LURRA IZENEKO PLANETAN
Tokiko iraunkortasunaren aldeko apustua
AALBORG+10 konpromisoak Bizkaian
Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundia eta udalak tokiko garapen iraunkorra sustatzen ari dira, Aalborg+10 adierazpeneko konpromisoetan oinarritutako hainbat tresnaren bidez. Foru erakundearen tresna nagusia Bizkaia 21 Egitasmoa da, eta udalek Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planen bidez egiten dute lan hori.
Aalborg Danimarkako laugarren hiri handiena da, eta oso esanguratsua garapen iraunkorrari dagokionez. 1994an, Hiri Iraunkorrei buruzko Europako Konferentzia egin zen bertan, eta parte-hartzaileek Iraunkortasunaren aldeko Europako Hirien Karta edo Aalborgeko Karta onartu zuten. Karta horren bidez, Tokiko Agenda 21eko prozesuetan parte hartzeko deia egin zitzaien tokiko agintariei.
2004an, Hiri eta Herri Iraunkorren Europako Laugarren Konferentzia egin zen, hura ere Aalborgen, eta 1.000 parte-hartzaileek tokiko garapen iraunkorrerako lotesleenak diren Aalborgeko Konpromisoak onartu zituzten, Aalborg+10 Konpromisoak alegia. Haien helburua da kontzientziazioa areagotzea eta iraunkortasunaren arloko tokiko ekintza eta lorpenetarako tresna praktikoa eta malgua izatea.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Aalborg+10
Bizkaiko Foru Aldundia aspalditik ari da iraunkortasunaren alde lanean eta, lan ildo horren barruan, tokiko garapen iraunkorra sustatu du hasiera-hasieratik, udalei Tokiko Agenda 21eko Tokiko Ekintza Planak diseinatzeko eta gauzatzeko laguntza emanez. Foru Aldundiak egindako ekarpen esanguratsu bat 2005etik 2010era arte indarrean egon zen Bizkaia 21 Egitasmoa izan zen. Aalborgeko 10 konpromisoetan oinarrituta, garapen iraunkorrerako estrategia hori oso tresna baliagarria izan zen foru sailentzat, iraunkortasun irizpideak beren eskumen eta jarduketa eremuetan txertatzen lagundu baitzien.
Geroago, Foru Aldundiak barne nahiz kanpo mailako gogoeta eta parte-hartze prozesu bat burutu zuen. Prozesu horren emaitza 2011-2016 aldirako Bizkaia 21 Egitasmoa izan zen, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzean onartu zuen. Egitasmo berritua lehengoaren printzipioetan oinarritzen da eta, gainera, irismen luzeko politika estrategikoak jasotzen ditu, hala nola Europa 2020 Estrategia. Aurrekoa bezala, Aalborg+10 adierazpeneko konpromisoen arabera egituratuta dago.
Egitasmo hori behar bezala gauzatzeko eta segimendua egiteko, Foru Aldundiak Iraunkortasun Agentea sortu du, sail guztietako teknikariz osatua. Horrela, garapen iraunkorrak beharrezkoa duen transbertsalitatea erakutsi eta sustatzen du. Pertsona horien koordinazio lana oso emankorra izaten ari da programaren helburuak lortzeari begira. Hala, esaterako, 2014ko lehen seihilekoan egitasmoan jasotako jarduketen %90 inguru abian zeuden, eta bi heren erabat finkatuta daude jadanik.
Aalborg+10 konpromisoak betetzen laguntzeko, Bizkaia 21 Egitasmoa abian jartzeaz gain, foru plan eta programa guztiak Aalborg+10 konpromisoak erdiesteko egiten ari diren ekarpena ebaluatzen ari da Foru Aldundia. Lan horren bidez erakutsi nahi da gure lurraldearen garapen iraunkorra sail guztietatik sustatzen ari dela eta, uste ohi denaren kontra, lan hori ez dela ingurumenera soilik mugatzen.
Ebaluazio horren aurrerapen gisa esan daiteke lehen konpromisoa dela plan eta programa nagusien bidez gehien bultzatzen ari dena (gobernatzeko erei dagokien konpromisoa hain zuzen ere). Eta normala da hori izatea gehien betetzen ari den konpromisoetako bat, edozein plangintzaren helburu nagusietako bat gobernantza hobetzea izaten baita. Ebaluazio integral horren bidez, etorkizuneko politiketan jorratu behar diren erronkak identifikatu nahi dira.
Bukatzeko, azpimarratu beharra dago 2012an Bizkaiko Lurralde Historikoaren Iraunkortasunerako Kontseilua sortu zela, harremanetarako, parte hartzeko eta Bizkaiko Lurralde Historikoko iraunkortasun politikak koordinatzeko organo gisa.
Aalborg+10 Konpromisoak
- Gobernatzeko erak. Gure erabakiak partaidetzan oinarritutako demokrazia handiagoaren bidez hartzeko prozedurak bultzatzea.
- Iraunkortasuneranzko kudeaketa. Kudeaketa programa eraginkorrak prestatzea diseinuaren, ebaluazioaren eta ezarpenaren arloan.
- Denon ondasun naturalak. Guztion ondasun naturalak babesteko, zaintzeko eta berdintasunezko erabilera bermatzeko daukagun erantzukizuna bete-betean onartzea.
- Kontsumo eta bizimodu arduratsuak. Baliabideak zentzuz eta eraginkortasunez erabiltzea, horretarako erraztasunak ematea eta kontsumo nahiz ekoizpen iraunkorra sustatzea.
- Hirigintzaren eta plangintzaren disenua. Hirien plangintzan eta diseinuan paper estrategikoa jokatzea eta ingurumen, gizarte, ekonomia, osasun eta kultura arloko gaiak denontzako onurarantz bideratzea.
- Mugikortasun hobea eta trafiko murriztea. Garraioaren, osasunaren eta ingurumenaren artean lotura estua dagoela onartzea eta mugikortasun eredu iraunkorrak irmotasunez sustatzea.
- Osasunaren aldeko tokiko ekintza. Herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.
- Tokiko ekonomia bizia eta iraunkorra. Ingurumenari kalterik egin gabe enplegua sustatuko duen tokiko ekonomia bizia sortzea eta bermatzea.
- Berdintasuna eta justizia soziala. Komunitate integratzaileak eta solidarioak bermatzea.
- Tokiko mailatik maila globalera. Bakearen, justiziaren, berdintasunaren, garapen iraunkorraren eta klimaren babesaren aldeko erantzukizun globala gure gain hartzea.
Bizkaiko udalak, AALBORG+10 konpromisoak eta iraunkortasuna
Agian oso kontu ezaguna ez den arren, Aalborg+10 konpromisoak instituzio askok egiten duten lanaren oinarria dira. Hala, Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den bezalaxe, gure lurraldeko ia udal guztiak ere praktikan jartzen ari dira konpromiso horiek, Tokiko Agenda 21en barruan abian dituzten Tokiko Ekintza Planen bidez.
Tokiko Ekintza Planak jarduketa programa zabalez osatuta daude eta udalerri bakoitzak ingurumenaren, kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen arloan dituen hainbat erronka jasotzen dituzte. Beraz, udalerri bakoitzak iraunkortasunaren alde dauzkan estrategia eta konpromisoak dira.
Bestetik, Tokiko Ekintza Planez gain, udalerri askok bestelako iraunkortasun planak ere badituzte, hala nola energia iraunkorrerako ekintza planak, klima aldaketaren aurka borrokatzeko planak eta mugikortasun iraunkorrerako planak. Batera hartuta, iraunkortasun politiken garapen integralerako tresna garrantzitsuak dira.