INGURUMENAREN GESTIOA
Urdaibai Bird Centerrek Europako MONNA proiektuan parte hartu du
Hegaztiak monitorizatzeko teknologia berriak
- Testua: Ibon Hormaeche
Argazkiak: GAIA-Cluster TEIC
GAIA-Cluster TEICek koordinatuta, Euskadiko eta Akitaniako zenbait erakunde biltzen dituen partzuergo batek MONNA proiektuan lan egin du azken hiru urteotan. Proiektuaren helburua hegaztiak monitorizatzeko teknologia berriak garatzea, probatzea eta ezartzea da, sektore horretan Europa munduko lehen tokian jar dadin lortzeko. Urdaibai Bird Center (UBC) proiektuaren aitzindaria da gure Autonomia Erkidegoan, eta erreferentzia estatu osoan.
MONNA (Naturaren eta Animalien Monitorizazioa) proiektuaren helburua natura monitorizatzeko teknologiaren arloan Europa munduko lehen tokian jartzea da. Hori oso lagungarria izango litzateke ingurumenaren eta biodibertsitatearen kudeaketaren arloko politika publiko eraginkorrak ezartzeko.
Proiektuak bi atal nagusi ditu. Batetik, hegaztien migrazioak aztertzeko teknologia garatzea, geoposizionamenduaren arloan Europan sortzen ari diren teknologiak erabiliz. Bestetik, «laborategi bizidun» bat sortzea (living-lab ingelesez), indarra hartzen ari den ekonomia sektore bat sustatzeko: naturaren monitorizazioa.
«Ringing Technique» izeneko teknikak hegaztiak monitorizatzea ahalbidetzen du. Teknika hori 1899. urteaz geroztik erabiltzen da, eta honetan datza: goi mailako prestakuntza duten ornitologoek hegaztiak markatzen dituzte, banaka, haien migrazioak, demografia eta prozesu ekologikoak hobeto ezagutzeari begira funtsezkoak diren datuak lortzeko.
Laborategi bizidunak
Kontzeptu horren jatorria MIT Media Lab (Massachussets Institute of Technology) da. Berrikuntza prozesu osoaren paradigma aldatu du eta gizarte berrikuntza bilakatu da berez. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta bizitzaren zientziak erabiliz, giza eta gizarte arazoak konpontzea eta pertsonen eguneroko bizitza hobetzea du xede.
Bilakaera etengabean dauden ingurune errealetan konponbide konplexuak probatzeko, balioztatzeko, fintzeko eta prototipoak sortzeko ikerketa metodologia bat da. Eredu berri horretan, eragile guztiek (administrazioa, ekoizpen sektorea, hezkuntza, ikerkuntza eta gizarte zibila) era aktiboan parte hartzen dute berrikuntza prozesu ireki batean, elkarlanean. Eragile guztien artean, irtenbide berriak sortu eta balioztatzen dira, erabilera testuinguru errealetan eta IKTak baliatuz.
MONNA proiektuaren helburuak
Helburu orokorra erreferentziazko sareetako kideek baliatu ahalko dituzten estandar teknologikoak garatzea da. Sare horietako bat Euring da (Hegaztien Eraztunketarako Europar Batasuna). Oinarrizko teknologia eta berrikuntzarako espazioak sortuz, biltzen diren datuak informazio erabilgarri bihur daitezke ikerkuntzaren arloko erakundeentzat nahiz eragile publikoentzat.
Horri dagokionez, helburu espezifiko nagusietako bat horretan aritzen diren pertsona, enpresa eta erakundeentzat nodo bat sortzea da. Nodo horren bidez, lankidetza sare bat sor daiteke etorkizuneko I+G+b proiektuak abiarazteko. Beste era batera esanda, helburua ez da besterik gabe plataforma bat sortzea, baizik eta Europa mailako «living lab» bat eratzen laguntzea. Abiapuntua ekimenean parte hartzen duten eskualdeak izango lirateke, eta gero Europa osora hedatuko litzateke.
Urdaibain lortutako emaitzak
Urdaibain garatu den MONNA 2007-2013 proiektua POCTEFAk finantzatu du (Espainia-Frantzia-Andorra Lankidetza Programa Operatiboa), eta bost bazkidek osatutako partzuergo baten bidez garatu da. Bazkide horietako hiru Euskal Herrikoak dira (GAIA-Cluster TEIC, Aranzadi/Urdaibai Bird Center eta Vicomtech IK4), eta bi Frantziakoak (ESTIA eta Aguila Technologie). Partzuergoaren koordinatzailea GAIA da.
Proiektuaren barruan Urdaibaiko Biosfera Erreserban ezarri eta garatu diren teknologia nagusiak honako hauek izan dira:
- Monitorizaziorako eta segimendurako bi teknologiak (GSM-GPS eta Sigfox). Gaur egun, hogei bat hegaztirekin erabiltzen ari dira, eta aldiro hegazti horien posizionamendua bidaltzen dute zerbitzari zentral batera, Satelite bidezko Nabigazio Sistema Globala (GNSS) erabiliz. Teknika tradizionalen aldean (hegaztiei eraztuna jartzea, adibidez), MONNA proiektuaren baitan garatutako teknologia berri horien bidez datuak egunean hainbat aldiz bidali ahal dira, eta ez da beharrezkoa hegaztia berriz harrapatzea informazioa deskargatu nahi den bakoitzean. «Zalantzarik gabe, teknologia hau garatzeko zailtasunik handiena gailuen tamaina eta pisu egokia aurkitzea izan da. Izan ere, ezin dute inolako eraginik izan hegaztien bizitzan eta, gainera, urarekiko eta gazitasunarekiko erresistenteak izan behar dira», azaldu du GAIA-Cluster TEICeko Itziar Vidorretak.
- Hegaztien segimendua egiteko, haien ibilbideak aztertzeko eta hezeguneei buruzko datuen bistaratze interaktiborako plataforma interaktibo berria. Plataforma horri esker, alor zientifiko-teknologikorako, akademikorako eta publikorako interesgarriak diren datuak ustiatu ahal dira. Ingurumenaren arloko politika publikoak diseinatzeko funtsezko informazioa ematen du tresna berri honek.
- Mugikorretarako Birding Urdaibai aplikazio berria, hegaztien kokapena zehazteko. Android gailuetatik deskargatu eta erabili ahal da, lau hizkuntzatan (gaztelania, euskara, frantsesa eta ingelesa). Urdaibaiko Biosfera Erreserba bisitatzen dituzten turista guztiei eta ornitologoei zuzenduta dago eta hainbat atal ditu. Honako hauek dira atal interesgarrienetako batzuk: Urdaibaiko Erreserbaren, haren inguruaren eta Urdaibai Bird Centerren aurkezpena; ibilbide ornitologikoak; Urdaibain ikusi ahal diren hegazti guztien eta haien ezaugarri nagusien zerrenda; hegaztiei jarritako geoposizionamendu teknologiei esker zentroak monitorizatzen dituen bidaiak jasotzen dituen «Bidaia harrigarriak» izeneko atala; eta argazkiak aplikazioaren beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko aukera ematen duen «Igo zure argazkia» izeneko atala.
Urdaibai Bird Center, ekintzailetza smart lurralde batean
Ingelesezko «smart» hitzak azkarra, adimentsua edo kalitatezkoa esan nahi du. Smart inguruneetan eraginkortasun, konfort eta interaktibitate handiagoa lortzen da bertako eragileentzat eta gizartearentzat, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz eta bi printzipio hauek oinarritzat hartuz: berrikuntza eta ekonomiaren nahiz ingurumenaren arloko iraunkortasuna.
Hara ere, «smart» kategoria ez da denboran berez irauten duen zerbait. Alde guztiek etengabeko hobetze prozesu batean parte hartzea eskatzen du. Eredu horrek lurralde baten etorkizuneko apustuei ematen die lehentasuna, hazkunde iraunkorra lortzeko bide bakar gisa.
Eredu horretan, lurralde bakoitzak beste ingurune batzuetatik desberdinduko duten espezializazio ereduak garatu behar ditu eta, aldi berean, eredu berriak asmatu eta sortu behar ditu, ekintzaileek egiten dituzten aurkikuntzen bidez.
Urdaibai Bird Center (UBC) aurkikuntza horien adibide argia da, espezializazio adimentsua eta ezagutzaren ekonomia erreferentzia nagusitzat dauzkan eredu baten arabera:
- Urdaibairen ingurumen nortasuna iraunarazteko apustua da, eta, horrekin batera, tokiko garapena sustatzen duten eta gizartearentzat balioa sortzen duten jarduerak babesten dira.
- Ekonomia, gizartea eta ingurumena bateragarri egiteko gaitasunaren adierazle argia da: a) natura monitorizatzeko IKT irtenbideak probatzeko aukera ematen duen teknologia eta ikerkuntza poloa da (arlo ekonomikoa); b) nazioarteko talentua erakartzeko poloa da eta turismoaren, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko jarduera berriak sortzen laguntzen du (arlo soziala); eta c) Urdaibaiko Biosfera Erreserbako natura, paisaia, ekologia eta biodibertsitatea iraunarazten laguntzen du (ingurumen arloa).
- Azken batean, lurralde baten lehiakortasunaren giltza ez da «zer» egiten den, baizik eta «nola» garatzen diren lehiakortasuna irabaztea eta denboran berrasmatzea ahalbidetzen duten aurkikuntza berritzaileak.
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.