INGURUMEN OSASUNA
Ontzietarako materialen erabilera elikagaien industrian
Elikagaiekin kontaktuan dauden materialak
ELIKA, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa. www.elika.net
Elikagaiekin kontaktuan dauden materialak honako hauek dira: elikagaiekin zuzenean edo zeharka kontaktuan egongo diren materialak edo objektuak (beira, papera, metalak, plastikoak, inprimatzeko tinta, zura, ontziak eta bilgarriak, sukaldeko tresnak, edukiontziak...).
Elikagaiekin zuzenean edo zeharka kontaktuan egongo diren materialek edo objektuek ezin dituzte euren osagaiak honako kopuru hauetan transferitu elikagaietara: giza osasunerako kopuru arriskutsuan, elikagaien osaera era onartezinean alda dezakeen kopuruan, edo elikagaien ezaugarri organoleptikoak alda ditzakeen kopuruan.
Elikagaiak eta materialak: interakzioak
Elikagaiak hainbat materialekin egoten dira kontaktuan fase guztietan: ekoizpena (makinak, ekipamendua, instalazioak, ontziratzea), prestaketa (tresnak, horiek ekoizteko gaiak), kontsumoa (platerak, mahai-tresnak, tuperrak, edalontziak…) eta biltegiratzea (latak, ontziak, edukiontziak…).
Kontaktuan jartzean, materialek beren osagaiak transferitu ahal dizkiote elikagaiari, eta elikagaiaren osaera edo ezaugarri organoleptikoak aldatu. Horregatik, elikagaiekin kontaktuan egon daitezkeen material guztiak behar bezain inerteak izan behar dira, elikagaietara transferitzen dituzten substantzien kopuruak pertsonen osasuna arriskuan jar ez dezan.
Gehien erabiltzen diren eta elikagaiekin elkarreragina izan dezaketen materialak honako hauek dira: material plastikoak eta material aktibo eta adimendunak.
Lehenak materia plastikoz soilik eginda daude edo hainbat plastiko geruzaz osatuta daude. Horiek ekoizteko, substantzia baimenduak baino ezin dira erabili. Substantzia horiek Europako zerrenda positibo batean jasota daude (10/2011 Araudiaren I. eranskina).
Material eta objektu aktibo eta adimendunen eginkizuna honako hau da: ontziratutako elikagaiaren bizitza baliagarria luzatzea, elikagaia kontserbatzea edo haren egoera hobetzea. Horretarako, elikagaiko edo haren inguruneko substantziak askatzen edo xurgatzen dituzten osagaiak dituzte.
Araudiak
Elikagaiekin kontaktuan dauden materialei buruzko araudi hauek daude indarrean Europar Batasun osoan:
- 1935/2004 Araudia (EE), elikagaiekin kontaktuan egongo diren material eta objektuei buruzkoa.
- 2023/2006 Araudia (EE), elikagaiekin kontaktuan egongo diren materialak eta objektuak ekoizteko jardunbide egokiei buruzkoa.
- 450/2009 Araudia (EE), elikagaiekin kontaktuan egongo diren material eta objektu aktibo eta adimendunei buruzkoa.
Gainera, zenbait materialek berariazko legeria bateratua dute, haien baldintza zehatzak definitzen dituena: material plastikoak, material eta objektu aktibo eta adimendunak, kautxua, zelulosa, zeramika, deribatu epoxidikoak eta material polimerikoak.
Etiketatzea
1935/2004 Araudiko 15. artikuluaren arabera, merkaturatzeko orduan, elikagaiekin kontaktuan egongo diren material eta objektuek etiketa edo errotulazioa eraman beharko dute, honako datu hauek izango dituena ikusgai, irakurtzeko moduan eta ezin ezabatzeko eran:
- «Elikagaiekin kontaktuak egoteko» adierazpena edo erabilerari buruzko azalpen zehatza, hala nola ardo botila, zopa-koilara edo kopa eta sardexkaren sinboloa.
- Marka ez da nahitaezkoa izango, baldin eta haien ezaugarriak direla eta argi eta garbi badago objektu horiek elikagaiekin kontaktuan egongo direla.
- Beharrezkoa bada, modu egokian eta seguruan erabiltzeko jarraitu beharreko argibide bereziak.
- Izena edo izen komertziala eta ekoizlearen, eraldatzailearen edo saltzailearen helbidea edo egoitza.
- Materialaren edo objektuaren trazabilitatea ahalbidetuko duen identifikazio egokia, haren gaineko kontrola errazteko, produktu akastunak merkaturik kentzeko, kontsumitzaileei informazioa emateko eta erantzukizunak egotzi ahal izateko.
- Material eta objektu aktiboei dagokienez, honako informazio hau: baimendutako erabilerak eta osagai aktiboak askatzen duen substantziaren izena eta kopurua.
- Txikizkako salmentari dagokionez, lehen aipatutako informazioa material eta objektuetan edo haien ontzietan adieraziko da, ontziei itsatsitako etiketetan zein material eta objektuetatik hurbil eta erosleek ikusteko moduan dagoen errotulu batean.
Elikagaiekin kontaktuan dauden materialen arrisku toxikoak
Semikarbazida (SEM) elikagai ugaritan dagoen eta jatorri anitzak izan ditzakeen kutsatzailea da. Albaitaritzan erabiltzen den nitrofurazona sendagaiaren metabolito bat da, eta EBn debekatuta dago elikagaietarako animalietan erabiltzea. Beirazko ontzien tapa metalikoetako ixte-junturetan erabilitako material plastikoaren migrazioaren ondorioz egon daiteke elikagaietan. Haren jatorria azodikarbonamidaren degradazio termikoa da. Plastikozko junturetan erabiltzen den gehigarri hedatzailea da azodikarbonamida.
2005ean, Elikagaien Segurtasuneko Europar Agintaritzak (EFSA) debekatu egin zuen azodikarbonamida erabiltzea elikagaiekin kontaktuan egongo diren materialetan. Halaber, elikagaien kutsaduraren 5 iturri posible identifikatu zituen, eta garrantzitsuena hau da: semikarbazidaren transferentzia beirazko potoetan eta plastikozko junturez zigilatutako metalezko tapen bidez itxitako botiletan ontziratutako zenbait elikagaitara. Kutsaduraren iturri nagusia umeentzako elikagaiak dira.
Bisfenol A konposatua elikagaietarako eta edarietarako ontziak (biberoiak eta baxera barne) egiteko eta elikagaien edukiontziak barrutik estaltzeko erabiltzen den polikarbonato plastikoaren osagai bat da. EBn baimenduta dago elikagaiekin kontaktuan dagoen material gisa.
2011n, zuhurtasun printzipioa aplikatuz, bularreko haurrentzako biberoietan bisfenol A-ren erabilera murriztea erabaki zuen Europako Batzordeak. Espainian, 2011ko martxoaren 26az geroztik debekatuta dago substantzia hori erabiltzea bularreko haurrentzako biberoien fabrikazioan (PRE/628/2011 Agindua).
Bisfenol A konposatuak eragina izan dezake hormona-sisteman (disruptore endokrinoa), ugalkortasunaren eta ugalketaren kalterako. Horregatik da arriskutsua. Gaur egun, datu zientifiko berriak daudenez, EFSAk bisfenol A konposatuaren arriskuen ebaluazioa eguneratu eta Eguneko Dosi Onargarri berria ezarri du: 0,05 mm gorputz-pisuaren kilogramo bakoitzeko.
4-metilbenzofenona (4MBF) inprimatzeko laken eta UV tinta flexografikoen fotohastarazle gisa erabiltzen da, eta ontzien azalean aplikatzen da (kartoizko kutxen azalean batik bat). Oso lurrunkorra denez, ontzira migratu eta elikagaiak kutsatu ahal ditu (solidoak barne). 2009ko martxoan, EFSAk gosaltzeko zereal batzuetan dagoen 4-metilbenzofenonari buruzko adierazpen bat plazaratu zuen: epe motzera, gosarian zereal kutsatuak kontsumitzea ez da arriskutsua izango pertsona gehienentzat, baina 4-metilbenzofenona erabiltzen jarraitzen bada, datu gehiago jaso beharko dira arriskuaren ebaluazio osoa egiteko.
Ondorioak
- Erabiltzen ditugun ontziak elikagaiak gordetzeko egokiak diren materialez eginda egon behar dira.
- Aurreikus daitekeen erabilera normalean ez dituzte beren osagaiak elikagaietara transferitu behar.
- Etiketan beti agertu behar da «elikagaiekin kontaktuak egoteko» adierazpena edo kopa eta sardexkaren sinboloa. Era egokian erabiltzeko azalpen eta argibideak ere agertu behar dira.
- Merkaturatzen diren materialak eta objektuak ondo identifikatuta egon behar dira, etiketaren, informazio egokiaren edo dagokion dokumentazioaren bidez.
- Elikagaien Segurtasunerako Europar Agintaritzak (EFSA) datuak biltzen ditu etengabe, osagai guztien arriskuak ebaluatzeko.