IRAUNKORTASUNA
Osasuna, enplegua eta azpiegitura berdeak lehentasunak izango dira
2020ko IV. Ingurumen esparru programa
Ibon Hormaeche
Euskadik ingurumen esparru estrategiko berria dauka datozen urteetarako: IV. Ingurumen Esparru Programa. Plan estrategiko berriak jasotzen duenez, Euskadiko ingurumen politika berrituan osasuna, enplegua eta azpiegitura berdeak izango dira lehentasunak. Programari ekarpenak egin dizkiote hainbat euskal administraziok, interes taldek eta herritarrek, guztira mila proposamen inguru aurkeztuta.
EAEko IV. Ingurumen Esparru Programak (IEP) Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020 du oinarri, eta haren jatorria, aurreko programena bezalaxe, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Legea da, otsailaren 27koa. Izan ere, lege horren arabera, ingurumen politika esparru programa batean azalduko da. Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen organoak egingo du, Euskal Herriko Ingurugiro Batzordean ordezkotza duten administrazio publikoekin lankidetzan. I. Ingurumen Esparru Programa 2002-2006 aldirako izan zen; II. Programa 2007tik 2010era bitartekoa izan zen; III. Programa 2011. urtean onartu zen eta 2014an amaitu da.
Euskadiko ingurumen estrategia berriak osasunari, enpleguari eta azpiegitura berdeei ematen die lehentasuna, funtsezko ardatzak baitira, eta berrikuntza nagusi bi ditu: batetik, ingurumen politika «prebentiboa» ezartzen du ohiko politika «erreaktiboaren» ordez; bestetik, azken 30 urteotan ingurumenean egindako inbertsioaren errentagarritasun ekonomikoa bilatzen du, Euskadin egin den inbertsio handiak eraman baikaitu gaur egungo garapen mailara.
Filosofia, helburuak eta proiektu giltzarriak
Horretarako, IV. Ingurumen Esparru Programak 6 proiektu giltzarri jasotzen ditu, lehentasunez garatu beharreko 75 jardueratan banatuta. Haien helburua hauxe da: Euskadiko ekonomia lehiakorra, berritzailea, karbono gutxikoa eta baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorra izatea. 2020ko IV. IEPk jasotzen dituen proiektu giltzarrien artean aipatzekoak dira honakoak: osasuna eta ingurumena lurralde politikan txertatzea, zerga- sistema berdea, elikadura zirkularra edo azpiegitura berdeak inguru degradatuetan. Ingurumen Esparru Programa berriaren filosofiaren oinarrian konpromiso hirukoitza dago –ingurumena babestea, ekonomiak lurraldea errespetatzea eta pertsonak helburu izatea–, eta helburuak filosofia horren arabera finkatu dira.
2020ko Euskadiri buruzko filosofia eta ikuspegi horren barnean, honako helburu estrategiko hauek ezarri dira: natura-ondarea babestea, oneratzea eta kontserbatzea; Euskadiko ekonomia lehiakorra, berritzailea, karbono gutxikoa eta baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorra izatea; herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea; udalerrien iraunkortasuna areagotzea; politiken arteko koherentzia eta erantzunkidetasun publiko-pribatua bermatzea; eta Euskadiren irudia nazioartean hedatzea, ingurumeneko jardunbide egokiak direla kausa.
Proiektu giltzarrien berezitasuna
2020ko IEPko proiektu giltzarriek kudeaketa, segimendu eta zuzendaritza sistema propioa izango dute, Eusko Jaurlaritzako sailen artean kolegiatua eta Lehendakaritzak koordinatua. Hori guztia kontsekuentea da proiektu giltzarrien eta Esparru Programaren izaera transbertsalarekin eta plan estrategikoak ezarri eta zehazten duen lidergoarekin.
Proiektu horien denbora muga 2020. urtea den arren, epe laburrean bete beharreko hainbat helburu ezarri dira, 2017an emaitza zenbakarriak izan beharko dituztenak. Honako hauek dira proiektu giltzarri bakoitzean ezarritako epe laburreko ekimenak eta helburuetako batzuk:
Administrazioa eredu ingurumenean. Energia-kontsumoa murriztea eta iturri berriztagarriei zor zaien ehunekoa handitzea. Eusko Jaurlaritzaren eraikinen Energia Jasangarritasunerako Programa eta Erosketa Publiko Berdearen Programa 2017an.
Lurralde osasungarria. Osasunaren eta ingurumenaren aldagaiak lurralde-politikan txertatzea. Politika publikoek osasunean duten eragina aztertzeko eta ebaluatzeko erreminta bat ezartzea eta biztanleriaren osasun-profilen lurraldekako ikerlana 2017an.
Zerga-sistema ekologikoa. Herritarrengan, enpresetan eta erakundeetan ingurumeneko jokabide arduratsuak sustatzea eragingo duen zerga-sistema ezartzea modu mailakatuan.
Ekoizpen berdea. Euskal enpresen baliabide-kontsumoa eta ingurumen-inpaktua murriztea eta hondakinei probetxu ateratzea. 2017rako prest egon beharko da teknologia eta material garbiagoen zerrenda, hala nola materialen zikloak ixteko prozesuetarako laguntza-sistema aurreratua.
Elikadura zirkularra. Elikaduraren balio-katearen ziklo osoari probetxu ateratzea. Nekazaritza-ekoizpeneko proiektu pilotuak, ekosistema-zerbitzuak ordainduz, eta elikadura arduratsuko proiektu pilotua ikastetxeetan, 2017an.
Azpiegitura berdeak. Pertsonen eta natura-ingurunearen arteko elkarreragin zuzena ahalbidetuko duten azpiegitura berriak natura-eremu babestuetan, eremu erdinaturaletan, degradatuetan, artifizialduetan, etab. 2017an, EAEko azpiegitura linealen ebaluazioa egingo da, azpiegitura berde bihur daitezkeenak bereizteko.
Helburu estrategikoak
Lehen Ingurumen Esparru Programa egin zenetik, bide luzea eta oparoa egin dugu. Herritarrek kalitatezko ingurumena izan nahi dutela eta gure sare sozio-ekonomikoak dituen premia eta aukerak kontuan izanik, IV. Ingurumen Esparru Programa hau tresna biziki garrantzitsua da honako helburu estrategiko hauek betetzeko:
- Euskadik duen ingurumenaren goi-mailako kalitatea bermatzea eta hobetzea. Horretarako, jardueren eta pertsonen erantzukizuna areagotu egingo da maila horri eusteari dagokionez.
- Ingurumen-politikaren bitartez administrazio-izapideak sinplifikatzen eta arintzen laguntzen jarraitzea, baliabideak modu eraginkorrean erabiliz eta karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizioa bultzatuz.
- Jakintzari, ingurumen-azpiegiturei eta gure ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuei balioa ematea, Jaurlaritzaren politikekin sintonian.
- Ingurumen-politikatik osasun publikoa hobetzen, kapital naturala babesten eta herritarren ongizate orokorra areagotzen laguntzea, administrazio publikoekin erabat koordinatuta eta erabilitako baliabideak arrazionalizatuta.
- EAEko herritarrek ingurumen-arloan duten hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioa areagotzea.