GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

Amorebieta-Etxano

ENEEK – Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatutako Nekazaritza Ekologikoari buruzko erakusketa iraunkorra udarako egongo da prest. Erakunde hau, Amorebieta-Etxanoko Udalarekin hartutako konpromisoa betez, erakusketa iraunkor honen instalazioa burutzen ari da, nekazaritza ekologikoaren balioa modu didaktikoan nabarmentzea ahalbidetuko duena. Bisita audio bidez gidatua izango da eta azalpenezko panelak izango dira, ukimen-pantailaz hornituak, horien bitartez publikoak gai bakoitzaren inguruko gakoak erraz eta ikusiz eskuratu ahal izango ditu.

Arratzu

Arratzuko Udalak ostatua eraikiko du herriko frontoiaren atzean, Urdaibain Done Jakue bidearen erreferente bilaka dadin. Etorkizunerako proiektua Arratzuko udalaren «dinamizazio turistikorako estrategiaren» esparruan kokatuta dago, ostatu bila dabiltzan erromesen eskariari erantzuna eman eta, aldi berean, beste mota batzuetako turistei ere zerbitzua eskaintzeko. Hamabost-hogei pertsona inguru jaso ahal izango ditu ostatuak, eta lotarako zein higienerako aukera izango dute, hartarako prestatutako aldageletan. Handik hurbil kokatutako tabernak, gainera, gosari-zerbitzua eskainiko du goizetan.

Balmaseda

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Balmasedako udalak sustatuta, Enkarterrietako hiribilduak aterpetxe ekoefizientea dauka dagoeneko Kolitza mendian. Inauguratu berri den aterpetxeak 85 m2 ditu eta material eta metodo iraunkorrak erabiliz eraiki da, energia beharra minimizatzen duen diseinu bioklimatikoan oinarrituta, eta energia berriztagarria sortzeko sistemak dauzka, hala nola bizikleta estatikoak eta eguzki-panelak. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatua den Elena Unzuetak inaugurazio-ekitaldian hartu zuen parte, besteak beste.

Berriatua

Berriatuako Udalak, Elexaldeko haur-parke berriaren bitartez, mota honetako ekipamenduen defizita arindu nahi du herrian, ekitaldi honetan arreta handiena eskainiz. Izan ere, erabiltzaileak beraiek protagonista izan dituen prozesu parte-hartzailea bukatuta, Udalak aurrekontuaren 62.000 euroko erreserba gorde du herriko haurrek aukeratutako joko berriak instalatzeko.

Bilbao

Bilbobus zerbitzuak %100ean elektrikoa den autobusa dauka apiriletik. Prototipoa hilabete baino gutxixeago egon da proban 16 linea ezberdinetan, hiri osoan zehar, zerbitzuaren funtzionamendua baldintza errealetan testatze aldera. Udalak ingurumen eta iraunkortasunarekiko duen konpromisoaren parte da ekimen hau, saiatzen ari baitira garraioak ingurumenean duen eragina murrizteko soluzioak eta alternatiba iraunkorrak bilatzen. Autobus elektriko bakoitzeko, CO₂ isuriak 88 tonatan murrizten dira urtean eta 33.000 litro erregai aurrezten.

Zeberio

Herriak mendizaleen artean duen lekua sendotu nahi du Zeberiok. Horretarako, udalerria inguratzen duten lau ibilbideak batzen dituen bidearen seinaleztapena hobetzea erabaki du Udalak, Austarri mendi taldearekin eta Bizkaiko Mendi Federazioarekin batera, herriaren eta haranaren ikuspegi paregabea errazte aldera. Ibilbideak 15 kilometro ditu, hiri-bideetan eta landa-bideetan zehar, eta Mandoia mendiaren tontorrera heltzeko aukera eskaintzen du, baita auzo tipikoak eta ermita zein bestelako eraikin erlijiosoak ezagutzeko aukera ere. Ibilbideak lasterbide berria izango du Apala inguruan, luzera txikiagoa izango duen tartea egin ahal izateko.