LURRA IZENEKO PLANETAN
Arrisku larrian deforestazioaren ondorioz
Orangutanak Indonesian
- Testua: Eva Benito
Argazkiak: Alberto Hurtado
Munduko baso primarioen %10 Indonesian daude eta mehatxatutako 772 espezie bizi dira bertan. Orangutanen egoera ofizialari dagokionez, gaur egun arrisku kritikoan daude. Azken hamarkadetan inoiz baino abiadura handiagoan urritu dira, oihana gero eta azkarrago soiltzen ari delako palma plantazio errentagarriei eta ikatz meatzeei lekua egiteko.
Artxipelagoaren tamaina, klima tropikala eta geografia direla eta, Indonesia biodibertsitaterik handiena duten herrialdeetako bat da. Basoek herrialdearen %60 inguru estaltzen dute, eta espezieen endemismo maila oso handia da.
Planetako azken oihan tropikal handietako bat Indonesian dago, eta horixe da munduan geratzen diren orangutan aske guztien bizilekua. Primate handi horiek Malaysiakoak eta Indonesiakoak dira jatorriz, baina gaur egun Borneon eta Sumatrako iparraldean soilik bizi dira. Gainera, inork eragozten ez badu, laster desagertuko dira.
Egindako kalkuluen arabera, Indonesian 6.000 orangutan hiltzen dira urtero. Bestetik, oihan birjina oso zatikatuta dago eta geratzen diren zatiak gero eta txikiagoak dira. Gainera, lurraldeko 28 milioi hektarea erabat suntsituta daude, zuhaitz asko mozten direlako palma olioaren ekoizpenerako plantazioei lekua egiteko. Palma olioa gizakiok egunero kontsumitzen ditugun oinarrizko produktu askotan aurki dezakegu eta bioerregaia fabrikatzeko ere erabiltzen da. Herrialde garatuetan bioerregaiaren eskaria gero eta handiagoa da, energia garbiagoa eta klima aldaketa geldiarazteko beharrezkoa delako. Hala ere, praktikan, bioerregaiaren ekoizpena gasolina bera baino kaltegarriagoa da ingurumenarentzat, zuhaitz guztiak mozten direnean karbono dioxidoaren hustubideak desagertzen direlako. Zuhaitz mozketa masiboaren eraginez, Indonesia CO2 gehien isurtzen duen hirugarren herrialdea da munduan, AEBen eta Txinaren ondoren. Oso industria gutxi daukanez, horren arrazoi bakarra ingurumenaren suntsipena da.
Palma olioari dagokionez, kontsumitzaile gehienek bioerregai horrekin sortzen den elektrizitatea erabiltzen eta hainbat elikagai eta kosmetiko oso merke erosten jarraitzen dute. Txarto informatuta daude eta ez dakite supermerkatuetan saltzen diren produktu horien %10ek palma olioa daukatela eta orangutanaren habitat naturala suntsitzen ari dela olio hori ekoizteko.

Iraunkorrak ez diren jarduerak
Indonesia palma olioaren bigarren ekoizlea da munduan, Malaysiaren ondoren. Beste bi jarduera nagusiak meatzaritza eta zuhaitz mozketa dira. Gaur egun, hiru jarduera horiek dira lurralde horretan bizi diren eta lan egiten duten komunitateen bizibiderik garrantzitsuena. Hala ere, urte gutxiko epean lurrak bere mineral guztiak galtzen ditu eta lurraldea basamortu bihurtzen da. Ezin da ezer hazi eta uholde ikaragarriak gertatzen dira. Orangutanen habitata ez ezik, bertako jendearen bizibidea ere suntsitzen da. Beraz, oso argi dago oihan birjina moztuz lortzen den palma olioa ez dela produktu iraunkorra. Horregatik, haren inportazioa geldiarazten badugu, habitat horiek babesten lagunduko dugu.
Enpresek esaten dute beraiek ez dutela inolako errurik eta talde kontserbazionistek akusazio bidegabeak egiten dituztela beraien kontra. Hala ere, ingurumenaren aldeko erakundeek askotan ohartarazi dute horrek ondorio tragikoak ekarriko dituela datozen urteetan, baldin eta ez bada ezer egiten orangutanen hilketa eta haien habitataren suntsipena geldiarazteko.
Sumatra uharteko eta Kalimantan probintziako hainbat errehabilitazio zentro lanean ari dira hori gerta ez dadin. 1977an, UNESCOk biosfera erreserba izendatu zuen Tanjung Puting parke nazionala, eta 1982az geroztik eremu babestua da. Orangutanak babesteko asmoz sortu zen lehen parkea da. Kalimantan probintziaren bihotzean dago, Indonesiako Borneon, eta orangutanak babesteaz arduratzen diren hiru zentro ditu. Parke nazionaleko lehen ikerkuntza eta errehabilitazio zentroa Camp Leakey izan zen. Mary Birute Galdikas primatologo adituak sortu zuen, 1971n.
Hiru zentro horien eginkizuna, orangutanen portaera aztertzeaz gain, umezurtz geratutako orangutan basatiak edo gatibutasunetik erreskatatutakoak heztea da, naturan aske bizitzeko gai izan daitezen. Horrela, Tanjung Puting parkean jaiotako orangutanekin nahasten dira, ugaldu egiten dira eta galdutako sen batzuk berreskuratzen dituzte, hala nola janaria beren kabuz bilatzea.
Sumatra uhartean, berriz, Gunung Leuser parke nazionala dago. Unescoren aitorpena dauka eta mehatxatutako ehunka espezie bizi dira bertan. Parke horrek 7.927 km2 ditu (Euskal Autonomia Erkidegoak baino gehiago). Munduko baso tropikalik handienetako bat da, eta arriskuan dauden lau ugaztun handi bizi diren herrialde bakarra: Bengalako tigrea, Sumatrako errinozeroa, Asiako elefantea eta Sumatrako orangutana. Gunung Leuser parkea Biosfera Erreserben Mundu Sarean dago eta UNESCOk Munduko Ondare izendatu du. Fauna eta florako 10.000 espezie baino gehiago daude bertan, haietako asko endemikoak.
Tamalez, ahaleginak ahalegin, orangutanen kopurua etengabe jaisten ari da, oihanaren deforestazioaren eta maskoten legez kontrako merkataritzaren ondorioz. Isileko ehiztariek dirutza handiak jasotzen dituzte orangutan kumeen truke. Gero, maskota gisa saltzen dira merkatu beltzean. Eta okerrena da ehiztariek inolako errukirik gabe hiltzen dituztela harrapatu nahi dituzten kumeen amak eta hori eragozten saiatzen diren orangutan guztiak.
14 milioi urte planetan
Orangutanek geneen %97 partekatzen dituzte gizakiekin. Izena malaysierazko «orang utan» esamoldetik dator eta «oihaneko gizona» esan nahi du. Denbora luzea behar dute ugaltzeko eta asko jota hiru kume izaten dituzte bizitza osoan, 6 urtean bat. Horrek haien biziraupena zailtzen du. Primate handi horiek eta gizakiek arbaso bera izan zuten antzinako garai batean. 14 milioi urte daramatzate gure planetan eta funtsezkoak dira basoko sistema ekologikoarentzat. Sarritan, jaten dituzten fruten haziak digeritu gabe iristen dira gorozkietara eta bazter guztietara barreiatzen dira. Horrela, landare espezieak hedatzen laguntzen dute eta ekarpen handia egiten diote herrialdeko biodibertsitateari.
Orangutanak munduko ugaztun arborikolarik handienak dira. Zuhaitzetan ematen dute denbora gehiena. Batez beste 40 urte bizi daitezkeen arren, orangutan basatiak oso bizkor hiltzen ari dira, eta horrek arriskuan jartzen du espeziearen biziraupena. Bizibide alternatibo iraunkorrak garatzeko mekanismoak eta estrategiak aurkitu behar dira, komunitateei laguntzeko. Aldi berean, bertako flora eta fauna babestu behar dira, ekosistemaren orekari eusteko. Ekimen horiek arrakastatsuak izan daitezen, ezinbestekoa da tokiko gobernuak eta komunitateak, GKEak eta unibertsitateak elkarlanean aritzea eta lurraldea kontserbatzen laguntzea.

Ezin eutsizko egoera
Inork ez daki zehazki zenbat orangutan geratzen diren. Ziurtasunez esan daitekeen gauza bakarra da kopurua izugarri gutxitu dela. Gaur egun 60.000 orangutan baino gutxiago daude, hirurogeita hamarreko urteetan zegoen kopuruaren erdia inguru. Sumatran 8.000 daude, eta Borneon 50.000 asko jota. Kopurua egunero jaisten da.
Orangutanen populazioa izugarri urritu da eta espeziea galzorian dago. Arrazoi nagusiak honako hauek dira: zuhaitz mozketa (askotan legez kontrakoa), isilpeko ehiza eta merkatu beltza (orangutan baten prezioa 30.000 euro izan daiteke). Natur Ondarea Babesteko Legearen arabera, bost urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal zaie primate handi horiek hiltzen dituztenei. Planetako espezierik mehatxatuenetako bat da eta oso babestuta dago. Gainera, orain ezagutzen hasi diren frogen arabera, palma olioa ekoizten duten konpainiak daude delitu horien atzean, eta plantazioen jabeek diru asko ematen diete horretarako, beraientzat orangutanak «izurria» direlako.
Azkenean, Indonesiako Gobernua konturatu egin zen egoera hori ezin eutsizkoa zela, eta 2007an abian jarri zuen «Bihotz Berdea» proiektua, 200.000 km² oihan babesteko eta zuhaitz mozketa masiboa geldiarazteko asmoz. Erakunde kontserbazionistak, eskolak eta bertako biztanleak ere parte hartzen ari dira ekimen horretan. Horri esker, azken urteotan milaka hektarea oihan birlandatu dira. Gainera, basoa suntsitzen zuten enpresa batzuk arazoaren larritasunaz jabetu dira eta zuhaitz mozketa iraunkorrak egiten hasi dira. Hala, esaterako, hiru hazi landatzen dituzte mozten duten zuhaitz bakoitzeko.