proiektuaren proposamena beira edukiontziak apaintzea zen, hondakinen gaikako bilketaren inguruan kontzientziatzeko eta bide batez, herritarrei hiriko artea hurbiltzea. Koloretako edukiontzi berriak Areetan daude: Tomás Olabarri 9, Mesedetako kalea 22, El Pinar 5, eta Kale Nagusia 4 helbideetan. Azken horretan Portu Zaharreko «Sireno» famatuaren irudi bat dago.

Portugalete

Portugaleteko Udaltzaingoa auto elektrikoa erabiltzen hasi da. Neurri horrekin, herritik patruila egiten dabiltzan lau ibilgailutatik bat ekologiko eta isilagoa izango da. Auto elektriko horiek Nissan Leaf markakoak dira. 150 eta 190 kilometro arteko autonomia dute eta patruila-auto gisa funtzionatzeko beharrezko osagai guztiak dituzte. Ez dute kutsatzen eta, gainera, isilak dira. Azken ezaugarri horri esker, gaueko lana isiltasun handiagoz egin ahal izango dute eta hori oso lagungarria izango da polizientzat.

Gernika-Lumo

Gernika-Lumoko Udalak martxoan egingo du hiriko baratzeen banaketa. Horrekin amaiera jarriko dio duela urte batzuk ekindako Piperra eta Gatza proiektuari. Etapaz etapa bete du herritarren parte-hartzearekin. Horrela izanik, Udalak espero du udaberrian 140 lur-zati edukitzea herritarrek erabiltzeko moduan, bariantearen ondoko Ibarraren orube batean. Orain arte 57 pertsonak eskatu dute lur-zatia izateko aukera. Lur-zatiak 60 eta 75 metro koadro bitartekoak dira. Monitore bat proiektua dinamizatu eta adjudikazio-hartzaileekin etengabe harremanetan egoteaz arduratuko da.