LURRA IZENEKO PLANETAN

Euskadiko ESKOLA AGENDA 21 proiektua hamarkadako 25 ekimen onenen artean dago

Euskadi Japoneko garapen iraunkorrari buruzko munduko konferentzian

Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren inguruko UNESCOren Munduko Konferentzia 2014ko azaroaren 10a eta 13a bitartean egin zen Aichi-Nagoyan (Japon). Bertan azken hamarkadako arrakastak aztertu ziren eta baita ere bidean aurkitutako oztopoak. Era berean, mundu osoko praktika egokien adibideak eman ziren, horien artean Euskadiko Eskola Agenda 21. Konferentziaren helburua lanerako lehentasunezko ildoak markatzea izan zen, Ekintza Globalerako Programa (GAP) baten bidez.

Zergatik egon ginen han?

Konferentziaren helburuetako bat garapen iraunkorraren hezkuntzan kasu arrakastatsu eta praktika egokiak identifikatzea izan zen, eta 25 praktikekin «Arrakasta historiei» buruzko erakusketa bat egitea. Abuztuan, konferentzia baino hiru hilabete lehenago, Eusko Jaurlaritzak gutun bat jaso zuen. Horren bidez konferentzia horretan Eskola Agenda 21 proiektua aurkezteko gonbidapena jaso zuen, praktika onak dituzten hautatutako 25 ekimenetako bat izanik. Aurretik, 2010ean, UNESCOk aitorpena eman zion Eskola Agenda 21 proiektuari, Garapen Iraunkorrerako Heziketarako tresna egoki bezala.

Zer da GIH?

Garapen Iraunkorrerako Heziketaren (GIH) bidez zera sustatu nahi dugu: pertsona bakoitzak bereganatzea bizimodu iraunkor bat garatzeko beharrezko ezagutza, eskumen, jarrera eta balioak.

Garapen iraunkorrerako heziketa emateak esan nahi gai konkretu batzuk eskola-bizitzan txertatzea, hala nola aldaketa klimatikoa, biodibertsitatea, pobreziaren murrizketa eta kontsumo arduratsua. Era berean, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea eskatzen du: ikasleak, irakasleak, familiak eta irakasleak ez diren langileak, beren ohiturak aldatu eta iraunkortasunaren aldeko neurriak hartzeko.

UNESCO arduratu da Garapen Iraunkorrerako Heziketaren Nazio Batuen Hamar urteak koordinatzeaz.

Nola antolatu zen Japonerako bidaia?

Egia esateko oso estresagarria izan zen. 148 herrialdek hartu zuten parte eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen arloko Hezkuntza Zerbitzua gonbidatu zen, INGURUGELA, Parisko UNESCOren izenean. Erakusmahai bat prestatu behar genuen: Posterrak, liburuxkak, materialak… eta guzti hori ingelesez, oso denbora gutxian, dena Japonera bidali behar baitzen hilabete lehenago.

Euskadiren ordezkaritza 6 pertsonako izan zen: Ingurumen eta lurralde arloko politikako kontseilaria, Ana Oregi, Natur ingurune eta Ingurumen Antolamenduko Amaia Barredo, UNESCO Etxeko 2 pertsona, INGURUGELAko pertsona bat eta Eusko Jaurlaritzako prentsa arloko beste bat.

Japonetik bidali zuten bidaia-txartela ez zen heldu hiru egun lehenagora arte… Masako Sakata andrearekin goizaldeetan hainbat konferentzia egin eta gero, 30 orduz ordezkaritzako pertsona batek bidaiatu zuen hegazkinez, bakarrik, aurkeztu beharreko posterra eskuan. Ezin ginen arriskatu poster hura galtzera. Tokioko aireportuan nabari zen Konferentzia aurreko giroa; kontinente guztietako pertsonak zeuden Nagoyarako hegaldiaren zain; horien artean Ghanako Hezkuntza Ministroarekin kointziditu genuen, aurreko hegaldi batean maletak galdu omen zizkiotena.

Zertan zetzan Konferentziak?

«Gaur ikasi, etorkizun iraunkorra izateko» lelopean, Konferentziak iraun zuen hiru egunetan lau osoko saio, goi mailako mahai-inguru bat, 34 tailer eta 25 ekitaldi paralelo egin ziren. Hiru egun horiek oso biziak izan ziren, ez baikenuen ezer galdu nahi.

Konferentzian 1.000 lagunetik gora egon ginen UNESCOk gonbidatuta: UNESCOko Estatu kideetako ordezkariak, unibertsitateetako ordezkariak, sektore pribatukoak eta gazte elkarteak. Hizkuntza asko entzuten ziren, horien artean euskara ere.

Han egon zen Eskola Agenda 21 proiektuaren ordezkaritza ere, UNESCOko Zuzendari Nagusi Irina Bokovak eta Japongo printzeak Konferentzia inauguratu zutenean.

Hiru egun horietan osoko saio bat egiten zen goizez, hamar urteotako lorpen eta erronkei buruz hitz egiteko, baita 2030erako planteatu daitezkeen hobekuntzez ere. Saio horietan irizpide bateratuak bilatu nahi izan genituen, herrialdeetako egoera sozioekonomiko eta kulturalak desberdinak izan arren. Ondoren, bai goizez, bai arratsaldez tailerrak antolatu ziren. Hainbat gai landu ziren horien bidez, esaterako garapen iraunkorrak hezkuntzaren kalitatean eragitea, politikatik praktikara pasatzea… lan-taldetan banatuta, herrialde bakoitzaren ikuspegitik landu genituen etorkizunerako ondorio bateratuak.

Kongresuen Zentroko sarrera-atarian 25 esperientzia onenen erakusketa zegoen. Han zegoen gure erakusmahaia: «Education for sustainainability in the Basque Country: School Agenda 21». Horren bidez azaldu genuen gure proiektua, bai Konferentzian parte hartu zutenei, bai inguruko ikastetxeetako bisitariei ere. Eremu horretan aukera izan genuen UNESCOk aukeratutako beste 24 praktika on horiek ezagutzeko. Kontinente guztietako proiektuak zeuden. Horietako bost ziren europarrak.

Ez genuen bazkaltzeko astirik ere; izan ere, eguerdian ekitaldi paraleloak egiten ziren (egunean 8). Ekitaldi horietarako sarreran, «buffet» txiki bat zegoen, batez ere janari japoniarrarekin, arin batean mokadu bat hartu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak eta UNESCO-Etxeak aukera izan zuten ekitaldi paralelo horietako bat antolatzeko eta horrela aukera izan genuen azaltzeko zein egiteko duten nazio-azpiko gobernuen garapen iraunkorrerako heziketa-programak ezartzeko orduan. Hiru lurraldetako «praktika onak» aurkeztu eta partekatu ziren: Euskadi, La Reunion eta Western Province. Guk hitzaldi hau aurkeztu genuen: «The implementation of EDS in the Basque Country: School Agenda 21» Euskadin garatutako praktika onen adibide gisa.

Zeintzuk izan dira Konferentziatik hartutako ondorioak?

Konferentziaren ondorioak Garapen Iraunkorrerako Heziketaren etorkizunerako Ekintza Globalerako Programa (GAP) batean jaso dira, lehentasunezko bost eremutan:

Egun luze horien ondoren… Japoneko eskolaren bat bisitatzeko aukerarik izan al zenuten?

Bai, laugarren egunean UNESCOrekin bazkidetutako bi zentro bisitatu genituen. Lehena, Higashiura-ko «Owawa Elementary School». Bertan azaldu ziguten nola txertatzen duten garapen iraunkorraren gaia eskola curriculumean. Lehen Hezkuntzako eskola bat da eta atentzioa eman zigun ikasgeletan ordenagailurik ez ikusteak. Lanbide Heziketako zentro bat ere bisitatu genuen: «Aichi Commercial High School». Bertan, merkataritza arloko prestakuntza ziklo bateko ikasleek erakutsi ziguten «Tokugawa honey» proiektua, ikasleek egindako txokolate eta eztizko izozki bat. Ikastetxearen teilatuan abaraska batzuk dituzte eta hortik lortzen dute eztia, eta erabiltzen duten txokolatea bidezko merkataritzako produktua da. Horrek aukera ematen die hainbat gai lantzeko: Airearen kalitatea, biodibertsitatea, ekonomia iraunkorra, lehengaien lanketa herrialde desberdinetan, bidezko merkataritza… 

ZERGATIK HAUTATU GAITUZTE EREDU GISA GARAPEN IRAUNKORRERAKO HEZIKETARI BURUZKO KONFERENTZIA HONETAN?

ZORIONAK ESKOLA AGENDA 21 PROGRAMAN PARTE HARTZEN DUZUEN IKASTETXE GUZTIEI!!
«Learning today for a sustainable future»

PDFFitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.