GURE INGURUNEA

Euskadiko naturagune babesturik handienaren 20. urteurrena

Gorbeiako Parke Naturala

Fernando Cámara. Gorbeiako Parke Naturaleko zuzendari-kontserbatzailea

Gorbeiako parkeak natur eta kultur ondare bikaina gordetzen du: flora, fauna, formazio geologikoak, paisaia, bertako eta inguruko herriak… Horixe izan zen orain dela 20 urte naturagune babestuaren izendapena emateko arrazoi nagusia. Naturaz gozatzeko eskaintzen dituen aukera paregabeak balio handiko ondarea dira etorkizuneko belaunaldientzat.

Gorbeia ingurua 1994an izendatu zuten parke natural. Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoak hartzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko handiena da, 20.016 hektarea baititu.

Gorbeia orain dela 100 milioi urte baino gehiago eratu zen, itsasoaren azpian. Geroago, materialak tolestu eta goratu zirenean, izaki bizidunak naturagune hori kolonizatzen joan ziren milaka urtetan zehar. Pagoak, haritzak, ametzak, arteak, haltzak eta beste zuhaitz batzuk hazi ziren, baso zabalak eratuz. Baso haietako batzuek gaur egunera arte iraun dute, oso egoera onean. Gorbeiako tontorrean, aldiz, goi mendiko belardi zabal bat eratu zen, hango baldintza klimatikoek zuhaitzak haztea eragotzi zutelako. Leku batzuetan, lurzoruaren ezaugarri berezien eta euri ugarien ondorioz, eremu hezeak sortu ziren, hala nola esfagnal sakabanatuak, Altubeko hezeguneak eta Saldropoko zohikaztegi jadanik desagertua. Itxinako eta Aldamingo mendigune harritsuetako haitz soilen gainean, berriz, ingurune latz horretan bizitzera moldatutako landare bereziak hazi ziren.

Gorbeiako gurutze ospetsurantz igotzean, milaka urteko historian zehar gizakiak paisaian utzi duen «aztarna» ikus daiteke: monumentu megalitikoak, larreak, txilardiak, errotak, burdinolak, baserriak… Egurra ustiatzeko landatutako pinu, laritz eta altzifre baso handiak ere aurkituko ditugu.

Isilik eta adi ibiliz gero, aintzinako inguru horretan bizi diren hainbat espezie ikusi edo entzungo ditugu: baso-igel gorria, gailurretako uhandrea, horma-sugandila, oreina, orkatza, lepahoria, basakatua, okil handia, sai zuria, aztorea, harkaitz-zozo gorria… Gorbeialdeko baso, hezegune, belardi eta harkaitzetan bizi diren animalia ugarietako batzuk besterik ez dira.

Parkea ezagutzeko eta begirunez erabiltzeko ibilbide sarea

Hamalau ibilbidez osatutako sare batek parkean aurki daitezkeen natur eta kultur altxor ugariez gozatzeko aukera ematen du. Ibilbide horietako batzuk Arabako isurialdean hasten dira, eta beste batzuk Bizkaikoan. Sare horri esker, eremu babestu horretako paisaia ederrak aurkituko ditugu, bertako flora eta fauna behatzeko aukera izango dugu, eta lurralde horretan bizi izan ziren eta gaur egun bizi diren gizakien tradizioak eta kultura ezagutuko ditugu.

Ibilbideak isilik eta begirunez egiten baditugu, Gorbeiak bere aurpegirik naturalena «erakutsiko» digu. Basoetan eta mendiko larreetan barrena, ibai eta erreken ertzetik edo harkaitz artean ibiltzean, aise ulertuko dugu gaur egun Gorbeia zergatik den naturagune babestua. Gainera, berehala jabetuko gara eremu hori kontserbatzearen garrantziaz, etorkizuneko belaunaldiek ere bertako natur balio guztiez gozatzeko aukera izan dezaten.

Txangorik ohikoena gurutze ospetsura igotzea da. Hainbat ibilbide daude horretarako: Baia-Gorbeia, Pagomakurre, Murua… Beste ibilbide batzuetan giza historiaren «aztarnak» ikusteko aukera izango du bidaiariak, hala nola trikuharriak, menhirrak, artegiak, ikaztegiak, errotak eta txabolak.

Parkeko harribitxiak

Oso ugariak dira Gorbeiak eskaintzen dizkigun eta erraz gozatu ahalko ditugun balio paregabeak. Haietako batzuk soilik nabarmenduko ditugu:

Ingurumen hezkuntzarako eremua

Parkeak ingurumen hezkuntzaren arloko jarduera eskaintza zabala du. Jarduerak bi parketxeetan edo interpretazio, harrera eta sarrera zentroetan egiten dira:

Ikastetxeei zuzendutako programa lanegunetan egiten da, ikasturte osoan zehar. Mota guztietako bisitarientzako programa bat ere eskaintzen da urte osoan zehar (oporraldietan edota jaiegunetan). Azkenik, kultur jardueren programa dago (erakusketak, tailerrak, txangoak, hitzaldiak…), hala parkearen inguruko biztanleentzat nola bisitari guztientzat.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.