EKIPAMENDUAK
Itsas hegaztiak eta zetazeoak Bizkaiko golkoan
Matxitxako lurmuturreko behatoki naturala
Iturria: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila.
Matxitxako lurmuturra Bermeo udalerrian dago, eta Urdaibaiko Erreserban hegaztiak eta zetazeoak behatzeko dagoen lekurik garrantzitsuena da. Behatoki berria Kantauri itsasoko biodibertsitate oparoa aztertzeko leku paregabea da.
Bizkaiko golkoaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: kostaldetik urrundu ahala sakonera handia hartzen duen plataforma kontinental estua, malda gogorrak eta itsaslasterren sistema berezia. Horregatik, Matxitxako lurmuturra itsas espezie askorentzat oso aberatsa den ingurune baten aurrean kokatuta dago.
Bermeoko itsasargi zaharra lurmutur horretan dago, Gaztelugatxeko biotopo babestuaren eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren artean. Kokapen hori dela eta, hegaztiak nahiz zetazeoak begiztatzeko leku ezin hobea da. 1852an hasi zen lanean, eta haren argia itsasertzetik irismen handiena zutenetako bat zen. 57 urte geroago, 1909an, zaharkituta geratu zen, itsasargi berria eraiki zelako. Azkenik, 2014an, gaur egungo behatokia egin zen antzinako itsasargiaren eraikinean.
Matxitxakoko itsasargia zaharberritzearen helburua gordeleku eta babesleku gisa erabil daitekeen eremu bat sortzea izan da, ikerlariei itsas hegaztien eta zetazeoen behaketa errazteko nahiz herritar guztien erabilerarako eta gozamenerako. Kontuan hartu behar da behatokia leku pribilegiatu batean dagoela: Europako Natura 2000 Sarean kokatutako eremu batean eta kontserbazio bereziko hainbat eremutatik hurbil.
Ekipamendu hau baliagarria izango da espezieen ikerkuntza eta segimendua sustatzeko, ezagutza hori interpretatzeko eta ezagutarazteko eta herritarrak biodibertsitatea eta itsas fauna zein bere habitata babestearen garrantziaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko. Instalazio horri esker, gainera, ornitologiaren arloko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek eta eragileek eskaintza turistiko berriak merkaturatu ahalko dituzte. Era berean, hegaztien behaketa bultzatuko du Gaztelugatxe inguruan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Orain dela gutxi, Erreserba «Euskadiko Birding» sarean sartu da eta dagoeneko hegaztiak behatzeko bi leku ditu: Urdaibai Bird Center eta San Kristobalgo behatokia.
Talaia
Behaketarako gune berria itsasargiaren behealdeari atxikita dago, Bizkaiko golkora begira, eta itsasargiko eraikinaren zokaloa dirudi. Itsasargiaren iparraldeko erdia inguratzen duen galeria bat da. Lau arkupe ditu, eta horien gainean dago bisitariak eta behatzaileak estalpean egoteko ipinitako lauza.
Galeriaren erdialdean, altzairuz eginiko gordeleku babestu bat egin da. Altzairuzko edukiontzi gisako horrek hogei metro koadroko azalera dauka. Erraz ireki daitekeen arotzeria-sistemak euskal kostaldeko hegaztiak eta itsas ugaztun ugariak (izurdeak, Cuvier baleak, pilotu-izurdeak eta zereak) behatzea eta haien segimendua ahalbidetzen ditu. Itsas hegaztien eta zetazeoen behaketara zuzendutako elkarteek erabili ahalko dute gordelekua, eta bisitak ere egingo dira, interpretazio-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen eskutik. Espezie horiek bertatik bertara behatzeko, aldez aurretik eskaera egin beharko zaio Urdaibaiko patronatuari. Eremu arkupedunaren sarreran itsas hegaztiei eta zetazeoei buruzko informazio panelak jarri dira, behatzen laguntzeko.
Euskadi ozeano Atlantikoaren ertzean dago, eta gure historiaren parte handi bat Kantauri itsasoaren ertzeko ur horietan dago. Kontserbatu eta babestu behar dugun natur ondare paregabea da, eta ekipamendu hau oso lagungarria izango da inguru horretako biodibertsitatea ikertzeko eta ezagutarazteko eta herritarrak haren garrantziaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko.
Matxitxako Lurmuturreko Behatokia
Bisitak, aldez aurretik eskatu beharrekoak.
Harremanetarako telefonoak:
Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua
Tel.: 94 625 71 25
Harremanetarako ordutegia: 9:00 – 14:00
E-maila: urdaibai@ej-gv.es
Euskadiko Biodibertsitate Zentroa – Madariaga Dorretxea
Tel.: 94 687 04 02
Harremanetarako ordutegia: 10:00 – 19:00
E-maila: info@torremadariaga.org