TXANGOAK

Herriaz gozatzeko lau ibilbide berri

Lanestosako bide balizatuen sarea

Testua eta argazkiak: Lanestosako Udala

Lanestosako Udalak zenbait bidezidor garbitzeko eta egokitzeko egin dituen lanei esker, lau ibilbide egin daitezke Enkarterriko udalerri horretan barrena: Calera ibaiko ibilbidea, Haitzuloen ibilbidea, Lobera haitza eta El Moro haitza.

Lanestosako bide balizatuen sareari esker, guretzat egokiena den ibilbidea aukera dezakegu herria eta haren ingurunea ezagutzeko. Behinik behin, udalak helburu horrekin egokitu eta seinaleztatu ditu luzera eta zailtasun ezberdineko lau ibilbide hauek.

1. Calera ibaiko ibilbidea

Oso ibilbide erraza da. Udal aterpean hasten da eta Calera ibaiaren ertzetik doa. Zubi zaharra gurutzatu ondoren, Lehendakari Agirre kalerantz joango gara. Kale horretatik jaitsi eta, ur araztegia atzean utzi ondoren, ibaiaren ezkerraldetik doan bidezidorretik jarraituko dugu. Ez da ibilbide zirkularra. Beraz, bide beretik itzuli beharko dugu.

2. Lobera haitza

Ibilbide hau hainbat eratara egin daiteke. Guk proposatzen duguna ia zirkularra da. Abiapuntua autokarabanak aparkatzeko eremuan dago, Mirabueno kalean. Eskuinetara joko dugu eta metro batzuk aurrerago malda handiko pista bat aurkituko dugu. Eskuinetarako lehen bidegurutzea hartu eta etxola batera helduko gara. Lanestosa hiribilduaren ikuspegi ederra dago leku horretatik. Gure ezkerraldean ikusiko dugun eta erdian intxaurrondo bat daukan larre bat zeharkatuko dugu. Sigi-saga joango gara larrearen goiko alderaino, eta aurrera jarraituko dugu. Zuhaitz autoktonoak eta eukaliptoak tartekatzen diren eremu batetik joango gara, gorantz eta eskuinetara doazen bideak hartuz beti. Bidegurutze batetik metro gutxira zabalgune bat zeharkatu eta Lobera (685 m) haitzera doan bidetik jarraituko dugu. Gora egin ahala, Lanestosaren ikuspegi ederrak izango ditugu. Bide horren bukaeran sigi-saga bat egin eta tontorreko landetara iritsiko gara. Gailurrean dagoen gurutzera iritsi ondoren, lapiazetik jaitsiko gara, markei jarraituz, El Haya auzoraino eramango gaituen hartxintxarrezko pistara heldu arte.

Eskuinean ikusiko dugun etxe pare baten albotik igaro ondoren, etxebizitza multzo txiki batera iritsiko gara eta ezkerretarako bidegurutze bat aurkituko dugu. Hartxintxarrezko pista utzi eta larre artean doan lurrezko bide bat hartuko dugu. Eukalipto basora eta zabalguneko bidegurutzera heltzen garenean, lehengo bidetik jaitsiko gara Lanestosaraino.

3. El Moro haitza

Ibilbide hau zirkularra da. Ur araztegira doan bidea hartuko dugu, Karrantzarako bidegurutzetik 150 metrora. Zementuzko pista aldapatsu batetik igoko gara, zuhaitz artean. Lehen metroetan pista sigi-saga doa errepidearen ondotik. Ur araztegia eskuinaldetik inguratu ondoren, gaztainondo eta pinu artean zementuzko pista bateraino doan bidexka hartuko dugu. Hor etxola bat aurkituko dugu eta ezkerretara joango gara.

Igoera gogor baten ondoren, hartxintxarrezko bide bat aurkituko dugu eskuinean. 150 metro aurrerago, bide hori utzi eta gure eskuinaldean agertuko den lurrezko bidea hartuko dugu. Pinudi bat zeharkatu ondoren, beherantz doan pista bat aurkituko dugu. Goranzko norabidean hartuko dugu pista hori, eskuinetara. Eraitsitako mehatze-aho bat eta erlauntz batzuk ikusiko ditugu. Bide hori hormigoizko pista batean bukatzen da. Hara iristean, ezkerretara joango gara pista horretatik. Pistaren bukaeran, aurrean ikusiko dugun bidezidorretik joango gara. Txomin ehiza-esparruaren gainetik igaro ondoren, El Moro haitzeko kareharrietara helduko gara.

Arrakalak, leizeak eta meatzeak begiratzen ditugun bitartean, bidezidor seinaleztatu bat bilatuko dugu gure eskuinaldean. El Moro haitzera eramango gaitu. GR ibilbideko marka zuri-gorriei jarraituko diegu, zurezko seinale bateraino. Hortik aurrera bidezidor belartsu batetik igoko gara. Ikuspegi ederrak izango ditugu ibilbidearen zati horretan: Isiltasunaren Harana, Guardamino auzoa… eta kostaldea.

Eskuinetara doan bide bat bilatuko dugu gailurreriaren hegal malkartsuan. El Moro haitzaren tontorrera eramango gaitu (821 m). Zerbait jan eta edan ondoren, aurrera jarraituko dugu gailurreriatik, igotzeko erabili dugun bidea atzean utziz. Leku batzuetan apur bat jaitsi beharko gara. Muino batera iristen garenean, hegoalderantz joango gara (ezkerretara) eta Lanestosarako bidea hartuko dugu.

Aldapa gogor batetik jaitsiko gara, ezkerretarantz eta haitzen aldamenetik beti. «Cuesta de los Corrales» deritzon aldapa gure eskuinaldean utzi ondoren, landa batean agertuko gara. Landaren beste aldean GR ibilbidea aurkituko dugu eta hortik jaitsiko gara.

Hesi berde batera iristen garenean, iparralderantz doan bidea hartuko dugu. Eskailerak dituen pasabide batetik igaroko gara harkaitzen artetik, malkarrak, artadiak eta pagadi bat zeharkatuz. Ibilbidearen zatirik ederrenetako bat da. Beherantz joango gara beti, markei jarraituz, hartxintxarrezko bidezidor bateraino. Hortik aurrera gora eta behera ibiliko gara, ezkerretarantz, Konbenkoba edo Los Judíos haitzulorako bidera eramango gaituen pagadi malkartsu batean zehar. Kobazuloaren aurreko begiratokitik dauden ikuspegi zoragarriez gozatu ondoren, zuzenean Lanestosara eramango gaituen eskailera batetik jaitsiko gara.

2. Haitzuloen ibilbidea

Ibilbide hau Kobenkoba Labar Artearen Interpretazio Zentrora daraman bidearen sarreran hasten da, Karrantzarako bidegurutzetik 100 metro ingurura, «Senda de los Rellanos» dioen kartelaren alboan. Pista horretatik joango gara. Interpretazio Zentroa atzean utzi ondoren, ezkerretarako lehen bidegurutzea hartuko dugu, La Severina kobazulorantz. Hortik aurrera beherantz joango gara, landare eta zuhaitz artean. Horretarako, bide nagusia utzi eta ezkerrean ikusiko dugun bidezidorra hartuko dugu. La Severina kobazuloraino joan bagara, metro batzuk atzera egin beharko dugu. Orduan, bidezidorra gure eskuinaldean geratuko da. Aurrera jarraitu, Uraren haitzuloaren ondotik pasatu, eta La Clara meatzera helduko gara.

1. Calera ibaiko ibilbidea (*)

2. Lobera haitza

3. El Moro haitza

4. Haitzuloen ibilbidea (*)

(*) Zati labur batean errepidetik lotu ahal dira bi ibilbide hauek, ibilbide zirkularra osatuz. Calera ibaiko ibilbidearekin elkartu bezain laster, larre batzuk ikusiko ditugu eskuinaldean. Larreen este aldean Urdillosko haitzuloak daude. Oso sarbide estua dute eta zaila da bertara iristea.

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.