GURE INGURUNEA

2014, Bizkaiko naturagune babestu nagusien babes figuren urteurrena

Kontserbazioa, Bizkaiaren garapen iraunkorrerako baliabidea

Maria Uribe. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari nagusia

Naturaren kontserbazioa giza jarduerak bazterturik dauden natur erreserba hertsiekin lotu ohi dugu. Bizkaiko naturagune babestuetan beste era batera lan egiten da. Helburua ez da basa bizitzaren santutegiak sortzea soilik, baizik eta, horrekin batera, gizakia ere naturaren osagaia dela onartzea: kultur paisaia partekatzen da.

Naturaren kontserbazioa eta garapen iraunkorra gure gizartearen kezka eta erronka etengabea dira, herritarrena, botere publikoena, gizarte zibilarena eta enpresena. Kezka horren funtsa honako hau da: baliabide naturalen ustiapen iraunkorra sustatzea, gure lurraldeko flora eta fauna espezieak eta geodibertsitatea babestea, jarduera ekonomikoa bultzatzea eta, azken batean, lurraldearen kontserbazio egoera ona bermatzea eta herritarren bizi kalitatea eta garapena ziurtatzea.

Gure lurraldeko baliabide naturalak, funtsezko prozesu ekologikoak eta paisaien edertasuna babesteko, kontserbazio sistema bateratu bat sortu behar da, etorkizuneko belaunaldien ongizatea arriskuan jarriko ez duen garapen integratuaren berme gisa. Ildo horretan, hainbat araudi eta babes figura onartu dira. Haien bidez, kontserbazioaren lege-araubidea ezarri da, ekonomiaren nahiz gizartearen arloko garapen ordenatuarekin bateragarria dena eta arlokako politika guztien uztarketa ahalbidetu eta bermatzen duena. Horretarako, beharrezkotzat jotzen da botere publikoen jarduketa eraginkorra, lurralde eremu horietako biztanleen nahiz eragile bizien inplikazioa eta, nola ez, herritar guztien parte-hartzea.

2014an babesaren eta garapen iraunkorraren arloko hiru figuraren urteurrena ospatzen dugu Bizkaian:

Banan-banan aurkeztuko dizkizuegu naturagune babestu horiek. Hobeto ezagutzen baditugu, beste urte askoz gozatu ahalko ditugu eta Bizkaiko ondarea hobetuko dugu, oso ondare oparoa baita etorkizuneko belaunaldientzat eta planetarentzat ere.

Partekatu eta erabakiak guztion artean hartu, kudeaketa hobetzeko

Naturaguneak babestearen helburua ez da basa bizitzaren santutegiak sortzea soilik, baizik eta, horrekin batera, gizakia ere naturaren osagaia dela onartzea. Hain zuzen ere, Gorbeia, Urkiola eta Urdaibai bertako biztanleek antzinatik erabili dituzten moduagatik dira baliotsuak geodibertsitatearentzat eta basa animalia nahiz landareentzat. Horregatik, giza jarduerak bultzatuz eta haietako asko desagertzen ari direla kontuan hartuz babestu nahi dira horrelako lekuek dituzten balioak, natura kontserbatzeko politika aktiboekin batera eta modu kohesionatuan. Hau da, ekonomia jarduera tradizionalak sustatu nahi dira, baina kontu handiz eta berrikuntza erabiliz, natur eta kultur ondareari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko. Bizkaiaren garapen iraunkorraren aldeko beste apustu bat.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.