INGURUMENAREN GESTIOA
Kontsumo ohitura arduratsuak
Helburua: «Ontzi berrerabilgarriak erabiltzea»
Hondakinen Atala. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saila.
Gaur egungo gizartean gero eta ohikoagoa da ontziak erabiltzea. Produktua babestu eta kontserbatzen dute, eta, ingurumenari gero eta kalte gutxiago egiteko diseinatzen diren arren, haien erabilgarritasuna eta iraupena ondo aztertu behar dira. Europar Batasunak ontzien erabilera arduratsua sustatzen du. Horretarako, ontzi berrerabilgarriak hobetsi behar dira, behin erabili ondoren botatzen direnen ordez.
Supermerkatuetan plastikozko poltsak kobratzen hasi zirenetik, jende askok bere poltsa berrerabilgarria eramaten du erosketak egitera joaten denean. Laster, erosle guztien eguneroko ohitura izango da hori. Izan ere, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 Legeko bigarren xedapen gehigarria aplikatuz, Ingurumen Ministerioak biodegradagarriak ez diren plastikozko poltsak banatzea debekatuko du 2018rako.
Europako helburua 2019rako horrelako plastikoen kontsumoa %20 gutxitzea da, oraingo egoera zuzentzeko asmoz. Batez beste, EBko herritar bakoitzak plastikozko 200 poltsa erabiltzen ditu urtean, eta poltsa horien %90 inguru ez dira berrerabiltzen.
Hainbat saltokik aurrea hartu diote debekuari: materia organikorako edukiontzian (bosgarren edukiontzia) utzi ahal diren poltsa konpostagarrietan ematen dituzte erosketak. Hala egiten dute Txorierriko hainbat dendak, Mankomunitateak Foru Aldundiarekin batera aurrera daraman kanpaina baten barruan. Bosgarren edukiontzia erabiltzen duten pertsonek erosketak horrelako poltsetan emateko eska dezakete, erabiltzaile txartela erakutsiz. Ugaon eta Arratiako udalerri batzuetan, berriz, poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte eguneroko erosketak egiteko.
Dena dela, berrerabilpena eta hondakinen prebentzioa helburu duten ekimenak poltsatik harago doaz, eta erosketak garraiatzeko erabiltzen diren gainerako bilgarriak ere hartzen dituzte kontuan. Hala, esaterako, orain dela urtebete baino gehiago Arratia eskualdeko udalek eta Elgoibarkoak tuper berdeak eta urdinak banatu zituzten herritarren artean, erosketak egiterakoan ontzi hori eramateko ohitura har zezaten. Tuperrak gauza askotarako erabil daitezke, baina helburu nagusia hauxe da: erosten diren elikagai freskoak (okela eta arraina batez ere) etxera eramateko orduan sortzen den hondakin kopuru handia murriztea. Bestetik, 2011n erosketetarako orgak zozkatu zituzten Arratiako Mankomunitatean. Ikastetxeetan ere horrelako ekimenak garatu dira. 2013an, esaterako, Uribe Kostako Mankomunitateak hamaiketakoa eramateko tuperrak banatu zituen eskualdeko eskola-umeen artean, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan.
Merkatu handietan ere hondakin asko sortzen dira, eta horrek, gastu handiak eragiteaz gain, espazio arazo larriak sortzen ditu. Horregatik, gero eta gehiago hedatzen ari da ontziak berrerabiltzeko ohitura. Besteak beste, 2009an Mercabilbaok plastikozko kutxen garbiketa tren bat ezarri zuen, kutxak berrerabili ahal izateko. Horri esker, 6.500 tona hondakin inguru gutxiago sortzea lortu zuen eta, gainera, sari bat eman zioten ekimen berritzaile horrengatik.
Ontziak aurreztea, ingurumenaren aldeko ekintza izateaz gain, merkataritza estrategia ere bada. Saltoki batzuk estrategia hori erabiltzen hasiak dira, ontzien bidez bezeroek dirua aurreztu ahal dutela iragarriz. Italiako Saponando frankizia kateak Katalunian dituen saltoki ugarietan, adibidez, ontziratu gabe eros daitezke etxeko garbiketarako eta higiene pertsonalerako produktu ekologikoak, haietako asko biodegradagarriak. Bezeroak bere ontzia eraman dezake etxetik, eta dendan bete, edo ontzi berrerabilgarri bat eros dezake dendan bertan.
Gure inguru hurbilean, Bizkaia Esnea enpresak tankera horretako ekimen bat jarri du abian: 2009an esnea erosteko makinak jarri zituen hainbat lekutan. Horrela, bezeroek ontziak berrerabiltzeko aukera dute eta, gainera, erosten duten esnea fabrikan ontziratutakoa baino hobea da. Erraz aurkituko ditugu makina horiek, oso estetika berezia dutelako. Zallan, Balmasedan eta hiriburuko elikagai merkatu batzuetan daude.
Bestetik, Bizkaiko hiriburuko denda batzuetan soltean eros daitezke hainbat produktu, hala nola lekaleak eta arrozak, fruitu lehorrak, espeziak, zerealak, teak, kafeak… Paperezko bilgarrietan eramaten dira etxera, eta batzuek ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria dute. Horregatik, produktu horiek kontsumitzen ditugunean are gehiago laguntzen dugu ingurunea hobetzen.
Beraz, ontziak berrerabiltzea guztion eskura dagoen alternatiba erreala da. Erosketak egitera joaten garenean poltsa eta ontzi berrerabilgarriak eramateko ohitura hartzen badugu, hondakin kopurua gutxitzen lagunduko dugu. Gainera, ohitura aldaketa xume horri esker, dirua eta energia aurreztu eta ingurumena hobetuko dugu.
BERRIKUNTZA SUSTATU
Berrerabiltzeari lehentasuna eman behar bazaio ere, erabilera bakarreko ontziak birziklatzeko prozesua funtsezkoa da hondakinen kudeaketan. Berrikuntza teknologikoa da birziklapenak izan duen garapenaren gakoa, eta etorkizunari begira ere funtsezkoa izango da prozesu osoan, ontzi bat fabrikatzen denetik produktu berri edo lehengai bihurtzen den arte, ontziak biltzeko eta birziklatzeko erabiltzen den teknikarekin batera.
Horri dagokionez, Ecoembes erakundearen apustu nagusietako bat ekodiseinua da, edo, beste era batera esanda, ontzi iraunkorragoak sortzea. Ildo horretan, ontziak fabrikatzeko prozesuan enpresek neurri berritzaileak hartzea sustatzen du, pisua gutxitzeko, berrerabilpena errazteko, birziklapena hobetzeko edo lehengai birziklatuak erabiltzeko. Laburbildurik, ontzien aztarna ekologikoa gutxitzea du helburu.
1999tik, ekodiseinuaren arloko 34.350 neurri baino gehiago sustatu ditu. Horri esker, 444.000 tona lehengai aurreztu dira eta ontzien pisua %17 gutxitzea lortu da. Hona hemen lorpen zehatz batzuk, adibide gisa: jogurt ontzi baten pisua erdira murriztea, garagardo lata bat %17 arinagoa izatea edo ur botila batek jatorri berriztagarriko plastiko birziklatua edukitzea.
Iturria: ECOEMBES http://www.ecoembes.com