INGURUMEN OSASUNA

Pestizida hondakinak elikagaietan

Zer dira pestizidak? Zertarako erabiltzen dira?

Elika-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa http://www.elika.net

Pestizidak konposatu kimikoak dira eta laboreei gehitzen zaizkie, uztan edo uztaren ondoren, izurrite eta gaixotasunetatik babesteko. Pestiziden hondakinak pestiziden edo horien degradazio produktuen kopuru txikiak dira, eta bildutako edo biltegiratutako elikagaietan egon edo metatu egiten dira. Beraz, gizakiak kopuru handian kontsumituz gero, eragina izan dezakete osasunean.

Pestizidek, plagizidek eta landare-osasunerako produktuek handiagotu egiten dute elikagaien ekoizpena munduan, uztak izurri eta gaixotasunen aurka babesten baitituzte (intsektuak, karraskariak, belar gaiztoak, onddoak, bizkarroiak, bakteriak...). Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera, gaur egun, izurriek eta gaixotasunek munduko uzta guztien %25-35 suntsitzen dute; eta belar gaiztoek, aldiz, %10. Gainera, landareen itxura hobetu egiten dute; landare horien merkataritza-bizitza luzarazi egiten dute eta kontsumitzailea babestu egiten dute hainbat arriskutatik (onddoen kutsaduratik, besteak beste).

Elikagaien %85ek ez dute pestizida hondakinik, eta dutenek oso kopuru txikian izaten dute; beraz, kontsumitzaileentzat seguruak izaten dira. Horregatik, Europako Batzordeak ezarri egin ditu Hondakinetarako Baimendutako Gehienezko Mugak (LMRak), hau da, elikagaietan edo pentsuetan aurki daitezkeen pestizida hondakinen gehienezko kopuruak. LMRak betetzen dituzten elikagaiak toxikologikoki onargarritzat hartzen dira.

Nola ebaluatzen da elikagaien segurtasuna?

Europar Batasunean ezin dira pestizidak erabili, baldin eta ez bada zientifikoki ziurtatzen ez dutela eragin kaltegarririk izango kontsumitzaileengan, nekazariengan edo hirugarrenengan, ez dutela ondorio onartezinik sorraraziko ingurumenean eta, azkenik, eraginkorrak direla. Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) gauzatzen du kontsumitzaileen segurtasunaren balioespena, ondorengo hauen arabera: toxikotasuna, elikagaietan aurkitzea espero den gehienezko kopurua, eta kontsumitzaile europarren hainbat dieta.

Zein elikagaitan daude?

Pestizida hondakinak, batik bat fruta eta barazkietan antzematen dira. Hala ere, elikagai talde horietako zenbait produktuk sentsibilitate handiagoa izaten dute pestiziden aurrean: marrubiak, mahatsak, muxikak, albertxikoak, nektarinak, letxugak, tomateak, berenjenak, espinakak eta zerbak.

Laboreetan ere antzematen dira pestizida hondakinak, baina lehortzean eta xigortzean asko murrizten da kopurua aleetan.

Animalientzako edateko urak eta bazkak ere izaten dituzte pestizida hondakinak; beraz, eratorritako produktuek ere izan ditzakete: haragia, esnea eta arrautzak.

Nolako eragina dute osasunean?

Hainbat eragin toxiko antzeman dira, pestizida bakoitzaren toxikotasunaren arabera (kontsumitutako pestizida dosia) eta esposizio denboraren arabera:

Toxikotasun larria. Une jakin batean pestizida dosi altuen esposizioa izatea. Halakoak ustekabean gertatzen dira produktuak erabiltzen dituzten pertsonen artean. Ondorioak larriak dira: urdail, arnas, larruazal eta nerbio nahasmenduak.

Toxikotasun kronikoa. Profesionalak: pestizidak ekoitzi edo uztetan banatzen dituzten profesionalengan dosi handien esposizioek honako eragin hauek sorrarazten dituzte: ugaltze eraginak, eragin kantzerigenoak, mutagenikoak, neurotoxikoak eta immunoezabatzaileak. Kontsumitzaileak: epe luzean pestiziden kopuru txikien esposizioek kontsumitzaileengan tokiko ondorioak eragiten dituzte (larruazalaren eta mukosen narritadura) edo sistematikoak (hormona, nerbio eta bestelako sistemen nahasmenduak).

Maiz, uzta bakar batean hainbat pestizida erabiltzen dituzte nekazariek. Pestizida horien konbinazioaren toxikotasun maila eta pestizida guztien toxikotasun mailen batura ez da berbera izaten. Horri buruzko azterlan ugari egin behar da oraindik.

Bestalde, umeak kalteberagoak izaten dira; izan ere, gorputz-pisu txikiagoa izaten dute eta organoak garatu gabe izaten dituzte. Beraz, heldu batek izan dezakeen dosiaren esposizio berak toxikotasun- eragin handiagoa izaten du umeengan.

Nola murriztu pestiziden erabilera?

Ekoizleek murritz dezakete pestiziden erabilera Nekazaritzarako Praktika Egokiak (BPA) aurrera eramanez gero, hau da, elikagaien ekoizpen prozesuko edozein fasetan pestiziden erabilera ziurra, aholkatua eta baimendua eginez gero (landatzea, biltzea, biltegiratzea eta garraiatzea).

Pestizidak erabili ezin direnetan, uzta bildu aurreko segurtasun epeak errespetatzeaz gain, behar-beharrezko kasuetan baino ez dira erabiliko pestizidak, giza osasunean izan dezakeen toxikotasun eragina murrizte aldera. Horretarako, ezinbestekoa da izurrien eta gaixotasunen kontrol integratua ezartzea: uzten kudeaketa hobea egitea, izurrien aurka bestelako alternatibak erabiltzea (izurrien etsaiak, harrapariak eta bizkarroi naturalak), kontrolerako feromonak eta toxinak erabiltzea eta uztak tartekatzea, besteak beste.

Etxerako prebentzio aholkuak

Pestizidak, batik bat, fruten eta barazkien kanpoaldean metatzen direnez, etxean zenbait aholkuri jarraikiz, pestizida hondakinen kopurua %30-70 murritz daiteke. Fruta eta barazkiak ongi garbitzeaz gain, elikagaiak prestatzeak asko murrizten du pestiziden kopurua. Gordinik jaten baditugu, xaboi ur beroaz igurtzi edo eskuilatu behar ditugu, minutu batez gutxienez. Gainera, komenigarria da barazkien kanpoaldeko hostoak kentzea eta frutak noizean behin zuritzea (pestiziden hondakinak murriztu egiten dira, baina zuntzak eta nutrienteak ere bai). Umeentzako, haurdunentzako eta bularreko haurrentzako aholku garrantzitsua: barazkiak egosteko erabili duzun ura bota, pestizida hondakinak izan baititzake disolbatuta.

Bost arrazoi frutak eta barazkiak jaten jarraitzeko

Frutek eta barazkiek balio nutritibo handia dute eta osasuna babesten dute, honako onura hauei esker:

Frutak: egunean hiru ale gutxienez kontsumitzea gomendatzen da, ahal bada osorik; izan ere, zukuek ez dute fruta osoak duen zuntza.

Barazkiak: egunean 400 gramo kontsumitzea gomendatzen da, hau da, bi anoa; bat gordinik (entsalada) eta bestea prestatuta.