BRIKOLAJE EKOLOGIKOA
Erabaki aurretik, informazioa bildu eta hausnartu
Ura: botilakoa ala iturrikoa?
Trinidad L. Vicente
Eskaintza eta eskariaren arabera funtzionatzen duen gizarte batean, sustatu behar den jardunbide iraunkorrik onena eta errealistena produkturik iraunkorrenen balioak azpimarratzea eta tokian tokiko produktu ekologikoak lehenestea da, besteak beste. Bestelako produktuak ez dira debekatu behar. Kontzientziatutako kontsumitzailez osatutako merkatu arduratsua izango da arautzailerik onena. Eta hori uraren kontsumoari ere aplikatu ahal zaio.
Ontziratutako uraren kontsumoa gero eta handiagoa da munduan, 85 mila milioi eurotik gorakoa zenbait iturriren arabera. Pertsonako kontsumoari dagokionez, Ipar Amerika dago lehen tokian, baina hazkunde kolektiborik nabariena Mexikoko, Indiako eta Txinako hiri handietan gertatu da.
Kostu handiak
Jende askok uste du botilako ura iturrikoa edo putzu seguruetakoa baino hobea dela. Kasu askotan hala ez den arren, horrexegatik da hain handia botilako uraren kontsumoa. Bestetik, botilako urak kontsumo publikokoak baino askoz kostu handiagoa dauka, energia gehiago behar du eta hondakin berriak sortzen ditu. Horregatik, iraunkortasunaren ikuspegitik botilako uraren eraginkortasuna iturriko urarena baino askoz txikiagoa da. Gainera, iturriko ura kontrolatuta eta araututa dago.
Edateko ura energia era “ekonomikoan” erabiltzen duen azpiegitura baten bidez iristen zaigu. Botilako ura, ordea, leku urrunetara garraiatu ohi da, itsasontziz, trenez, hegazkinez edo kamioietan, eta garraiatzean erregai fosil asko erretzen dira. Arazo hori are larriagoa da marka dotore eta exotikoen merkatu elitista berrian. Merkatuaren eta marketinaren ekonomia globalean oinarrituta, horrelako markak indar handiz sartzen ari dira sektore batzuetan, eta ur horietako askoren jatorria askoz ere urrunagoa edota exotikoagoa da.
Bestetik, ura botilaratzeko prozesuan erregai fosil gehiago erabiltzen dira. Ur botila gehienak egiteko erabiltzen den lehengai nagusia polietilen tereftalatoa da, petrolio gordinetik deribatutako plastiko bat. AEBetako Ontzien Birziklapenerako Institutuaren arabera, urtean 2,7 milioi tona plastiko inguru erabiltzen dira horretarako mundu osoan.
Hondakinik onena sortzen ez dena da
Logikoki, plastikozko ur botilen kopurua gutxitzen badugu, haien erabilera egokiak edo desegokiak sortzen dituen hondakinen arazoa konpontzen lagunduko dugu. Eta esan beharrik ez dago erabilera desegokiak askoz ere arazo larriagoa sortzen duela.
Gainera, botilako uraren jatorria diren planetako hainbat lekutan, komunitate batzuk arazoak izaten ari dira jatorrizko iturriak agortzen ari direlako. Mendebaldeko hedabide batzuek horren inguruko salaketak jaso dituzte. Hala, esaterako, Indiako hainbat herrixkak Dasani marka salatu dute: kexu dira enpresa botilaratzailea beraien ura salmentarako ustiatzen hasi zenetik ur eskasia dutelako. Texasen eta Ipar Amerikako Aintzira Handien eskualdean ere horrelako arazoak sortu dira.
Hori guztia kontuan izanik, eta Bizkaiari dagokionez, iraunkortasuna bultzatzeko jarrerarik zentzuzkoena eta arduratsuena honakoa izan behar da aurrerantzean ere: hondakin gutxiago sortzeko konpromisoa hartzea; tratamenduak hobetzea eta herritarren inplikazioa handitzea; kontsumo ohitura arduratsuak bultzatzea; hondakin frakzio guztiak inguru hurbilean tratatzea, arazo hori beste herrialde batzuetara eraman beharrean eta, batez ere, herrialde horietan ingurumenaren eta garapen iraunkorraren arloko arazorik sortu gabe; eta garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza teknologiko eta ekonomikoa indartzea. Izan ere, aurrerapenak egin diren arren, oraindik oso urrun daukagu Nazio Batuek 2015erako adostu duten helburua, hau da, edateko ur seguruaren hornidura fidagarri eta iraunkorra ez duen jendearen proportzioa erdira murriztea.
Iturriko ura kontsumitu: jokaera arduratsua eta iraunkorra da
Ura osasuna da. Hidratazioa funtsezkoa da gure organismoaren funtzionamendu egokirako, eta egunean 2 litro ur inguru edatea gomendatzen da. Hona hemen Bizkaiko Foru Aldundiko Hondakinen Atalak botilako ura edan beharrean iturrikoa edateko ematen dizkigun 5 arrazoi:
- Prezioa: botilako ura iturrikoa baino 200-1.000 aldiz garestiagoa da. Haren prezioa gasolinaren edo gasolioaren prezioaren parekoa da. Prezioaren %90 botilaratzeari, garraioari, banaketari edo marketin kanpainei dagokie.
- Energia kontsumoa: plastikozko ontzietan botilaratutako litro laurden bat ur ekoizteko, energia eta lehengai asko kontsumitzeaz gain, batez beste 185 gramo CO2 igortzen dira atmosferara, hau da, automobil batek kilometro batean igortzen duen kopuru bera. Ura iturrikoa bada, ordea, 0,3 gramo soilik aireratzen dira. Gainera, botilako ura garraiatzean igortzen den guztia gehitu behar diogu kopuru horri. Eta ba al zenekien litro bat petrolio behar dela plastikozko 10 botila egiteko?
- Sortzen diren hondakinak: iturriko ura edaten badugu, plastikozko botilak ez dira beharrezkoak. Beirazko ontzi edo pitxer bat erabiltzen dugu, %100 birziklagarria, bizitza amaigabekoa eta plastikozko hondakinak baino iraunkorragoa tratamenduari dagokionez.
- Osasunerako segurtasuna: iturriko ura botilakoa baino «freskoagoa» da. Izan ere, ondo aireztatuta dauden lurpeko hornidura sistemen bidez banatzen da, giroko tenperaturak ia ez du eraginik banaketa sarean, eta uraren kalitatea bermatzen duten osasun kontrol zorrotzak egiten dira (otsailaren 7ko 140/2003 ED). Gainera, botilako ur guztiak ez datoz iturburu naturaletatik.
- Zerbitzu publikoa da, herritar guztien eskubidea. Kalitateari nahiz osasun bermeari dagokionez zerbitzu hori egoera onean mantentzeak eta «uraren ziklo integrala» zaintzeak ekosistemen iraunkortasuna bermatzen du eta gure ondasun naturalen inguruko espekulazioa eragozten du.