GURE INGURUNEA
Boluntariotza korporatiboa, lanerako pizgarria
Pertsona eta enpresa solidarioak
Trinidad L. Vicente
Gero eta ugariagoak dira beren inguruko arazoekin eta boluntariotza korporatiboarekin edo enpresen boluntariotzarekin konprometitutako pertsonak eta enpresak. Boluntariotza mota hori enpresetatik bertatik sortu eta sustatzen da, beren ingurune sozialarekin duten konpromisoan sakontzeko asmoz. Ekintzaileak berak abian jartzen duen estrategia deliberatua da, eta bi helburu nagusi ditu: enpresako langileak komunitatean boluntario gisa esku hartzera bultzatzea eta horretarako behar duten laguntza ematea.
Enpresen gizarte erantzukizunak hiru ardatz ditu: pertsonala, profesionala eta soziala; hiru ardatz horien arteko orekaren emaitza da. Horrela, enpresak bere inguruko erronka sozialei eta bere langileen eskakizunei erantzuna ematen laguntzen du, eta langileek beren interesen arabera parte hartzen dute enpresaren gizarte ekintzako estrategian.
Gai horri dagokionez, Business in the Community erreferentziazko erakunde bat da Europan, eta honela definitzen du boluntariotza korporatiboa: «norberaren konpromisoan oinarrituta enpresa bateko langileek era antolatuan eta esparru egituratu batean egiten dituzten jarduera boluntarioak, ordaindu gabeak eta beste pertsona batzuentzat nahiz gizarte osoarentzat onuragarriak».
Beraz, boluntariotza korporatiboa enpresaren giza kapitala kudeatzeko tresna baliotsua da. Denbora eta dedikazioa inbertituz, enpresak bere izaeraren arabera egin nahi duen ekarpenarekin bat datozen eta bere oinarri sozialaren parte-hartzea erraztu ahal duten aukerak bilatzen ditu. Gero eta ugariagoak dira boluntariotza korporatiboa «gizartean egindako inbertsio» gisa erabiltzen duten enpresak.
Lehenik eta behin, enpresak hausnarketa egin behar du. Bere inguruko komunitatearen beharrak ezagutu eta eskura dituen tresnak aztertu behar ditu. Gero, bere buruari galdetu behar dio zein errealitatetan lagundu ahal duen, eta erantzunak bilatu. Edozein enpresak erantzun ahal dio galdera horri, sustatzen duen enplegu kopurua gorabehera. Enpresa guztiek daukate ekarpena egiteko indarguneren bat.
Boluntariotza soziala eta boluntariotza korporatiboa
Gaur egungo krisi egoeran, elkartasun keinuek nolabaiteko lasaitasuna eta itxaropena ematen diete pertsonarik kaltetuenei. Izan ere, garai latz honetan boluntariotza soziala eta norbanakoen konpromisoa indartu egin dira. Gizarteko boluntariotzan jardun dutenek hala egingo dute enpresatik ere, horretarako aukera ematen bazaie. Era berean, boluntariotza korporatiboan aritzen direnak boluntariotza sozialera pasa daitezke, GKE batekin konpromiso pertsonala hartuz. Beste era batera esanda, boluntariotza sozialak eta korporatiboak elkar elikatzen dute. Baterako edo besterako motibazio pertsonalak askotarikoak izan daitezke (altruismoa, gauza berriak probatzea, jendea ezagutzea, esperientzia lortzea…), baina helburu bera dute biek: gizarte onura bat lortzea eta horretan lagundu ahal izateak ematen duen poza sentitzea.
Hortaz, boluntariotza korporatiboa langileak kudeatzeko tresna eraginkorra da eta, gainera, alde guztiek irabazten dute. Horretan aritzen direnek onartzen dute nekeza izan daitekeela baina azkenean eragin nabaria izaten duela profesionalengan. Itzultzen direnean, beren esperientzia azaltzen dute eta enpresaren gizarte ekintzaren ordezkari ezin hobeak bilakatzen dira.

Boluntariotza korporatiboa goraka doa
2011tik 2013ra bitartean, Espainian gora egin du boluntariotza korporatiboa giza baliabideen eta gizarte erantzukizunaren arloko politiketan sartzen duten enpresen kopuruak. Boluntariotza Korporatiboaren Behatokiaren 2013ko txostenaren arabera, ia %12 igo da. Hala ere, 2009tik 2013ra bitarteko aldian ez zen aldaketa handirik sumatu boluntariotzaren kudeaketan: betiko kezkak, oztopoak eta zailtasunak agertzen ziren. Horrek erakusten duenez, beste urrats bat egin behar da benetan estrategikoa izango den boluntariotza korporatibo baterantz, negozioan bertan eta enpresaren kulturan txertatuz. Hori erronka handia da enpresetan nahiz hirugarren sektoreko erakundeetan edo –horrela ere esaten baitzaie– irabazi asmorik gabeko erakundeetan boluntariotza kudeatzeko ardura dutenentzat. Boluntariotza korporatiboaren heldutasuna lortzeko beharrezkoak diren zereginen artean, Behatokiak honako hauek aipatzen ditu:
- Enpresako langileen motibazioak hobeto ezagutzea, haien inplikazioa areagotzeko.
- Ekimenen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea, boluntariotza programa baten inpaktuaren dimentsio guztiak ezagutzeko aukera emango duten metodo egokiak erabiliz.
- Estrategiaren helburuak eta boluntariotza korporatiboaren arloko planak argi eta esplizituki definitzea.
- Ekimenen eskaintza berritzea, tresna berriak esploratuz, kooperazio sektorialak eskaintzen dituen aukerak aztertuz eta behar espezifikoak dituzten giza taldeen espektroa zabalduz.
Azken batean, helburua boluntariotza kudeatzeko orduan bikaintasuna bilatzea da. Horretarako era berritzaile eta eraginkor batez kudeatu behar dira enpresaren baliabideak: erakundea osatzen duten pertsonak.
Lehen aipatutako txostenaren arabera, «boluntariotza korporatiboa abian jarri duten erakundeen %70ek adierazi dute beren giza kapitalaren pertenentzia sentimendua hobetu egin dela». Datu horrek oso argi erakusten du boluntariotza korporatiboa ahalmen handiko tresna dela. Horrek, gainera, elkartasun jarduerak bultzatzen dituzten enpresetan gelditzeko gogoa areagotzen du (fidelizazio handiagoa) eta, horren ondorioz, «horrelako ekintzek gaitasuna eta talentua erakartzen eta atxikitzen laguntzen dute. Itzulkin handiak ekartzen dituen inbertsio merkea da». 2013an, enpresen %60k 30.000 euro baino gutxiago bideratu zituzten horretara, eta %30 inguruk lehiakortasuna hobetu zutela adierazi zuten. Hala ere, 100 enpresatik 52tan, boluntariotza jardueretan parte hartzen duten langileen kopurua ez da %10era iristen, eta boluntariotzari urtean 11 ordu baino gehiago eskaintzen diotenak %11,5 besterik ez dira.
Boluntariotza arrakastatsua
Boluntariotza korporatiboa arrakastatsua izan dadin, lehen aipatutako lau gakoetan oinarritutako programak abian jartzeaz gain, beste aldagai batzuk ere hartu behar dira kontuan, hala nola «enpresaren helburu berdintsuak dituen eta ospe onekoa den GKE bat aukeratzea. Halaber, hasieratik azaldu behar da zer jarduera egingo diren eta emaitzak nola ikuskatuko diren».

Bizkaiko enpresen egun solidarioa
Urriaren 25ean, «Enpresen Egun Solidarioa» ospatu zen Zamudioko Teknologia Parkearen inguruan, Novia Salcedo fundazioak antolatuta. Helburua ingurumenaren arloko boluntariotza korporatiboa sustatzea zen, eta parte-hartzaileak enpresak, langileak, haien senitartekoak eta aukerarik gutxien dituzten kolektibo sozialak izan ziren.
Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatutako ospakizunaren helburu zehatza Zamudioko Teknologia Parkearen eremuko ingurumena leheneratzea izan zen, eta bi jarduera ildo landu ziren: landarerik gabeko ibaiertzetako higadura eta landare inbaditzaileen presentzia eta ondorioak. Landare horiek kentzeko eta haien ordez espezie autoktonoak landatzeko aukerak aztertu ziren.
Parte-hartzaile guztiek informazio eta prestakuntza zehatza jaso zuten aurreikusitako ekintzak egin ahal izateko. Horren bidez, zerbitzuak eta balioak gehitu nahi zitzaizkion komunitateari (estetikoak eta paisaiarekin lotutakoak), gizarte onura zehatz batzuk lortzearekin batera (ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa). Proiektuaren ardatz transbertsal gisa, ekimen horretan parte hartzen duten pertsona boluntarioek honako gai hauekin lotutako kontzeptuak lantzea lortu nahi da: mugikortasun iraunkorra aurreikusitako joan-etorri guztietan, nekazaritza ekologikoa eta enpresen aztarna ekologikoa. Ekitaldia antolatzeko orduan, inpaktuak gutxitzeko eta erosketa publiko berdea sustatzeko IHOBEk ezarritako irizpideak bete ziren. Besteak beste, garraio kolektiboaren erabilera sustatu zen, ekitaldiaren karbono aztarna gutxitzeko, eta leheneratze lanetarako materialak inguru horretako mintegietan eta naturaguneetan eskuratu ziren. Ekitaldiaren ostean herri bazkaria egin zen, bertako produktu ekologikoekin eta ontzi konpostagarrietan.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.