GURE UDALERRIETAKO BERRIAK
Maruri-Jatabe
Maruri-Jatabeko Udalak balorazio positiboa egin du iazko apirilean martxan jarritako Linea Verde app-aren inguruan. Tresna horren helburua da herritarrei komunikazio bide zuzena eskaintzea, Udalari kontsultak egin eta udalerrian diren intzidentzia edo kalteak jakinarazi ahal izateko. Aplikazioaren arabera, gehien jakinarazi den intzidentzia motak argiteriaren ingurukoak izan dira, eta ondoren zaborrei, estolderiari eta garbiketari buruzkoak.
Sestao
Udalak bideetako garbiketa eta hiri hondakin solidoen bilketa hobetuko ditu, hartarako zerbitzu berriak sortuz, baliabide mota oro optimizatuko duen kudeaketa integrala bilatze aldera, ekonomia eta ingurumen iraunkortasunean oinarritutako irizpideak jarraituz. Kontratu berria, 2017 urte hasieran aplikatuko dena, hiru atal ezberdinetan bereizita dago: bideen garbiketa, hiri hondakin solidoen bilketa eta arratoi-garbiketa, desinfekzio eta intsektu-kentze zerbitzuak.
Ortuella
Bizkaiko Foru Aldundiak asfalto birziklatua erabili du Ortuellako La Orconerako bidea berriro asfaltatzeko. Birziklatze teknika hori ebaluatzea da helburua; izan ere, haren bitartez beste errepide batzuetan fresatutako materiala aprobetxatu nahi da, trafiko dentsitate txikia duten bideetan oinarrizko eta erdiko geruzak berriro asfaltatzeko. Birziklatze tenplatua teknika erabili da eta Bizkaian aplikatu da lehendabiziko aldiz. Aplikatutako asfalto berriaren %80 inguru material birziklatua da.
Bilbao
Castaños auzoa eredu izango da hiri osoarentzako, aitzindari izan baita eremu bat adiskidetzen, trafikoa baretzen eta inguru atsegin eta lasaiagoa lortzen, betiere, auzokideek euren jarduera ibilgailuen presiorik gabe garatzeko aukera izan dezaten. Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saila hasi da dagoeneko zenbait neurri ezartzen, lehendabiziko Ingurune Lasaia izango denaren (halaxe izendatzen dira Estatuko zein Europako beste hiri batzuetako eremuak) inaugurazioa baino lehen.
Nerbioi-Ibaizabal
Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Energiaren Eskualdeko Behatokia sortuko du laster: informazio energetikoaren aplikazio horren bitartez, posible izango da fakturazio zuzena kontrolatzea, energia-horniketaren kontratazioa optimizatzea, eta udalerrietako eraikin eta argiteria publikoko koadroen portaera energetikoa erregistratu eta aztertzea. Hasiera batean, sei udalerriri emango die zerbitzua: Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio. Lortu nahi den onura nagusia energia-kontsumoa (kWh), faktura energetikoaren gastuak (€) eta berotegi-efektuko gasen isuria (CO2) murriztea da, modu jarraitu eta finkoan.
Galdakao
Galdakaoko Udalak bukatutzat eman du webgunearen bidez abiatutako herri partaidetza prozesua, Emakumezkoen izenak hautatzeari zegokiona. Haren helburua zen etorkizunean kale edo espazio publikoak izendatzeko esleipen-ordena ezartzea. Herritarrek beren lehentasunak adierazi dituzte Galdakaoko Berdintasun Kontseiluak onartutako 9 proposamenen artean. Ekimen horren bitartez, emakumeek egindako ekarpenak aitortu nahi dira, eta Galdakaoko kale-izendegian horien «ikusgarritasuna» sustatu.