ELKARRIZKETA

«Haurrak gure hirietako ingurumenaren adierazle sentikorrak dira»

Francesco Tonucci

Pentsalaria, psikopedagogoa eta ilustratzailea (Frato izengoitiarekin). Fanon jaio zen (Italia), 1940an. Hezkuntzako Merezimenduaren saria jaso zuen 2011n. 1996az geroztik ikertzailea da Italiako Ikerkuntza Zentro Nazionaleko Kognizioaren Zientzia eta Teknologien Institutuan. 1991tik «Haurren hiria» nazioarteko proiektuaren sortzailea eta zuzendaria da. Proiektu horrek hirietan aldaketak egitea proposatzen du, haurrak ingurumen eta iraunkortasun parametrotzat hartuz. Francesco Tonuccik prestigio handia lortu du nazioartean eta gaur egun Italiako, Espainiako eta Latinoamerikako 200 bat hiriz osatutako sare bat koordinatzen du.

Bizkaia Maitea: Gaur egungo haurrek eta orain dela 50 edo 60 urtekoek hiria bizitzeko era aztertzen badugu, zein desberdintasun nabarmenduko zenituzke?

Francesco Tonucci: «Haurren hiria» proiektuak bi lan ardatz nagusi ditu: adigabeen parte-hartzea hiriaren gobernuan eta haien mugimendu autonomia. Nire ustez, orain dela 50 edo 60 urteko haurrekin alderatuta, bi horiek dira gaur egungo haurrek berreskuratu behar dituzten eremu nagusiak. Garai hartan inork ez zuen pentsatu ere egiten haurrek bizitza publikoa aldatzen eta erabakiak hartzen lagundu ahal zutenik. Haurren balioa etorkizunean kokatzen zen; haurrak «etorkizuneko» herritarrak ziren. Horretarako, helduei entzun eta begirunea erakutsi behar zieten; ahalik eta arinen haiek bezalakoak izaten ikasi behar zuten. Bestetik, bazkaldu edo etxerako lanak egin ondoren, haurrek etxetik irten ahal (behar) zuten lagunekin jolastera, beti ere denboraren, espazioaren eta portaeraren arloko arau batzuk errespetatuz. Hori guztiz normala iruditzen zitzaion mundu guztiari.

Gaur egun, zientziak argi erakutsi du bizitzako lehen urteak garrantzi handikoak direla. Gainera, 1989an Haurren Eskubideen Konbentzioak aitortu egin zuen jaiotzen garen unetik garela herritarrak eta haurrek beren iritzia emateko eskubidea dutela beraiei eragiten dieten erabakiak hartzeko orduan (12. art.). Bestetik, mugitzeko autonomia ia erabat desagertu da, gure herrialde mediterraneoetan behinik behin. Orain dela gutxi Italian egindako ikerlan baten arabera, lehen hezkuntzako haurren artean eskolara bakarrik joaten direnen ehunekoa %7 besterik ez da.

Beraz, esan dezakegu bi alderdi horiei dagokienez haurren egoera zeharo aldatu dela.

BM: Irabazi ala galdu egin dute? Zer irabazi eta zer galdu dute?

FT: Bi aldaketa horiek kontuan harturik, esan beharko genuke lehenengoan irabazi eta bigarrenean galdu egin dutela. Baina, tamalez, horretara ere ez gara iritsi, haurren garrantziaren eta balioaren aintzatespena oraindik formala eta teorikoa soilik delako. Oraindik ez da txertatu familiaren, eskolaren eta hiriaren portaeran. Bigarren aldaketari dagokionez, gure herrialdeetako haurrak garesti ordaintzen eta pairatzen ari dira autonomiaren galera.

Haurrak etxetik bakarrik irteteko aukerarik ez badu, ezin da jolastu, eta jolasteko aukerarik ez badu, ezinezkoa zaio «haztea». Ziurrenik, bizitzako lehen urteetan jolasa da haurraren garapenean eraginik handiena duen esperientzia. Izan ere, eskolak, familiak eta gizarteak zimendu horren gainean eraikiko dituzte ezagutzak eta trebetasunak.

Haurrak etxetik bakarrik irteteko eta lagunekin jolasteko aukerarik ez badu, ezin izango du bere energia fisikoa askatu. Haurren obesitatea eta gehiegizko pisua oso kezkagarriak dira pediatrentzat, eta lotura estua dute adingabeen ohituretan gertatu den aldaketa handi horrekin.

Haurrak etxetik bakarrik irteteko aukerarik ez badu, ezin izango du arriskuaren hotzikara bizi, ezinezkoa izango zaio bere jakin-mina asetzea eta bere transgresio beharrak betetzea. Horren ondorioz metatuko zaizkion desirak eta beharrak nerabezaroan soilik bete ahalko ditu, baina askoz ere arrisku handiagoarekin. Eskolako jazarpena, bandalismoa, alkoholaren eta drogen gehiegizko erabilera, moto eta auto istripuak edo gazteen suizidioak ez dira nerabezaroko dramatzat hartu behar, haurtzaroan hezkuntzaren arloan egindako akatsen berezko ondorioak direla ulertu behar da.

Haurrak hiriko espazio publikoetatik desagertzeak kostu handia dakar hiriarentzat ere: haurrik gabeko hiriak txarragoak dira, itsusiagoak, osasungaitzagoak, arriskutsuagoak. Haurrak beren kabuz mugitzen badira, haietaz arduratu behar gara, elkartasun giroa birsortu behar dugu eta, beraz, segurtasuna areagotu behar dugu. Eta polizia edo bideozaintza kamerak ez dira aski segurtasun hori bermatzeko.

BM: Eta hiri ereduaren aldaketa horrek nolako eragina izan du helduongan? Irabazi ala galdu egin dugu? Zer irabazi eta zer galdu dugu?

FT: Victoria 10 urteko neska bat da, Argentinako Rosario hiriko Haurren Kontseiluko kidea, eta hau esan zigun behin: «Helduena da erru guztia. Mugak jarri behar zaizkie helduei». Zaila da arrazoia kentzea. Bigarren Mundu Gerraren ostean hiriak berreraiki zirenean, gizonezko langile helduen neurrira berreraikitzea erabaki zen. Zehazkiago esanda, helduek erabaki zuten hori. Nahiago izan zuten hiriak beren automobilen beharretara egokitzea beren seme-alaben beharren arabera eraikitzea baino. «Helduentzako» hiri horietan, heldu, gizon eta langile ez direnek sufritu egiten dute, eta azkenean desagertu egiten dira. Jakina, helduok ere txarto bizi gara baldintza horietan. Interesgarria da ikustea haurrek aurkezten dituzten aldaketa proposamen gehienak zientzialarien proposamenen antzekoak eta haiekiko koherenteak direla (arkitektoez, soziologoez, psikologoez eta pediatrez ari naiz).

BM: Pertsona baten bizitzan, hazkuntzarik garrantzitsuena lehen urteetan gertatzen da. Hori kontuan izanik, gaur egun haurtzaroaz «gozatzen» dutenak nolakoak izango dira helduaroan?

FT: Lehen esan dudan bezala, arriskua oso handia da. Bizitzako lehen urteetan haurrek ezin badute abenturaren, aurkikuntzaren eta jolas librearen esperientzia bizi, hutsune horiek nekez beteko dira aurrerago. Horrexegatik uste dugu hiri demokratiko batek askatasun eta autonomia nahikoa bermatu behar diela herritar guztiei.

BM: Helduok erabakiak hartzeko gaitasuna eta ardura daukagu. Nola has gaitezke gaurdanik etorkizun hobe bat diseinatzen? Nola lor dezakegu «haurrek hiria edukitzea eta hiriek haurrak edukitzea»?

FT: Gure proiektuaren bidez etxetik bakarrik irteteko ahalmena itzuli nahi diegu haurrei, lagunekin elkartzeko eta beraiekin batera bizitzeko jolas librearen esperientzia, beraiek aukeratutako lekuetan (eta ez beraientzako parkeetan). Ildo horretan, «eskolara bakarrik joaten gara» izeneko esperientzia proposatzen dugu orain dela 20 urteko autonomia berreskuratzeko. Sei urtetik gorako haurrak eskolara lagunekin joan ahal izatea proposatzen dugu. Esperientzia hori galdu egin da gure hirietan, baina berreskuratu ahal dugu, eskolak eta udal administrazioak horretarako konpromisoa hartuz gero, dendariek eta adinekoek laguntzen badute eta pediatren aholkuak betez. Esperientzia zaila da, familien beldurra gainditu behar delako, baina gauzagarria da, eta oso pozgarria parte hartzen duten guztientzat.

BM: Agian, haurrak eta haien autonomian egiten diren aurrerapenak izango dira iraunkortasunaren eta eraikitzen ari garen etorkizunaren termometrorik onena…

FT: Nik hirietako ingurumen adierazle sentikortzat hartzen ditut haurrak, aspalditik. Enarak eta ipurtargiak, esaterako, ingurumen adierazletzat hartzen dira (desagertzen badira, horrek esan nahi du ingurumena kutsatuta dagoela). Bada, era berean, hiriko espazio publikoetan beren kabuz mugitzen diren haurrak egotea hiriaren osasunaren adierazlea da. Haurrak badaude, hiria osasuntsua da; haurrik ikusten ez bada, hiria gaixorik dago.

BM: Helduok gai gara (adinez) txikiak diren pertsona horiei entzuteko?, ala harroegiak (mesfidatiegiak) gara horretarako eta «ezer egiten ez dakiten» pertsona txikiak besterik ez direla pentsatzen dugu?

FT: Lehen esan dudan bezala, oraindik ez da aitortu haurren gaitasuna, zoritxarrez. Oro har, ezezaguna da oraindik eta ez da inoiz gauzatu, nahiz eta aurtengo azaroaren 20an 25 urte beteko dituen Haurren Eskubideen Konbentzioaren 12. artikuluan jasota dagoen. Orain dela 25 urte, Nazio Batuen egoitza ospetsuan bilduta, munduko pertsona heldu guztiek munduko haur guztiei hitz eman zieten beraiei eragiten dien erabaki bat ere ez zela hartuko beraien iritzia aintzat hartu gabe. Promesa ederra eta gezur biribila, haren arrastorik ez baitugu aurkitzen ez etxeetako portaeran, ez eskoletako ohituretan, ez hirien antolamenduan. Eta ez dugu ahaztu behar Espainiako estatuak ere lege hori bete behar duela. Izan ere, 1990ean Konbentzioa berretsi zuen eta, beraz, bere legedi arruntaren osagai bihurtu zen eta orduz geroztik loteslea eta bete beharrekoa da.

BM: Zein izango litzateke eskolaren eta familien papera eta ardura aipatu duzun aldaketa egiten laguntzeko eta haurrak inguratzen dituen errealitate zehatza ondo irakurtzeko?

FT: Orain dela hilabete batzuk Mario Lodi joan zitzaigun. Italiako maisurik onena eta nire lagun mina zen. Bere bizitza osoan aldarrikatu zuen eskola demokrazia ikastegia izan behar dela. Konstituzioa izan behar da haren erreferentzia etengabea, testuliburuen gainetik. Baina demokrazia ez da liburuen bidez irakasten; klaseko bizitzan egunero praktikatuz irakasten da, kooperazioa eta elkartasuna sustatuz, ahulenei lagunduz. Pribilegiodunak saritzeari eta behartsuak zigortzeari uko eginez ikasten da, abiapuntuak askotarikoak direla onartuz eta, beraz, ibilbideak eta helmugak ere askotarikoak izan behar direla aintzat hartuz.

Francesco Tonucci con su desaparecido gran amigo Mario Lodi.

Oso garrantzitsua da familiak eskolarekin solidarioak izatea hain funtsezkoa den hezkuntza lan horretan. Seme-alabak guztiaren gainetik jartzeari utzi behar diote, haien alde soilik egiteko ohitura baztertuz eta ikaskiderik ahulenak, atzerritarrak edo desgaituak aintzat hartuz.

BM: Zuk esperientzia handia duzu arlo horretan. Gizarte arazo bat haurren protagonismotik abiatuta bideratu eta konpondu den kasu praktikoren bat azaldu ahal diguzu?

FT: Gustatuko litzaidake Espainiako administratzaile guztiek bidaia bat egitea Pontevedrara. Orain dela 10 urte, hango alkateak nire hitzaldi bat entzun zuen, nire proposamenak onartu zituen eta bere administrazio politika erabat aldatzea erabaki zuen, honako lehentasun hauen arabera: lehenik haurrak (oinezkoak eta bizikletak), bigarrenik garraiobide publikoak, eta azkenik auto pribatua. Gaur egun Pontevedra ez da gainerako hiriak bezalakoa, guztiz bestelakoa baizik. Pertsona guztiak mugitu ahal dira hirian, baina haurrei eta ahulenei lehentasuna emanez. Orain hiri ederragoa da, osasuntsuagoa, seguruagoa eta alaiagoa, haurrez beterik dagoelako. Adibide horrek oso argi erakusten du proiektu hau egingarria dela eta haurrek bide berri bat erakutsi ahal digutela.

BM: Bukatzen joateko, zure ustez Fratoren ironiak hezkuntza sistemari buruzko hausnarketa pizten lagundu du? Zein da umorearen lekua hezkuntzan?

FT: Eskola oso mundu itxia da eta nekez onartzen ditu kritikak. Hala ere, Fratok mundu horretan sartzeko gaitasuna edo zortea izan du, sarri askotan satira gogorra eta garratza erabiltzen duen arren. Zure galdera oso egokia da. Berez, binetek ezin dute aldaketarik ekarri, baina emozioak piztu ahal dituzte, kontzientzia hartzen lagundu ahal dute. Agian, bineta ikusten duenak hau esango du: «Egia da, niri ere gertatzen zait!». Horra iritsita, jendea banatu egiten da: batzuek haserre eta minduta baztertuko dute bineta, egileari gaitasunik eza leporatuz; beste batzuk, ordea, hunkitu egingo dira eta aldaketarako tresna egokiak bilatzeari ekingo diote.

BM: Elkarrizketa honetan partekatu ditugun gogoeta ugarietakoren bat nabarmentzen duen binetaren bat oparituko liguke Fratok Bizkaia Maitea aldizkaria irakurtzen dugunoi?

FT: Nire ustez, bineta honek oso ondo laburbiltzen du gure proiektua, oso mezu indartsua duelako: kalean jolasten ari diren haurrek seguru bihurtzen dute errepidea. Jakina, egoera aldatzen dute, espazio publiko osoa gure erosotasunerako eta gure autoetarako erabiltzea eragozten digute, baina osasuna, edertasuna, segurtasuna eta lasaitasuna itzultzen dizkiete gure hiriei.

«La città dei bambini»

Hiria administratzeko filosofia berri honen helburuak garrantzi gutxikoa eta xumea dirudi: berriz ere haurrak bakarrik irten ahal izatea etxetik, arratsalde osoa telebistaren aurrean ematera kondenatuta ez egotea, eskola batetik bestera presaka ibili behar ez izatea, kalean adiskideak egin eta jolasaren bidez aurkikuntzak egin ahal izatea. Zer esan nahi du horrek hiriari dagokionez? Bada, hiria aldatu egin behar dela, osorik eta goitik behera, baina apurka-apurka.

Premiazkoa da hiria birpentsatzea, aldatu nahi izatea eta pertsona guztientzat egokia izatea (baita haurrentzat ere). Kontua ez da atzera egitea, iraganerantz, 40ko urteetako landa eremuko edo auzoetako erromantizismoaren bila, baizik eta hiria bestelako etorkizun baterako prestatzea. Etorkizuna ezin da ekoizpen komertzialaren menpe egon, ongizatean eta elkartasunean oinarritu behar da, horretarako pentsatu behar da, eta haurrak dira etorkizun horren ikurra, erronka eta bermea.

http://www.lacittadeibambini.org/spagnolo/interna.htm

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.