GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

SANTURTZI

Santurtziko Udala kaleak garbitzeko eta hondakinak jasotzeko sistema berregituratzen ari da, zerbitzua hobetzeko eta urtean 240.000 euro aurrezteko asmoz. Plan horren barruan, lurpeko 40 edukiontziak kenduko dira eta, horrela, aurrerantzean edukiontzi guztiak albotik kargatzekoak izango dira.

SOPELA

Sopelan kaleko argiak aldatzen ari dira, oraingoen ordez eraginkorragoak eta iraunkorragoak diren beste batzuk jarriz. Horri esker, diru asko aurrezteaz gain, berotegi efektuko gasen igorpenak gutxituko dira. Ekimen horretarako egindako inbertsioaren % 75 EVEk finantzatu du. Lehenik eta behin, dendarik gehien dagoen eremuan jarri dituzte farola berriak.

BARAKALDO

Mespelerrekako errepidea herri barruko bide bihurtu denetik, Barakaldoko biztanleek aisialdirako eremu berri bat daukate, seguruagoa, bertako arriskugarritasuna minimizatu egin baita. Pasealekuak lau kilometrotik gorako zurezko espaloia dauka, zingiraren gaineko hegal moduan eraikia. Ibilbidearen erdialdean atsedengune bat dago, mahai eta aulkiekin, eta zahartze aktiborako zirkuitu bat. Udalak egin dituen berritze-lanen kostua 6,5 milioi eurokoa izan da.

ARRIGORRIAGA

Arrigorriagako udaltzaingoak auto hibrido bat izango du hemendik aurrera. Oraingo ibilgailuak baino ekologikoagoa da, motor elektrikoa erabiltzen baitu 50 km/h-tik beherako abiaduran doanean (hau da, herrigune osoan). Autoak bi motor erabiltzen dituenez (elektrikoa eta eztandakoa), askoz ere erregai gutxiago kontsumitzen du. Horri esker, dirua aurrezteaz gain, berotegi efektuko gasen igorpenak eta zarata gutxituko dira.

MUNGIA

Mungiak Energia Iraunkorraren Ekintza Plana diseinatzen bukatu du, klima aldaketaren aurkako borrokaren arloan Europako Batzordeak tokiko agintariei ezarritako helburuak betetzeko asmoz. Zehazki, hauek dira Plan Integralaren bidez lortu nahi diren helburuetako bi: batetik, 2020. urtea baino lehen CO2 igorpenak % 20 gutxitzea, energia eraginkortasuna handitzearen ondorioz; bestetik, udalerriko energia eskariaren % 20 energia berriztagarrien bidez asetzea.

ZARATAMO

Zaratamoko udaletxea udalerriko baso publikoetako biomasarekin berotuko da hemendik aurrera, egokitze lan handiak eginda. Besteak beste, fatxadaren kanpoaldeko isolamenduan zeuden arazo larriak konpondu dira, barruko beroa ihesik gabe gorde ahal izateko. Gainera, bertako materialak erabili dira eta barruan nahiz kanpoan kontsumo gutxiko argiak jarriko dira oraingoen ordez. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak finantzatu dituzte lan horiek.