INGURUMENAREN GESTIOA

Etxebarrin dago

Euskadiko ekaitzetarako andel handiena lanean da

Testua eta argazkiak: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa

Etxebarriko ekaitzetarako andela Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egin duen saneamendu obrarik handiena da: azalera futbol zelai batena baino handiagoa da, eta bost solairuko eraikin baten altuera du. Inbertsioa 33 milioi eurotik gorakoa izan da (Ur Partzuergoak berak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute).

Etxebarriko ekaitzetarako andelak 74.480 m³-ko edukiera du. Nerbioi ibaiaren ertzean dago, Bolueta auzoaren aurrean. Instalazio horri esker, ibaiak gainezka egitea eta araztu gabeko hondakin urak ibilgura isurtzea saihestuko da. Azaroan hasi zen lanean, emaria uhateen bidez erregulatzeko sistemarekin batera. Etengailuak Bilboko Ernesto Erkoreka plazan daukan putzuan jarri da sistema hori. Hari esker, 23.000 m³ ur bildu ahal dira tuneleko hodian bertan, puntu horren eta ekaitzetarako andelaren artean, eta beste 16.000 m³ Etxebarriren eta Basauriko Urbi putzuaren artean. Beraz, 39.000 m³ ur gehiago bildu ahal dira guztira.

Ekaitzetarako andela lurpeko ur biltegi handi bat da, eta haren eginkizuna publiositate handia dagoenean kolektoreetan gainezka egiten duen soberazko ura biltzea da. Ur hori bildu egiten da, eta euriteak amaitzen direnean araztegietara bidaltzen da apurka-apurka. Horrenbestez, ekaitzetarako andelak minimizatu egiten du ibaietara edo itsasora tratamendu egokia jaso gabe heltzen diren ur zikinen kopurua.

Egindako kalkuluen arabera, plubiometria ertaineko urte batean ekaitzetarako andela 14 aldiz jarriko da zerbitzuan -Bilboko udaletxearen eta Basauriren arteko sarea saturatzen den bakoitzean-, eta 430.000 m³ ur inguru atxikiko ditu guztira (betetze partzialak ere aurreikusten dira). Gainera, sareak 800.000 m³ gehiago ere bildu ahal ditu, aipatutako 14 aldi horietan zein beste batzuetan, nahiz eta azken horietan andela ez busti. Guztira, erregulatutako 1.230.000 m³ ur gutxiago isuriko dira ingurunera tratatu barik; izan ere, ur hori Galindoko (Sestao) hondakin uren araztegira eramango da pixkanaka, eta horrek onura ekarriko die bai Nerbioi ibaiari eta bai haren inguruneari.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egindako aurreikuspenen arabera, prezipitazio urte arrunt batean behin bakarrik gertatuko da ekaitzetarako andelaren edukiera gainditzea eta, beraz, ura araztu gabe isuri behar izatea. Instalazioa Euskadin dagoen mota horretako handiena da, eta herriko biztanleek bisitatzeko aukera izan dute, andelaren funtzionamendua aztertzeko eta ingurumenarentzat daukan garrantziaz jabetzeko, andelak funtsezko piezak baitira saneamendu sistema aurreratu baterako.

Aurrekariak

1979an, Ur Partzuergoak Bilbo Metropolitanoko Saneamendu Osoko Plana jarri zuen abian. Euskal Autonomia Erkidegoan aurrera eraman den ingurumen proiekturik garrantzitsuena izan da, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsioarekin. Europar Batasunak hondakin uren tratamenduari buruz ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, planari esker gure ibaietako, itsasadarreko eta hondartzetako ingurumena leheneratu egin da, herritarrek horietaz goza dezaten.

Guztira 300 km inguruko luzera duten kolektoreek eta etengailuek etxeetako eta industrietako hondakin urak bildu eta Galindora (Sestao) eramaten dituzte. Hain zuzen ere, Galindoko hondakin uren araztegia Bizkaiko saneamendu obra nagusia da. Azken urteotan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ekaitzetarako andeletara bideratu ditu inbertsio nagusiak, instalazio horiek aro berri bat zabalduko baitute saneamenduaren arloan.

Behe Nerbioiko Saneamendu Osoko Plana eguneratzeko egin ziren azterlanen ondorioz, eta 92/271/CEE Zuzentarauak hondakin uren tratamenduaren eta arazketaren arloan eta horrek ingurune hartzailearen kalitatean duen eraginari dagokionez ezarritako arauak betetzearren, Kolektore Sare Nagusia optimizatzeko zenbait azpiegitura eraiki behar zirela ikusi zen, euri asko egiten duenean ibaietara isurtzen diren ur zikinen kopurua murrizteko eta, horrela, estuarioko ingurumenaren egoera hobetzeko.

Horretarako, saneamendu sareko hainbat leku estrategikotan dauden ekaitzetarako andelen kokapena eta tamaina aztertu dira, eta guztien artean 285.000 m³ inguruko edukiera dute. Lamiako I ekaitzetarako andela (10.000 m³) izan izen martxan jarri zen lehenengo instalazioa. Gero, Santurtzikoa (12.000 m³) eta Asuakoa (8.000 m³) hasi ziren lanean. Azkenik, Arriandikoa (Durangaldean eraiki den lehena) eta Etxebarri ekialdekoa oso aurreratuta daude.

Etxebarriko ekaitzetarako andelaren obra

Etxebarriko ekaitzetarako andela egiteko 400.000 m³ inguru lur mugitu behar izan dira, euste-horma astun bat erabiliz: 4.300 m² pantaila-horma, metro bat lodi eta harri sanoan metro bat sartuta, azpiko harriari kable bidezko ainguraketekin finkatuta. Gutxi gorabehera, 11.000 m ainguraketa erabili dira.

Egitura egiteko, berriz, 40.000 m³ egitura-hormigoi baino gehiago jarri behar izan dira, zimendu-lauzetan, hormetan, zutabeetan eta estalki-lauzan. Obra zibilari dagokionez, kontrol-eraikin bat ere egin da. Eraikin horren oinplano-azalera 650 m² da, etxabean eta hiru solairutan banatuta.

Etengailuak ura Galindoko araztegira garraiatzeko gaitasuna duela adierazten duen seinalea jasotzen denean, ekaitzetarako andela guztiz hustuko da, grabitatearen bidez. Etengailura itzultzen den emaria erregulatzen duen uhatea erabiliko da horretarako. Andela hustutakoan, garbiketa-sekuentzia jarriko da martxan.