INGURUMENAREN GESTIOA
Gero eta pertsona gehiagok pairatzen dute
Pobrezia energetikoa
Matxalen Apraiz
Pobrezia energetikoa honela defini daiteke: etxeko beharrak betetzeko nahitaezkoak diren energia zerbitzu guztiak eskuratu ezin dituzten edota diru sarreren parte handiegi bat energiaren faktura ordaintzeko erabili behar duten familien edo etxeen egoera.
Hiru faktore nagusi daude pobrezia energetikoaren jatorrian: etxebizitzen eraginkortasun energetiko apala, energiaren kostua, eta familien diru sarrera urriak. Ondorioei dagokienez, honako hauek dira larrienak: osasunaren gaineko inpaktuak, etxebizitzen degradazioa, familien zorpetze mailaren igoera eta, kasu batzuetan, CO2 emisio handiak.
Orain dela gutxira arte, pobrezia energetikoa kontzeptu ezezaguna zen herrialde askotan. Azken urteotan, ordea, gero eta garrantzi handiagoa hartu du gizarte eta ingurumen arazo gisa. Kezka hori gure ingurura ere iritsi da, eta lehen protesta sozialak piztu dira. Horren ondorioz, komunitate eta herrialde askok beren agenda politikoan sartu dute apurka-apurka. Europako Batzordea bera ere dagoeneko hasia da pobrezia energetikoaren kontzeptua aintzat hartzen energiaren arloko eta kontsumitzaileentzako babesaren arloko politikak diseinatzeko orduan. Hala, elektrizitatearen eta gasaren barne merkatuari dagozkion 2009/72/CE eta 2009/73/CE zuzentarauek gai horri heltzeko planak garatzera behartzen dituzte Europar Batasuneko kide diren estatuak. Europako gainerako zuzentarauak bezala, Espainiak bere legerian txertatu beharko ditu, benetan aplika daitezen. Kataluniak 2015erako plangintza energetikoan txertatu du.
Ildo horretan, aipatu beharrekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde historiko horretako pobreziari eta gizarte bazterketari buruz 2013ko irailean egindako txostena. Haren arabera, Gipuzkoako familien %9 inguruk pobrezia energetikoa pairatzen dute, diru sarreren %10 baino gehiago energiaren faktura ordaintzeko erabiltzen dituztelako (%9,4), urteko hilabete hotzetan etxea tenperatura egokian edukitzea ezinezkoa zaielako edo energia kontsumoarekin lotutako fakturak ordaintzeko orduan atzerapenak izaten dituztelako. Gaur egun ez dago pobrezia energetikoa neurtzeko sistema bakar bat, ez dago mundu guztiak ontzat jotzen duen sistemarik. Hala ere, txosten horren emaitzek oso argi uzten dute pobrezia energetikoak gure gizarteko sektore handi bati eragiten diola eta ondorio kaltegarriak izan ditzakeen fenomenoa dela. Europari dagokionez, estatistika eta azterlan aipagarririk ez dagoenez, ezinezkoa da arazo hori pairatzen duen pertsona kopuruari buruzko datu zehatzak ematea. Nolanahi ere, egindako kalkuluen arabera, Europan egoera hori jasaten duen pertsona kopurua 50 eta 125 milioi bitartekoa dela uste da, eta segur aski kopuru horrek gora egingo du krisi ekonomikoaren ondorioz eta energiaren prezioaren igoera etengabearen eraginez.
Espainiako estatuan zazpi milioi pertsonak pairatzen dute pobrezia energetikoa, eta krisiak eta langabeziak larriagotu egiten dute arazoa. Datu horien arabera, Europar Batasunean pobrezia energetikorik handiena duten herrialdeetan laugarrena da Espainia (2012an 54 milioi pertsonak jasan zuten egoera hori Europar Batasuneko estatuetan). Hala adierazten du Ingurumen Zientzien Elkarteak (ACA) Espainiako Pobrezia Energetikoari buruz egindako bigarren txostenak. Azken datuak 2012koak dira eta, haien arabera, langabezian dauden hiru familiatik bat pobrezia energetikoa pairatzeko arrisku handian zegoen. Txostenak dio arazo hori prebenitzeko eta arintzeko estrategia nazional bat diseinatu behar dela. Ildo horretan, epe ertain eta luzerako irtenbiderik onena eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea izango litzateke.
Pobrezia energetikoa uste dugun baino askoz hedatuago dago, eta elektrizitatearen prezioa da arrazoi nagusietako bat. Arazo hori jasateko arriskurik handiena duten kolektiboei argiaren, uraren nahiz gasaren hornidura ez eteteko neurriak exijitu dira dagoeneko Parlamentuan. Besteak beste, energiaren eta uraren prezio justuagoak ezartzea eskatu da, eta argindarraren prezioen igoera etengabea gelditzea.
Hori guztia dela eta, behar-beharrezkoa da pobrezia energetikoa ikusgarria izatea arlo politiko, ekonomiko nahiz sozialean, arazoari aurre egiteko moduak aztertu ahal izateko. Neurri horietako bat etxebizitza berrietan eta, batez ere, dagoeneko eraikita dauden etxeetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko programak izan daitezke, arazo hori pairatzen duten etxebizitzei lehentasuna emanez. ACAren arabera, urtean 2.150 milioi euro beharko lirateke Espainian pobrezia energetikoa pairatzen duten 2,1 milioi etxebizitzak zaharberritzeko (2010eko datua). Inbertsio horrek 35.000 lanpostu sortuko lituzke 2030era bitartean. Halaber, tarifa elektrikoak aztertu beharko lirateke, igotzeak pobrezia energetikoa areagotuko bailuke datozen urteetan. Gainera, kontsumitzaileek energia gastua murrizteko har ditzaketen neurriak ere bideratu beharko lirateke.
Kontzeptuaren jatorria
Pobrezia energetikoaren kontzeptua (ingelesez fuel poverty edo energy poverty) Erresuma Batuan sortu zen, hirurogeita hamarreko urteetan. Garai hartan, familiek gaur egun baino errenta maila txikiagoa zuten baina kostu energetiko handiagoei egin behar zieten aurre, petrolioaren krisiaren eraginez eta etxebizitzen energia eraginkortasun eskasaren eraginez. Hala ere, kontzeptu hori Brenda Boardmanek definitu zuen lehen aldiz, 1991n. Hasieran, familiek etxea tenperatura egokian edukitzeko ezgaitasuna definitzeko erabiltzen zen, baina gaur egun, berokuntza ez ezik, gainerako behar energetikoak ere hartzen dira kontuan (argiztapena, ur beroa, hozte sistemak, sukaldea, etxetresna elektrikoak…).
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.