GURE UDALERRIETAKO BERRIAK
Orduña
Udalak hitzarmena sinatu du Iraunkortasun eta Ingurumeneko Foru Sailarekin, etxeko hondakinen atal organikoa tratatzeko zerbitzua eskaintze aldera. Tokiko Administrazioa arduratuko da bosgarren edukiontziko hondakinak jaso eta Arraizeko konpostatze- plantaraino garraiatzeaz; bertan ekingo baitzaio tratamenduari. Hitzarmenak bost urteko indarraldia dauka, modu automatikoan beste bost urterako luzagarria, betiere aldeetako batek ere berau etetea eskatzen ez badu. Gehienez, 25 urtera arte luzatu ahal izango da.
Muskiz
Muskizek droiak erabiliko ditu meatze-herentzia zaintzeko, udalerriaren etorkizuneko garapenean haren iragana ere integratze aldera. Meatze-esparruen azterketa historiko-arkeologikoa egiten hasi zen Udala 2014. urtean, etorkizunean HAPNan barne hartzeko (enklabe bakoitzaren interesekin eta eskatutako babes-mailarekin bat). Pobeñako El Castillo izeneko Mineralen karga-tokian lan-ildo berriari ekitea planteatu da, altxaketa planimetrikoa eta hiru dimentsioko erregistro berria martxan jarrita. Horren ondoren, haren egiazko egoera ezagutaraziko da eta babesari, kontserbazioari eta balio erantsiari lotutako etorkizuneko ekintzak baloratuko dira.
Bilbao
Miribilla auzoko Gernika Lorategian haur-jostaketarako gune estali berria jarri dute, diseinu ia espaziala duena; estalki garden handia dauka, argia iragaten uzten du eta euriarengandik babesten. Jolas-gune hori iraunkortasun irizpideetan oinarrituta eraiki da (ekodiseinua). Esate baterako, estalki gardenak euri-ura jasotzen du, gero ureztatzeko balioko duena, eta jokoak egiteko erabilitako materialak egurra eta polimero birziklatuak dira. Gainera, sakelako telefonoak eta ordenagailuak eguzki-energia bidez kargatzeko guneak ere baditu.
Berriz
Belaunaldien arteko txangoen programa antolatu du Udalak bosgarren urtez, zahartze aktibo programaren esparruan. Edizio honetan, udalerriko bideetan 8 ibilbide gidatu diseinatu dira. Horietan parte hartzen dutenek aukera izango dute ingurunea ezagutu eta gozatzeko, adin ezberdinetako pertsonen arteko harreman eta loturak sustatzen diren bitartean. Ibilbideak doakoak dira eta igandeetan egiten dira, azarora bitarte. Interesdunek e-posta bidez eman dezakete izena: gizarte@berriz.org
Balmaseda
Hiribilduko 200 familia inguruk eta 20 saltoki baino gehiagok parte hartu dute bosgarren edukiontziaren erabilerari buruz antolatutako esperientzia berrian (hondakin organikoak). Zerbitzua martxan jartzeko, bide publikoan hondakin organikoen hogei edukiontzi instalatu ditu Udalak. Lan horretan herritarrei ahalik eta gehien laguntzeko, material informatiboak sortu dira, solasaldi eta mahai-inguruak antolatu dira eta blog bat ireki da (www.organikoabalmaseda.com), baita harremanetarako telefono zenbaki eta helbide elektroniko bat ezarri ere. Aurrerapauso garrantzitsua izango da, zabor-poltsa barruan ia %40 atal organikoa baita gaur egun.
Getxo
«Ez utzi zure marroiak besteontzat». Udalak sentsibilizazio kanpaina antolatu du, animaliak dituzten pertsonak bide publikoan gorozkiak batzeko arduraz jabetu daitezen. Ikusizko kanpaina hau pieza ezberdinetan zentratzen da, eta txanponaren bi aldeak erakusten ditu: alde batetik, animaliaren kaka bertan uzten duen pertsona (txakur bat gorozkietatik urruntzen irudikatzen duen argazki baten bidez) eta oinetakoan itsatsita daramana. Baina, gainera, Udalak gogorarazi nahi digu kaka horiek ez jasotzeak 600 eurora bitarteko zehapena ekar dezakeela.