JARDUERAK

Aktibatu + 2013-2014 kanpaina Arratian eta Nerbioi-Ibaizabalen

Bizkaiko ingurumen-iraunkortasunerako programa berria

Ingurumenaren arloko iraunkortasunaren alde herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du Aktibatu + programaren beste edizio bat, Garbiker Sozietate Publikoarekin, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Eroski taldearekin elkarlanean. Global Action Plan (GAP) nazioarteko programaren barnean kokatzen den ekimena da.

Aktibatu + programak ekimenarekin bat egiten duten ikastetxeetako ikasleen eta udalerrietako familien parte-hartze aktiboa sustatzen du. Helburua eguneroko ekintza txikien bidez planeta hobetzea da.

Edizio honetan 15 ikastetxe parte hartzen ari dira programan. Horietako 7 Nerbioi-Ibaizabal eta Arratia eskualdeetakoak dira2. Lehenik eta behin, energiaren gaia abiapuntutzat harturik, ikastetxe bakoitzak bere energia kontsumoa ikuskatu du. Bigarren fase batean, ikasleak arduratuko dira eskola-komunitate osoa ohitura txarrez kontzientziatzeaz. Azkenik, egindako aldaketen emaitzak ebaluatuko dituzte.

Beste 8 ikastetxeak Amorebieta-Etxano, Durangaldea, Ermua eta Mallabikoak dira3. Eskualde horietan sistema bera jarraitzen da bertako ikastetxeetako erosketa-irizpideak eta, horren ondorioz, sortutako hondakinak sakontasunez aztertzeko. Behin informazio hori eskuratuta, eskola-komunitate osora bideratutako sentsibilizazio-kanpaina bat burutuko dute eta, azkenik, alderdi horietan lortutako hobekuntzak ebaluatuko dira.

2012-2013ko edizioan energia-programan parte hartu zuten Amorebieta-Etxano, Durangaldea, Ermua eta Mallabiko ikastetxeek oso emaitza onak lortu zituzten, eta hala erakusten du lortutako murrizketak: parte hartu zuten 9 ikastetxeetan, batez beste energiaren kontsumoa % 11,7 jaitsi zen (eta hasieran ezarritako helburua % 5 jaistea zen).

Bestetik, web orri espezifiko bat dago programan parte hartu nahi duten etxebizitza edo familientzat, honako gai hauek jorratzeko lanabes erraz eta eraginkorrez osatua: erosketak/hondakinak, ura, energia eta mugikortasuna.

Informazio gehiago www.bizkaia21.net atarian Aktibatu + atalaren bidez, parte hartzen duten udaletxeetan, Arratiako Udalen Mankomunitatean edo Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen.

Sari berezia San Antonio Santa Rita ikastetxearentzat

Durangoko San Antonio Santa Rita ikastetxea saritua izan da Aktibatu + programaren 2012-2013 edizioan lortutako emaitza bikainengatik eta egin duen komunikazio-kanpainaren originaltasuna eta kalitateagatik. Ikastetxe horrek jasotako sarien artean, aipatzekoak dira Energiaren Euskal Erakundeak Mutrikun kudeatzen duen olatuen aprobetxamendurako planta ikusteko bisita zoragarria eta Eroskiren «Plan Berdea» liburu sorta.

Berdeago, Ingurumen Iraunkortasunaren Azoka

Aktibatu + programak urtarrilean egin zen Berdeago azokan parte hartu zuen. CDak eta DVDak berrerabiliz saguak eta diskoteka-bola ikusgarriak egiteko bi tailer antolatu zituen. Halaber, 2012-2013 edizioan Aktibatu + programa burutu zuten familia guztien artean zozkatutako sariak banatu ziren Ingurumen Iraunkortasunaren Azokan.