GURE INGURUNEA

Enplegu aukerak nekazaritza ekologikoaren arloan

Bioeskola BBK proiektua

Testua eta argazkiak: EMAUS. CEDEMOS Mugikortasun Iraunkorrerako Zentroa

BBK Bioeskolaren jarduera nagusia bereizitako eta aitortutako produktu ekologikoak ekoiztea eta otzaretan merkaturatzea da. Horrela, landa ingurunean enplegua aurkitzeko aukera berriak sortu nahi ditu lana lortzeko zailtasunak dituzten buru-gaixoentzat.

BBK Bioeskola proiektuaren bidez nekazaritza ustiategi ekologiko bat jarri da abian, eta Zamudioko ospitalean dauden pertsonek lan egiten dute bertan. Ortua Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Emaus Bilbao elkarteari laga dion lursail batean dago, eta BBKren Gizarte Ekintzak egindako ekarpen ekonomikoari esker egokitu da. Bi elkarte horiekin batera, proiektuan parte hartzen ari dira Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Zamudioko Udala eta Innobasque.

BBK Bioeskolaren jatorria Emaus Bilbao da. Sortu zenetik, kooperatiba horrek gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko jarduerak eta zerbitzuak egiten ditu Euskadin, ekonomia sozial eta solidarioaren balioei lehentasuna emanez.

Helburuak

Proiektuak hiru helburu nagusi ditu. Batetik, buruko gaitzak dituzten pertsonak trebatzea, lana lortzeko aukera gehiago izan ditzaten. Egunero ortua zaintzeaz gain, lanerako prestakuntza eta trebakuntza jasotzen dute, krisiaren ondorioz goraka ari den lehen sektorean lana lortu ahal izateko. Bestetik, Bizkaian ekoizpen ekologikoari eta, beraz, lehen sektoreari bultzada ematea. Eta azkenik, gizartea eta bereziki ikasleak sentsibilizatzea, prestakuntza gela baten bidez (EKO GELA Agroekologia Ikasgela). Sistemaren iraunkortasunari dagokionez gertuko kontsumoa oso onuragarria dela azaltzen da, produktu ekologikoen ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena indartu eta tokian tokiko ekoizpena sustatzen duela nabarmenduz.

Asteroko otzarak

2013ko irailaz geroztik, Zamudioko ospitalean dauden 10 pertsonak era egonkorrean lan egiten dute BBK Bioeskolan. Ekoizpen iraunkorraren bidez lortzen dituzten produktu ekologikoak Bizkaiko Teknologia Parkean eta Emausek Bilbon dituen dendetan banatzen dira. Eskaintzen diren produktuak urtaroen arabera aldatzen dira eta, batzuetan, ortuko instalazioetan ontziratutako elikagaiak ere banatzen dira. Gaur egun, 150 familiak baino gehiagok astero edo hamabostean behin jasotzen dute produktu ekologikoz betetako otzara, 12,50 euro inguruko prezioan.

Ortuan hazitako sasoiko produktu ekologikoak merkaturatzeaz gain, BBK Bioeskolak ikastaroak eskaintzen dizkie nekazaritza iraunkorrean trebatu nahi diren pertsonei, EKO GELAren bidez. Azaroan nekazaritza ekologikoari buruzko lehen ikastaroak ematen hasi ziren, hala lursail txikiak dituzten pertsonentzat nola terraza besterik ez daukatenentzat.

Otzarei, bisitei edo ikastaroei buruzko informazioa jaso nahi dutenek haiekin harremanetan jarri ahal dira 94 416 74 00 telefonora deituz edo bioeskolabbk@emausnet.org helbide elektronikoaren bidez.

EKO GELA Agroekologia Ikasgela

BBK Bioeskola proiektuaren barruan EKO GELA Agroekologia Ikasgela jarri da abian. Ekipamendu horrek nekazaritza ekologikoaren eta iraunkortasunaren inguruko prestakuntza, zabalpen eta sentsibilizazio jarduerak egiten ditu, ikasleei nahiz nekazaritza ekologikoa interesatzen zaien pertsona guztiei zuzenduta.

EKO GELAk honako jarduera hauek antolatzen ditu: ustiategia ezagutzeko eta nekazaritza ekologikoan hasteko bisita gidatuak; ikastaro espezializatuak (Famili baratzea, Negutegi txiki baten eraikuntza, Loreontzi baratzea: zure terrazan erein dezakezuna); eta ikastaro trinkoak (Konpostajea, Urtaroen araberako baratzea, Landareak sendatzen dituzten landareak, Izurriteak eta gaixotasunak).

BBK Bioeskolaren Agroekologia ikasgelaren instalazioak ingurumenaren arloko erantzukizuna eta iraunkortasuna ardatz hartuta diseinatu dira. Eguraldi txarrari aurre egiteko prestatuta dauden egurrezko blokeekin eraiki da osorik, eta neguan zein udan tenperatura egokia mantentzeko gai den isolamendu naturaleko sistema bat dauka.

Instalazioak 45 m² ditu eta bertan erabilera anitzeko eremuak, jangela, langela, gizarte eta lan arloko laguntza eskaintzeko gunea eta hezkuntza aretoak daude.

Informazio gehiago: 94 416 74 00 biosekolabbk@emausnet.org