TXANGOAK
GR 123 Bizkaiko Bira
Balmaseda eta Laudio Gordexolatik
Testua eta argazkiak: Ainara Ibarra (ORBELA, Ingurugiroko Ikerketa eta Heziketa SM)
Bizkaiko Foru Aldundiak GR 123 Bizkaiko Bira mendi ibilbide luzea leheneratzeari ekin dio. 400 km inguruko ibilbide horrek gure lurralde historikoaren perimetroa zeharkatzen du, naturagune garrantzitsu asko ezagutzeko aukera emanez: Urkiolako, Gorbeiako eta Armañongo parke naturalak, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Ordunte mendiak, Lea eta Artibai ibaiak, Astondoko dunak...
GR 123 Bizkaiko Bira ibilbidea 18 etapaz osatuta dago. Goiz batean edo egun osoan egin daitezke, eta gehienak mendikoak dira, gure lurraldeko orografia oso menditsua baita. 2014ko lehen seihilekoan leheneratu diren bi etapak aurkeztuko dizkizuegu orrialde hauetan. Balmaseda eta Laudio lotzen dituzte, Gordexolatik.
BALMASEDA-GORDEXOLA (21,7 km, gehienezko desnibela: 790 m, 6 ordu inguru)
Ibilbide hau Balmaseda Erdi Aroko hirian hasten da. San Seberino plazatik abiatuko gara, elizaren ondotik, eta Lehendakari Agirre parkerantz joango gara. Han, eskailera batek herriaren kanpoaldera eramango gaitu.
Errepide gurutzagune bat atzean utzi ondoren, pinudi batetik igotzen hasiko gara, Celadilla edo Trasmosomos mendilerroko gailurretarantz. Oso mendizaleak direnak gailur horietara igo daitezke; guk Arbalitza eta Celadilla tontorren azpitik jarraituko dugu, mendi lepo bateraino. Beste aldeko mendi hegalera igaroko gara eta Bizkaiko eta Burgosko isurialdeen ikuspegi ederrak izango ditugu.
Espaldaseca eta Rioya mendien hegaletik jarraitu eta Rigadas mendaterantz jaitsiko gara. Hor, GR 123 ibilbidea GR 281 Enkarterrialde ibilbidearekin elkartzen da. Beherantz jarraituko dugu, Ayega ibaiaren ibilgua aurkitu arte. Zati luze batean ibaiertzeko basoaren itzalpean ibiliko gara. Santiago baselizaren alboan dagoen aisialdi eremuaren ondotik igaro ondoren, Iratzagorriko San Esteban elizara helduko gara.
Luze gabe, errepidera iritsiko gara. Ibaia zeharkatu eta etaparen azken zatiari ekingo diogu. Azken ahalegina eginez pinudi batetik igo, eta Gordexolarantz joango gara, Urarte auzoa zeharkatuz (izen ofiziala El Pontón–Urarte da). Herrerías ibaiaren ertzean antzinako burdinolak, jauregiak eta landetxe dotoreak ikusiko ditugu, udalerriaren iragan aberatsaren erakusgarri. Azkenean Molinar auzora helduko gara. Hortxe bukatzen da etapa.
GORDEXOLA-LAUDIO (21,3 km, gehienezko desnibela: 820m, 6 ordu inguru)
Molinar auzoko plazatik abiatuta, Zubieta auzorantz joko dugu, Oxirando dorretxea albo batean utziz. Herrerías ibaiaren ertzetik doan pasealekua hartuko dugu berriro, eta antzinako galtzadatik Zubietako jauregirantz joango gara. Azkarai auzoan bukatzen den auzo-bide batetik igoko gara. Auzoa zeharkatu ondoren, mendian sartuko gara.
Orain dela gutxi zaharberritu duten bide batetik igotzen hasiko gara. Antzina, bide horretatik jaisten zituzten hildakoak Gordexolako auzo garaienetatik. Harlauzen hondarrak ikus daitezke oraindik. Urtiaga auzoan hormigoizko bide eroso bat hartuko dugu eta Sagarminagara helduko gara, eta gero Miñaurrera, basoko pista batetik. Gordexola udalerriko azken baserriak auzo horretan daude.
Arabako lurraldean barrena, Kiputxeta mendiaren oinera helduko gara eta hegaletik inguratuko ditugu Gallarraga, Pagero eta Ganekogorta deiadar-mendia. Erdi Arotik aurrera, mendi horren tontorrean adarra jotzen zuten Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariei deitzeko. Ganekogortako tontorraren azpian bide bat aurkituko dugu, hasieran Pagasarrirantz eta gero Bilborantz doana. Garai batean kontrabandistek erabiltzen zuten bide hori. Guk Gazteluzar eta Kamaraka mendietarantz doan bidea hartuko dugu, eta azken gailur horretara iritsi baino lehen jaisten hasiko gara. Bidean Gerra Zibileko Burdin Hesiaren hondakinak aurkituko ditugu.
Eremuko Andra Mariaren santutegiaren ingurura helduko gara. Leku ezin hobea da indarrak berritzeko. Santa Apolonia baselizaren ondotik igaro ondoren, Errekabieta izeneko ibilbidearekin bat egingo dugu. Iñarrondo eta Larbide ibaien ertzean egokitutako bide ederra da. Laudioko Isasi auzoraino eramango gaitu. Herrian sartzen garenean, tren geltokiraino joango gara. Oso hurbil dago eta ibilbidea hortxe bukatzen da.
GR 123 ibilbidearen berriztapena
1990ean Bizkaiko Mendi Federazioak GR 123 ibilbidea atondu zuen, eta 2014an zaharberritze lanak egiten hasi dira, bi fasetan banatuta.
Lehen fasean antzinako bidezidorraren egoera aztertu da eta hainbat lan egiten ari dira azterlan horretan oinarrituta: bideak garbitu eta hobetu, norabidea seinaleztatu (marka zuri-gorriak eta zurezko seinaleak), eta informazio euskarriak jarri (ibilbidearen eta aukera guztien mapa daukaten panelak).
Lan horien helburua hainbat hobekuntza egitea da, horrelako ibilbideen eskariari erantzungo dion kalitatezko bidezidor bat sortzeko, hala turismoari nola aisialdiari begira. Horrela, inguru horretako biztanleen nahiz bisitarien eskura jarriko dira Bizkaiko natur eta kultur baliabide ugariak.