LURRA IZENEKO PLANETAN

Animalia basatien bila (III)

Pumak Patagonian

Testua eta argazkiak: Andoni Canela

Looking for the wild proiektuaren barruan Andoni Canela sei kontinenteetan barrena egiten ari den bidaiako hirugarren etapa honetan Amerikako lurralderik hegoaldekoenera joango gara, Patagoniara, eta pumarekin izandako bizipenak kontatuko dizkigu. Puma lurralde horretako biztanlerik ospetsuenetako bat da.

Puma felido dotorea, zalua eta oso indartsua da. Latinoamerikako leku askotan lehoia edo 'mendiko lehoia' esaten diote. Amerikako kontinente osoan bizi da, Alaskatik Patagonia hegoalderaino. Mendietako felido nagusia da, Asiako lehengusu duen elur-lehoinabarrarekin batera. Puma hainbat motatako basoetan, oihan euritsuetan, mendietan, eremu erdibasamortutarretan, hezeguneetan edo belardietan aurki daiteke. Horregatik, Amerika osoan hedapenik handiena daukan ugaztuna da.

Pumak ez du harrapari naturalik. Haren arrisku nagusiak habitataren suntsipena eta gizakiaren aldetik pairatzen duen ehiza dira. AEBetako ekialdean aspaldi desagertu zen, europar jatorriko kolonoen ehiza neurrigabearen ondorioz, Floridako estatuan izan ezik. Lurralde batzuetan oso mehatxatuta dago, batez ere gizakiekin batera bizi den lekuetan eta abeltzaintzarako estantzietan, artaldeentzako mehatxutzat jotzen baitute. Bakartuago dauden beste leku batzuetan populazioa egonkorragoa da.

Kontrastez beteriko lekua

Bidaiako etapa hau Patagonian egin dut, Txileko lurraldean batez ere, pumaren bila. Egunak aurrera doaz Torres del Paine Parke Nazionalean. Goizeko lehen orduetan, haizea hotz-hotz jaisten da glaziarretatik eta sentsazio termiko jasanezina eragiten du. Laster, berotzen hasten du eta haizea baretzen da. Kondor batzuk (Andeetako saiak) hegan dabiltza inguruan, gora eta behera, korronte termikoak aprobetxatuz, eta sinesgaitza dirudi munduko hegazti hegalaririk handiena hain arina izateak.

Puma eguzkitik babesten da, harkaitz artean edo basoan. Orain gure begien bistatik desagertuko da, luzerako agian. Noizean behin, 12 edo 13 ordu luzez itxaron ondoren, berriz agertzen da, iluntzean batez ere. Batzuetan bost minutuz agertu eta berriz ezkutatzen da, beste egun batera arte.

Parke hau 1959an sortu zen, eta 1978an Unescok biosfera erreserba izendatu zuen. Guztira, 2.400 km2 inguruko azalera du (Bizkaiko Lurralde Historikoak baino apur bat gehiago). Oso ezagunak dira parkeari izena (Torres del Paine) ematen dioten dorreak. Eremu horretako glaziarrek modelatutako hiru dorre garai dira, 2.600 eta 2.850 metro bitartekoak.

Ehizaren estratega

Guanako talde bat kumeekin batera atseden hartzen ari da. Guanakoa Hego Amerikako mendietako kamelido basati bat da. Argia leuna da eta atzealdean Paine Handiko mendi grisak ikusten dira, beren handitasun txundigarriarekin. Handik 300 metrora puma bat dago muino baten tontorrean eserita, beraiei begira. Lurralde honetan bizi den puma gazte bat da. Haizea alde dauka eta guanakoei ezinezkoa zaie haren usaina aditzea. Gorputza lurrari itsatsita, puma poliki-poliki hurbiltzen ari da ar handi batengana. Astiro dabil, pausoz pauso. Guanakoak belarra jateko burua makurtzen duen bakoitzean, pumak metro batzuk egiten ditu aurrera. Bat, bi… hiru segundo, eta geldi-geldirik geratzen da, izoztuta balego bezala. Guanakoak burua jaso, une batez ingurura begiratu, eta jaten jarraitzen du. Puma beste hiruzpalau metro aurreratzen da. Eta horrela ordu erdi batez, puma gaztea distantzia egokira kokatzen den arte.

Ondo kalkulatu du. Harrapakinak ez du ez ikusi, ez entzun, ez usaindu. Guanakoak burua azken aldiz jaitsi eta, sast!, puma lasterka hasten da abiadura izugarrian, harrapakinarenganantz zuzenean. Konturatu orduko, guanakoak ihesari ekiten dio, baina beranduegi da. Bere indarrari eta abiadurari esker, pumak atzaparrak itzaltzen ditu guanakoaren atzealdean. Lehenik atzaparrak, eta gero letaginak. Pumak ondo harrapatuta dauka guanakoa, eta badirudi lurrera eroriko dela berehala. Ez da hala gertatzen. Guanako hau handiegia da puma gaztearentzat. Gorputza indar biziz astindu ondoren, pumaren atzaparretatik askatzea lortzen du. Oraingoan salbatu egin da.

Afrikako lehoia ez bezala, puma bakarrik bizi da eta bakarrik egiten du ehiza. Gorputz indartsua dauka, jauzirako eta korrikaldi laburrerako bereziki prestatua, eta horretaz baliatzen da bere biktimak eraisteko. Hemen, Patagonian, guanakoak dira haren harrapakin nagusia, eta udaren hasieran «chulengo»ak aukeratzen ditu nagusiki, askoz ere ahulagoak direlako. Kontinentean iparralderago dauden lurraldeetan, aldiz, oreinak eta beste animalia batzuk ehizatzen ditu. Dieta osatzeko, erbiak, karraskariak eta hegaztiak ere jaten ditu. Batzuetan, aziendei eraso egiten die eta gizakiarekiko gatazka etengabea ekarri du horrek.

Babesa versus abeltzaintzako interesak

Torres del Paine Parke Nazionaleko mugen barruan bizi diren pumek biziraupena bermatzen dien igarobaimen moduko bat daukate. Parkearen inguruan dauden abeltzaintzako estantzietan, ordea, pumaren jazarpena Espainian otsoak pairatzen duenaren oso antzekoa da. Jazarpena oso handia da Txilen, eta are handiagoa Argentinan. Arrazoia berdina da leku guztietan: azienden kontrako erasoak. Ez da balioesten pumek funtsezko paper ekologikoa jokatzen dutela ekosisteman, guanakoen populazioak kontrolatzen dituztelako. Abeltzaintzarako etxalde izugarri handietan ardiak pumen erasoetatik babestea edo bazkagatik lehiatzen diren guanakoen kontra borrokatzea da garrantzitsuena. Teorian, zenbat eta puma eta guanako gutxiago egon, askoz hobe estantzien jabeentzat. Hala ere, ekuazioa ez da dirudien bezain erraza.

Bidaian ikusi ahal izan nuen bezala, abeltzainak gogotik saiatzen dira artaldeak pumen erasoetatik babesten, artzakurrak erabiltzen dituzten esperientzia aitzindariak daude (txakur horiek oso egokiak dira ardiak babesteko), eta pumaren, azienden eta guanakoen arteko harremanak aztertzen ari dira (guanakoa pumaren harrapakin nagusia da). Gainera, pumen ehizari buruzko kronika zuzenak entzun nituen. Kontatu zidatenez, ehizarako erabiltzen diren teknikak mota askotakoak –eta legez kontrakoak– dira: txakurrak, pozoia, tranpak… Nolanahi ere, gero eta argiago dago pumen eta guanakoen (legez kontrako) ehiza ez dela konponbidea.

http://www.lookingforthewild.com/