EKIPAMENDUAK
Balio naturalak eta kultur ondarea
Armañongo Parke Naturaleko informazio gunea (Turtzioz)
Ibon Hormaeche
Armañongo Parke Naturaleko informazio gunea Turtziozen dago eta Karrantzako interpretazio zentroaren osagarria da. Oso informazio interesgarria eskaintzen du Armañongo naturagune babestuaz eta bertan egin daitezkeen ibilbide ugariez.
Turtziozko informazio gunea Armañongo Parke Naturaleko sarbideetako batean dago. Bisitarientzat irekita dago asteburu eta jaiegun guztietan eta Aste Santuko, udako eta Gabonetako oporraldietan (asteartetik igandera). Turtziozko herrigunean dago, udal pilotalekuaren ondoko eraikinean eta Romañako San Pedro elizaren aurrean.
Ekipamendu berri hori 2014an inauguratu zen, Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustaturik, eta Armañongo parketxean dagoen jendearentzako harrera zerbitzuaren osagarria da. Parketxea Karrantzako Ranero auzoan dago, Pozalagua haitzuloaren aurrean.
Informazio guneak 60 metro karratuko azalera du. Parkeko balio naturalei, kultur ondareari eta lurpeko leize eta haitzuloei buruzko interpretazio moduluak daude, eta, horrez gain, hiru dimentsioko maketa handi bat, inguru horretan hain ugariak diren Historiaurreko hilobietan aurkitutako aztarna arkeologikoen erreplikak gordetzen dituen beira-arasa bat, eta naturagune babestuko ibilbiderik adierazgarrienak eta beste zerbitzu batzuk ezagutzeko aukera ematen duen modulu interaktibo bat.
Gainera, parkeari buruzko ikus-entzunezko erakargarri bat proiektatzen da informazio gunearen alboan dagoen aretoan.
Armañongo Parke Naturala
Armañon 2006an izendatu zuten parke natural. Edertasun paregabeko eta ingurumen interes handiko eremua da, 2.985 hektareakoa. Turtzioz eta Karrantza udalerrien artean banatuta dago.
Karrantza eta Agüera ibaien zintzurren artean, muino leunen eta mendi harritsuen errenkada batek osatzen du naturagunea. Gailurrik garaiena Armañon da; 854 metroko mendia da eta belardi zabalez estalita dago. Los Jorriosko mendigune karstikoa 837 metro garai da eta artadi trinkoak hazten dira bertan.
Lurrazalaren azpian lurpeko mundu zabal bat dago, katalogatutako 200 haitzulo eta leizez osatuta. Euri-urak kareharrian eragindako higaduraren ondorioa da.
Armañongo Parke Naturaleko informazio gunea (Turtzioz)
Udal pilotalekuaren gainean dago. Agirre Lehendakariaren etorbidea, 59
Ordutegia: 10:00-14:30. Larunbat, igande eta jaiegunetan irekita
Gabonetan, Aste Santuan eta udan (uztaila eta abuztua), asteartetik igandera arte irekita
Sarrera doakoa da