ELKARRIZKETA

«Foru Aldundiak abiarazitako proiektuek garapen iraunkorra sustatzen dute, ez soilik ingurumenaren babesa»

María Uribe Gerendiain

María Uribe Gerendiain zuzenbidean lizentziatua da, ingurumen zuzenbidean espezialista. Haren ibilbide profesionala 1991n hasi zen, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuarentzat lan eginez. 1996ko otsailetik 2003ko uztailera arte letradu aholkularia izan zen Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailean, eta 2003az geroztik foru erakundeko Ingurumen zuzendari nagusia da.

Bizkaia Maitea: Legealdi honen hasieran Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren organigrama aldatu zen. Horren ondorioz, orain jarduketa arlo berriak dituzu eguneroko lanean. Zein izan dira aurrerapen nagusiak?

María Uribe: Legealdi honen hasieran Ingurumen Sailak bere gain hartu zituen natur ondarearen arloko eskumenak, ordura arte Nekazaritza Sailari zegozkionak. Hori izan da aldaketa nagusia.

Eskumen berri horiek Ingurumen Sailaren berregituraketa ekarri dute, eta oso aldaketa garrantzitsuak egin dira Ingurumen Zuzendaritzaren eginkizunetan.

Jarduketa arlo berriei dagokienez, garrantzi handiko lana egiten ari da naturaguneak antolatzeko, hala Natura 2000 Sarea nola parke naturalak. Besteak beste, kudeaketa dokumentu berriak egin dira, Europako Habitaten Direktibak ezartzen dituen eskakizunen arabera.

Halaber, aipatu beharra dago espezie katalogatuak babesteko egiten ari den lana. Espezie horietako batzuk bisoi europarra, sai zuria eta landare espezie mehatxatuak dira.

Azkenik, natur ondareari dagokionez, gero eta lan garrantzitsuagoa egiten ari da espezie exotiko inbaditzaileak prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko. Espezie horien artean, Cortaderia selloana edo panpa-lezka, bisoi amerikarra eta zebra-muskuilua nabarmenduko nituzke.

Legealdi honetan abian jarri diren beste politika publiko batzuen artean, Bizkaiko Energia Estrategia azpimarratuko nuke.

B.M.: Azken urteotan lan handia egin da hondakinen kudeaketaren arloan. Zein da Bizkaiko egoera horri dagokionez?

M.U.: Gaur egun, Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketa oso ona da. Legealdi honetan Tratamendu Mekaniko Biologikoko Planta bukatu dugu, eta horrela Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralak 2005-2016 epealdirako aurreikusitakoa bete dugu.

Une honetan, Bizkaian zero isuri gordinaren helburua betetzen da. Hau da, hondakindegietan uzten diren hondakin guzti-guztiak aldez aurretik tratatzen dira dauzkaten baliabideak ahal beste aprobetxatzeko.

Europak hondakinen kudeaketarako ezarritako hierarkiaren lehen maila prebentzioa dela kontuan izanik, azpimarratu nahi dut Bizkaian sortzen diren hiri hondakinen kopurua gutxitu egin dela azken urteotan. Horrek argi erakusten du gure prebentzio politikak eraginkorrak direla.

Bestetik, ahalegin handiak egiten ari gara berrerabilpena sustatzeko, eta helburu horri begira Bizkaiko lurralde osora hedatu dugu edukiontzi zuria. Konpostajea ere bultzatzen ari gara, 5. edukiontzi pertsonalizatuaren bidez.

Azkenik, hondakinei dagokienez, garrantzi handiko akordioa lortu dugu Bilboko Udalarekin, Artigako hondakindegia Bizkaiko Foru Aldundiari laga diezaion.

B.M.: Zein dira landu dituzun eta bereziki gogoratzen dituzun proiekturik ilusionagarrienak?

M.U.: Landu ditudan proiektu ia guztiak oso ilusionagarriak izan dira.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, plana egin eta onartu zenetik gauzatu den arte prozesu guztia proiektu konplexu eta interesgarriz josita egon da. Arlo horretan, oso gogoan izango dut beti Berziklatu, tamaina handiko hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko planta. Izan ere, proiektu horren osagai soziala ingurumena bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da.

Urdaibai Bird Center ere oso proiektu berezia da niretzat, ikerkuntzaren eta teknologiaren arloko azpiegitura aitzindaria delako. Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa sustatzeaz gain, jarduera ekonomikoa sortzen du Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Azpimarratu nahi dut nire eskualdea dela eta hortxe hasi nintzela lanean.

Eta ez dut aipatu gabe utzi nahi Bizkaiko hondartzen kudeaketarako sistema integratua. Sistema horri esker, 15 hondartzak kalitatearen ISO 9000 ziurtagiria eta ingurumenaren ISO 14000 ziurtagiria dauzkate, hiruk EMAS erregistroa lortu dute eta batek kalitate turistikoaren Q izendapena du.

Administrazioen arteko koordinazioaren eta hobekuntza etengabearen aldeko lanaren adibide argia da, eta oso harro nago horretaz.

B.M.: Izan ere, Foru Aldundiak ingurumena eta kultura edo turismoa uztartzen dituzten proiektuak sustatzen ditu…

M.U.: Bai, hala da. Foru Aldundiak abiarazitako proiektuek garapen iraunkorra sustatzen dute, ez soilik ingurumenaren babesa. Beti saiatu gara proiektuetan txertatzen alderdi ekonomikoa, soziala eta, kasu askotan, kulturala

Ildo horretan, eta adibide gisa, Lea ibaiko Ibilbideak eta Enkarterriko Bide Berdeak turismoa erakartzeko baliatzen dituzte naturaguneak eta kultur baliabideak.

Urdaibai Bird Centerrek ere naturako turismoa bultzatzeko bokazio argia du.

Nolanahi ere, ahaleginik handiena Meatzaldean egin dugu, Meaztegi Berdea proiektuko lanen bidez. Meatzeen hondarrak errespetatuz eta balioan jarriz, bertako paisaia aprobetxatu nahi da, balio handikoa baita turismoari begira.

Bestetik, eta eskualde horretan bertan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen Interpretazio Zentroa egiteko asmoa dago, Abanto Zierbena udalerrian.

B.M.: Parke naturalen kudeaketari dagokionez, asko hitz egiten da Iraunkortasunean oinarritutako Hezkuntzarako Ekintza Egitasmoaren garapenaz. Zein da Parketxeen eginkizun zehatza?

M.U.: Parketxeak Bizkaiko parke naturaletako harrera zentroak dira eta, beraz, haien eginkizuna gure natur ondarearen balioak ezagutaraztea da. Iraunkortasunerako ikastetxeen Bizkaiko sarean daude.

B.M.: Hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloan Foru Aldundia GAP programa garatzen ari da hainbat erakunderen laguntzarekin. Zertan datza programa hori?

M.U.: Aktibatu+ ingurumen hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko programa bat da, herritar guztiei zuzendua. Haren helburua herritarren ohiturak aldatzea da, ur kontsumoan, energia kontsumoan eta kontsumo orokorrean iraunkortasun irizpideak ezarriz, hondakin gutxiago sortzeko eta mugikortasuna murrizteko.

Programak bi ildo ditu, bat eskola-umeei zuzendua eta beste bat familiei zuzendua. Bizkaiko sei eskualdetan garatzen ari da, eta datozen urteetan lurralde osora hedatu nahi dugu.

B.M.: Proposatu plan bat udazkeneko asteburu bat familian pasatzeko.

M.U.: Armañonen txango eder bat egitea, Parketxea eta Pozalaguako haitzuloak bisitatuz.

B.M.: Eta udarako plan bat?

M.U.: Eguna Lagako hondartzan pasatzea eta Urdaibai Bird Center bisitatzea.

Urkiolako eta Armañongo bidezidor sarearen homologazio ziurtagiriak lortu ditu bizkaiak

Bizkaiko Mendizale Federazioak eta Xendazaletasun Batzordeak homologazio ziurtagiriak sinatu dituzte, bidezidor sarearen egoera orokorra ona dela egiaztatu ondoren. Guztira, Urkiolan eta Armañonen homologatutako hamaika bidezidorrek 100 km baino gehiago hartzen dituzte.

Ziurtagiria jaso duten Urkiolako bidezidorrek bederatzi ibilbide osatzen dituzte: PR-BI 41 «Baltzolako bidezidor mitologikoa» (7 km), PR-BI 51 «Otxandioko galtzadetan barrena» (4,7 km), PR-BI 80 «Urkiolako inguruak ezagutzen» (3,8 km), PR-BI 81 «Galdara inguratuz» (9,6 km), PR-BI 82 «Ikazkinen bidea» (12,5 km), PR-BI 83 «Legarmendiko zeharkaldi handia» (17,3 km), PR-BI 84 «Elebe, erleen bidea» (8 km), PR-BI 85 «Anboto itzulia» (19 km) eta PR-BI 86 «Mendiola errekari jarraituz» (8 km).

Lekuan bertan bidezidorren egoera ikuskatu eta txostenak egin ondoren, esan daiteke sarearen egoera orokorra onargarria dela, hala bideei nola informazio seinale bertikalei dagokienez. Halaber, ikuskapenaren bidez akats eta arazo txiki batzuk detektatu dira, eta orain Foru Aldundiak hori konpontzeko neurriak hartu ahalko ditu. Zehazki, datozen lau urteetan bidezidorren mantentze lanak urtero egiteko konpromisoa hartu du. Besteak beste, seinale horizontalak hobetuko ditu, esku-hartzerik urgenteenei lehentasuna emanez.

Armañoni dagokionez, bi bidezidor homologatu dira: «Los Jorrios» eta «El Suceso-La Lama eta Sopeña». Bi bidezidor horiek 25,7 km inguru hartzen dituzte eta orain dela urte eta erdi leheneratu ziren.

Bidezidorrak eta bideak leheneratzeko egiten diren lanek gure naturaguneez gozatzeko aukera ematen digute. Foru Aldundia kultur eta ingurumen interesa duten ekimenak sustatzen ari da azken urteotan, eta hortxe kokatzen dira bidezidorrak leheneratzeko lanak.

Foru Aldundiak natur ondarea kontserbatzeko politika aktiboak garatzen jarraituko du. Bizkaia oso lurralde txikia da, eta antzina-antzinatik gizakia bertako bazter guztietan ibili da. Orain, aukera paregabea du kultura eta ingurumena uztartzeko, naturaguneak eta tradizioak babesteko eta lur hauetan bizi izan diren eta lan egin dutenek utzi diguten historia kontserbatzeko.