GURE INGURUNEA
Paisaiaren eta ekologiaren arloko dibertsitaterik handiena duen Euskadiko lekua da
Urdaibaiko Biosfera erreserba, 30 urte (1984-2014)
Paula Caviedes. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbatzailea
Orain dela 30 urte, Unescok Biosfera Erreserba izendatu zuen Urdaibai. Horrela, eremu horretako natur eta kultur balio handiek nazioartearen aintzatespena jaso zuten. Orduz geroztik, Urdaibai gizakiaren eta natuaren arteko harreman mota berriak ikertzeko, praktikan jartzeko eta ezagutarazteko erreferente bihurtzen hasi zen, lan aitzindaria eginez.
Urdaibai Euskal Autonomia Erkidegoko eremu babesturik zaharrena da, eta lege mailako babes-arau bat daukan bakarra. Izan ere, 1989an Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen 5/1989 legea, Urdaibaiko ekosistemak babesteko, leheneratzeko eta sustatzeko asmoz.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba Oka ibaiaren arro hidrografikoan dago. Guztira, 22.000 hektarea, 45.000 biztanle eta 22 udalerri ditu.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak ondo kontserbatutako natur ondare oparoa du, balio handikoa eta oso adierazgarria. Hona hemen adibide batzuk: Oka ibaiaren estuarioa eta haren inguruko artadi kantauriarra, hondartzak eta Kantauri itsasoak laztantzen dituen itsaslabarrak, barrualdean sakabanatutako harizti eta baso atlantiko txikiak, eta bertako biztanleek mendeetan zehar landutako landazabal atlantikoa.
Inondik ere, paisaiaren eta ekologiaren arloko dibertsitaterik handiena duen EAEko lekua dugu Urdaibai: 3.000 espezie baino gehiago bizi dira bertan, eta 80k baino gehiagok nazioarteko aintzatespena dute. Hori dela eta, Urdaibaiko lurraldearen zati handi bat Europako Natura Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu da: artadi kantauriarrak, estuarioa (nazioarteko hezeguneen RAMSAR zerrendan dago), itsasertza eta ibai sare trinkoa. Gainera, estuarioa eta itsasertza Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatuak izan dira.
Halaber, Urdaibaik ondare geologiko interesgarria eta askotarikoa du. Bertako arroka, mineral eta fosiletan Lurraren historiako 260 milioi urte inguru azter daitezke. Formazio geologikorik interesgarrienak honako hauek dira: tolesturak, failak, antzinako arrezife fosiliferoak, itsaspeko abanikoak (flysch motakoak), urpeko sumendi itzaliak eta itsasertzean, estuarioan, sistema karstikoan nahiz ibaietan eratu diren sedimentu metaketak.
Bestetik, oso interesgarriak dira Urdaibaiko lurraldeak denboran zehar izan dituen erabilerak. Horren ondorioz, paisaiari heterogeneotasun handia eman dioten biztanlegune sakabanatuak daude. Paisaia balio eta dibertsitate ekologiko handiko mosaiko baten antzekoa da.
Azkenik, arkeologiaren, kulturaren eta historiaren arloko elementu ugari daude, kultur ondare material eta immaterial oparoa osatzen dutenak.
Biosferaren erreserba guztiak bezala, Urdaibaikoa hiru eremutan egituratuta dago:
- Erdigunea: itsasertza, estuarioa, artadi kantauriarra eta aztarnategi arkeologikoak. Eremu horren helburu nagusia balio natural handiena duten lekuak babestea da.
- Tanpoi eremua: itsasertzeko, artadiko eta ibai sareko babesguneak. Kontserbazio helburuekin bateragarriak diren jarduerak egin daitezke bertan.
- Trantsizio eremua: nekazaritzarako eta basogintzarako eremuak, landako biztanleguneak eta baserri sakabanatuak. Baliabideen ustiapen iraunkorra sustatzen da bertan.
Biosferaren erreserba guztietan bezala, kudeaketak hiru eginkizun betetzen ditu: kontserbazioa, garapen iraunkorra eta laguntza logistikoa (ikerkuntza, interpretazioa, hezkuntza eta trebakuntza). Gaur egun berraztertzen eta eguneratzen ari diren Ekintza Planen bidez planifikatzen dira hiru ardatz horiek.
Kontserbazioari dagokionez, nabarmentzekoa da urte hauetan guztietan egin den lan handia. Batetik, prebentzioaren arloan, Urdaibaiko Legeak eta biosfera erreserbaren garapenerako Egitamu Gidariak aurreikusitako araudia bete da. Bestetik, balio natural handiena duten lekuetan ingurumena leheneratzeko proiektuak gauzatu dira.
Garapen iraunkorrari dagokionez, 1998an garrantzi handiko urratsa egin zen: Eskualdeko Agenda 21 onartzea (Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitasmoa). Garapen iraunkorra bultzatzeko asmoz, plan horri begira ahalegin berezia egin zen Urdaibaiko eragile publiko eta pribatuen parte-hartzea, koordinazioa eta adostasuna lortzeko. Halaber, lan handia egin da energia berriztagarrien erabilera eta naturako turismoa sustatzeari dagokionez, natura interpretatzeko eta aztertzeko zentroak sortuz (Madariaga dorretxea, San Kristobalgo eta Matxitxakoko fauna behatokiak, Urdaibai Bird Center) eta bidezidorrak egokituz.
Gainera, garapen iraunkorra nola lor daitekeen ikasteko lekua izan nahi du Urdaibaik. Horretako, ikerkuntza aplikatua bultzatzen da, EHUko Garapen Iraunkorreko eta Ingurumen Hezkuntzako Unesco Katedrarekin elkarlanean. Ildo horretan, ezin konta ahala hitzaldi, prestakuntza ikastaro, erakusketa eta argitalpen gauzatu dira, bi helburu nagusirekin: ezagutza zabaltzea eta herritarrekiko nahiz Biosfera Erreserben Munduko Sarearen baitako trukeak eta komunikazioa bultzatzea.
30 urte igaro dira Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zutenetik, eta lurralde miragarri hori iraunkortasunaren arloko proiektuak, ekimenak eta esperientziak garatzeko leku paregabea da oraindik. Iraunkortasuna lortzea gizadiaren erronka zail eta beharrezkoa da, eta Urdaibaik izugarri laguntzen du horretan.
MaB Programa (Man and Biosphere)
MaB programa (Man and Biosphere) kontserbazioaren, ikerkuntzaren eta garapen iraunkorraren arloko nazioarteko programa bat da. 1971n jarri zen abian eta haren jarduera eremu nagusia Biosfera Erreserben Munduko Sarea da. Helburua eremu horietako baliabideen administrazio zentzuzkoa lortzea da, haien kontserbazioa bermatuz, giza eta ekonomia garapen iraunkorrarekin uztartuz eta gizakiaren eta bere ingurune naturalaren arteko harremana hobetuz.
Beraz, kontserbazioa eta garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra bateratzeari begirako helburuak esperimentatzeko, hobetzeko, erakusteko eta garatzeko lekuak dira biosfera erreserbak.
Ekologikoki adierazgarriak diren edo oso balio berezia duten lekuak dira, eta naturaren, gizakiaren eta haren jardueren arteko uztarketa funtsezkoa da bertan. Beste helburu bat lortzen den esperientzia beste lurralde batzuetara estrapolatu ahal izatea da.
Gaur egun 600 erreserba baino gehiago daude mundu zabalean, 119 herrialdetan banatuta.