GURE INGURUNEA
Kudeaketa dinamiko eta orekatua
Urkiolako Parke Naturalaren 25. Urteurrena
Antonio Galera Coleto. Parke Naturaleko zuzendari kontserbatzailea.
Urkiola Bizkaiko lehen parke naturala dugu. Orain dela 25 urte jaso zuen izendapena, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 29ko 275/1989 Dekretuaren bidez.
Bi berezitasun nagusi hartu ziren kontuan orain dela 25 urte Urkiola parke natural izendatzeko. Batetik, naturaren, kulturaren eta paisaiaren arloko balio handiak, haiei esker Urkiola Euskadiko ekosistemarik berezienetako bat baita. Bestetik, Urkiolak pairatzen zituen mota guztietako presioak, haietako asko gehiegizkoak. Kudeaketa molde berriaren bidez bertako balio naturalak babestu eta leheneratu nahi ziren, astiro baina etengabe hondatzen ari zirelako.
Izendapena inflexio unea izan zen Urkiolako ingurunearentzat, ingurune naturala kudeatzeko era eta ikuspegia aldatu baitziren bertako balio naturalak kontserbatzeko eta leheneratzeko asmoz. Horretarako, beharrezkotzat jo zen parke naturalean egiten diren jarduerak eta erabilerak harmonizatzea. Araudiaren bitartez eta ekosistemen hauskortasunaren araberako zonifikazioaren bidez egokitu behar ziren, ezarritako helburuak lortu ahal izateko. 25 urte hauetan hobekuntza nabariak egin dira. Batetik, espezie autoktonoak ugaritu dira (batez ere pagoa), leku desegokietan landatuta zeuden ekoizpenerako espezieak ordezkatuz (batez ere intsinis pinua). Bestetik, jardunbide egokiak ezarri dira erabilera eta jardueren arloan. Azpiegiturak ere hobetu egin dira, eta horrek eragin handia izan du ingurunea babesteari eta lurren nahiz espezieen leheneratze ekologikoari dagokionez.
Natura 2000 Sareko parkea
Urkiolako Parke Naturala Europako Natura 2000 Sarean dago. Kontserbazio bereziko eremuekin koherentea den sare ekologiko bat da. Sarearen helburu nagusia biodibertsitatea mantentzen laguntzea da, habitat naturalen eta espezieen habitaten kontserbazio egoera ona bermatuz.
Urkiola sare horretan egoteak berez dakar parkearen kudeaketan era esplizituan txertatu behar direla habitaten direktiban jasotako kontserbazio elementu eta helburu espezifikoak. Elementu eta helburu horiek multzo zatiezin bat osatzen dute, parke naturalaren kudeaketa guztiarekin koherentea dena. Azken batean, kontserbazioa eta iraunkortasuna kudeaketan txertatzeko plus bat da.
Mehatxu nagusiak
Ingurune natural horrek pairatzen dituen mehatxu nagusiak honako hauek dira: parke naturaleko baliabide edo elementuen erabilera ezegokia edo gehiegizkoa eta haien gaineko presio handiegia. Ekosistemen egonkortasuna eta bilakaera egokia bermatzen duten prozesu naturalak eta mekanismo biologikoak ez ezagutzea edo gutxiestea mehatxu faktore larria da. Bestetik, parkearen kudeaketari dagokionez, eraginkorra izateko beharrezkoak diren lege baliabideak, baliabide materialak eta giza baliabideak ziurtatu behar dira.
Kudeaketaren arloan, oso garrantzitsua da ingurumen hezkuntzarekin, sentsibilizazioarekin eta eskola-umeei nahiz herritar guztiei zuzendutako dibulgazioarekin zerikusia duen guztia. Parke naturaletako interpretazio zentroak (parketxeak) funtsezkoak dira horretarako. Izan ere, haien bidez lan etengabea egiten da hainbat kontzeptu ulertzen laguntzeko, zehazki sistema naturalen kontserbazioarekin, hobekuntzarekin, funtzionamenduarekin eta interakzioekin lotuta daudenak. Gainera, lan horri esker, herritarrek biodibertsitatea mantentzearen aldeko jarrera hartzen dute, gaur egun nahiz etorkizunean parke naturalean egin daitezkeen jarduerak eta erabilerak mugatu behar direla onartuz.
Epe labur eta ertaineko erronkak
Gaur egun, kalitatezko estrategia bat daukagu naturagune babestuen kudeaketarako. Estrategia horren baitan, Lurralde Historiko bakoitzak bere berezitasun eta ezaugarrien araberako ekintza ildoak garatzen ditu hiru lan arlo nagusitan: biodibertsitatearen kontserbazioa, erabilera publikoa eta ingurumen sentsibilizazioa eta eragin eremuen garapen sozioekonomikoa. Hiru arlo horietatik ekintza ildoak sortzen dira, eta ildoetatik jarduketa zehatzak, bost urterako kronograma batean banatuta. Epe laburreko erronka honako hau da: urte bakoitzean, kronograma ideal horretan aurreikusitako helburu zehatzen ahalik eta kopururik handiena gehitzea kudeaketari.
Bestetik, dagoeneko oso aurreratuta dagoen eginkizun bat nabarmendu behar da, garrantzi handikoa baita: Urkiola Natura 2000 Sarean egoteak kudeaketari dagokionez dakartzan betebeharrak araudi propioekin uztartzea. Araudi propioak honako hauek dira: Natur Baliabideen Antolamendurako Plana eta Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria. Bi dokumentu horien jatorria ekainaren 30eko 16/1994 Legea da, Euskal Herriko Natura Babesteko Legea alegia. Azkenik, gaur egun Erabilera Publikoari buruzko Egitamu Gidariaren ingurumen ebaluazio estrategikoa egiten ari da, Bizkaiko mendi eremu babestuetarako. Esan beharrik ez dago Urkiola egitamu horretan sartzen dela.
Halaber, kontserbazio prebentibo nahiz proaktiboaren arloko jardunbide egokien gidaliburua prestatzen ari da, gaur egungoak zein aurrera begira hartu beharreko neurri berriak bilduko dituena.
Urkiolako Parke Naturaleko Zuzendari kontserbatzailearen lana
Zuzendari kontserbatzailearen lana parke natural bakoitzaren eta dagokion administrazio kudeatzailearen arabera aldatzen da, ezaugarriak, eguneroko zereginak eta haien garapena kontuan izanik. Oro har esan daiteke zeregin nagusia parke naturalaren kudeaketa sustatzea dela. Zuzendari kontserbatzailea kudeaketaz arduratzen den pertsona da. Besteak beste, lanak planifikatu eta beharrezkoak diren inbertsioak aurreikusi behar ditu. Dena dela, bi eginkizun nagusi nabarmendu behar dira: batetik, parke naturalaren kudeaketarako araudiak sustatzea eta aplikatzea, batez ere Natur Baliabideen Antolamendu Plana eta Erabilerarako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria; bestetik, parke naturalaren helburu propioak lortzeari begira egokitzat jotzen dituen ekintza guztiak sustatzea eta, hala badagokio, aplikatzea.