GURE UDALERRIETAKO BERRIAK

URDULIZ

Urdulizko Udalak 35 urtetik gorako emakumeei lana emateko programa bat bultzatu du, Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Uribe Kostako Behargintzarekin batera. Deialdia irailean egingo da, eta helburua emakume horiei familiako bizitza eta lan ordutegia bateratzea ahalbidetuko dieten lanpostuak bilatzea da. Halaber, garrantzi handia emango zaie lan baldintza duinei eta gizonezkoekiko berdintasunari.

ERANDIO

Energia Aurrezpen eta Eraginkortasun Planaren barruan, Erandioko Udalak argi-elementu eraginkorragoak jarriko ditu udalerriko hainbat lekutan, oraingoen ordez. Aldaketak 140 ekipotan egingo dira eta errefortzuko 6 proiektore instalatuko dira. Horrekin, energia kontsumoan %60 inguruko aurrezpena lortzea espero da. Energia eraginkortasunerako 28 ekipo ere berrituko dira.

TXORIERRI

Txorierriko Mankomunitatea oso ezaguna da iraunkortasunaren arloko proiektuengatik, eta hondakinen kudeaketaren nahiz bide garbiketaren arloan egiten ari den lanagatik nabarmentzen ari da. Besteak beste, bosgarren edukiontzia jarri eta nork bere konposta egitea bultzatu du. Hori guztia dela eta, Estatu mailako sari bat jaso zuen ekainean. Txorierriko proiektuak interesgarriak iruditu zaizkie toki nahiz eskualde mailako beste entitate batzuei. Hala, esaterako, Mexikoko Jalisco eskualdeko mankomunitate batek harana bisitatu du, Mankomunitateak hondakinak nola kudeatzen dituen aztertzeko.

BAKIO

Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Fruiz, Laukiz, Maruri-Jatabe eta Mungia herrietako udal ordezkariek Gaztedi Mungialde lankidetza hitzarmena sinatu dute orain dela gutxi. Helburu nagusia gazteei lana lortzeko eta emantzipatzeko aukera emango dieten ekintzak bultzatzea da. Hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Udal Gaztedi proiektuaren barruan kokatzen da.

BARAKALDO

Barakaldoko Udalak adineko pertsonei arreta emateko dauzkan Gizarte Zerbitzu espezializatuek 80 urtetik gorako 3.300 pertsona baino gehiago artatu zituzten iaz. Programarik arrakastatsuenetako bat Etxeko Laguntza Zerbitzua da. Gizarte Gaietarako Sailak 11,4 milioi euroko aurrekontua du 2014. urterako, iaz baino %5,2 gehiago. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza zerbitzurako eta gizarte hezkuntzan esku hartzeko programetarako aurrekontuak ere gora egin du.

TRAPAGARAN

Meaztegi Berdea parkeak oinezkoentzako pasabide bat izango du laster. Zurezkoa izango da eta hiru aintzirak zeharkatuko ditu. Aparkalekutik abiatuta, Parkotxako putzua inguratuko du, Ustion aintzira bisitatzeko aukera emanez, eta Blondis aintziraren gaineko begiratoki txiki batean bukatuko da. Pasealekua 800 metro luze izango da eta bi pasabide egingo dira aldaparik egon ez dadin. Pasabideen diseinua garai batean minerala garraiatzen zuten aireko tranbiei egindako omenaldia izango da.