LURRA IZENEKO PLANETAN

Yomol A´Tel: Chiapaseko Tseltales (Mexiko) komunitateen ekonomia solidarioa

Kafe solidarioari buruzko historia

Chiapaseko iparraldeko Tseltales komunitateak erakutsi digu ekonomia solidarioa errealitate bat dela, ez soilik utopia bat. Bertan urteak daramatzate tokiko garapenerako aukerak sortzen, eskala txikian, beren familien eta komunitate osoaren ongizatea bermatzeko. Tseltal herriaren esperientziak eta antzeko beste batzuek erakusten digute ekonomia solidarioa aldaketarako proposamen politiko bat dela, egitura ekonomiko bidegabe eta baztertzaileen aurrean. Aldaketa gure esku ere badago, kontsumitzaile garen heinean.

Lerro hauen bidez mezu bat helarazi nahi dugu: posible dela krisi globalizatura eraman gaituzten garapen nagusia ez bestelako aukera ekonomikoak eraikitzea. Eta gainera, kafe-kontsumitzaileak garen heinean, oztopoak gorabehera aurrera egiten ari diren aukera horiek sendotzen lagundu dezakegula.

Mezu hori heldu zaigu urteetan eredu ekonomiko bidezko eta duinago baten alde borrokan aritu diren pertsonen eskutik. Pertsona horiek pertsona jartzen dute kapitalaren gainetik, eta ongizate kolektiboa bilatzen dute, ez soilik gutxi batzuen ongizate eta interesa. Bestela esanda, pertsona horiek eta munduko beste asko egiten ari diren borroka da. Helburua ekonomia gizatiarragoa egitea da, elkartasuna eta bestelako balio batzuk txertatzea enpresa txiki eta handietan. Azken finean, ekonomia solidarioaren barruan sartzen den esperientzia bat da.

Ekonomia solidarioaren helburua zera da: esplotazioan eta lan-menderakuntzan oinarritutako logika kapitalistatik urrun dagoen beste logika bat eraikitzea; gizarte-mailen banaketa, aberastasunaren banaketa desorekatua, indibidualtasuna eta gehiegizko kontsumismoa alde batera utziz. Lankidetzan, elkarrekiko elkartasunean eta jabetza komunitarioan oinarritutako harreman produktiboak bideratuko dituzten antolakuntza eta egitura ekonomikoen aldeko apustua egiten dute. Elkartasunak ziklo ekonomikoaren faseetan eragin dezan nahi dute (ekoizpena, banaketa, kontsumoa eta metatzea), zentrotik bertatik eraldatuz, eta oreka berriak sortuz. Ondoren kontatuko dugun esperientzia Chiapaseko Iparraldeko Mendizerra inguruko Tseltal herriarena da.

100 urte luzez kafea izan da eskualde horretako jarduera ekonomiko nagusia, eta era berean, familia ekoizleen bazterkeria eta opresio ekonomikorako elementu nagusia. Tseltal herriko komunitate indigenen gizarte-bazterkeria sortu duen faktoreetako bat eskualdean ekoitzitako kafearen merkaturatzearen kontrol-egituraren ondoriozko ustiapen ekonomikoa izan da. Ez gara konturatzen familia ekoizleen eta hartzen dugun kafe beroaren artean zortzi bitartekari ere egon daitezkeela, eta familia horiek naturaren arriskuak eta burtsan prezioek duten hegazkortasuna jasan behar dituztela.

Egoera horri aurre egiteko, kafea ekoizten duten Tseltal familiak, Bachajón misiolari jesuitaren laguntzarekin, kooperatibetan antolatu dira. Horrela, kafearen balio-kate osoa kontrolatu dezakete, ekoizpenetik hasi eta zuzeneko merkaturatzera arte. Horrela, Yomol A´Tel izeneko ekonomia solidarioko enpresa-talde bat sortzea lortu dute. Talde horrek kooperatiba desberdinen ahalegina artikulatzen du, kafearen balio-kate osoetan.

Yomol A´Tel Taldearen helburua bizirauteko nekazaritza-baliabideak sendotzea da, nekazaritza ekologikoa sustatuz. Era berean, Tseltal ekonomia sendotzen saiatzen da, kafe organikoa lehengai gisa saltzeari utziz eta hainbat gizarte-eragilerekin beharrezko loturak sortuz (unibertsitateak, fundazioak, enpresak, sareak eta gizarte-mugimendua), ekoizpenari balio integrala eman eta produktu jakin batzuk eskaintzeko, baita Capeltic kafetegietan katiluan saltzea ere.

Yomol A´Tel Taldearen historiak argi erakusten du posible dela garapenerako ekonomia aukera iraunkorrak sortzea eskala txikian. ALBOAN GKEren izenean –garapenerako lankidetza lana burutzen du Euskadin eta Nafarroan-, mota horretako alternatiba eta proiektuak sortzen laguntzen dugu, eskualde horiek tratatzen diren dohaintza eta diru-laguntzaren kulturatik urrunduz, bizi-baldintza hobeak lortzera begira beren gaitasunak sustatzen lagunduz.

YOMOL A´TEL

http://www.yomolatel.org/

Bats’il Maya eta Capeltic kafea Come Sano, Come Justo kooperatibaren bidez banatu eta merkaturatzen da Espainian.

http://tiendacomesano.com/