GURE INGURUNEA
Bizi-kalitatearen aldeko Udalerrien Sarea
Zer dira «Slow Cities» delakoak?
Ibon Hormaeche
«Hiri Geldoen» ezaugarriak hauek dira: egunerokotasunaren abiadura moteldu eta lasaitu egiten dela eta tokiko harremanak eta tradizioa baloratu egiten direla, bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten aurrerapen teknologikoak alde batera utzi gabe. Hiri horiek estilo pertsonalizatua hartzen dute eta mundu homogeneizatuaren parte izateari uzten diote. «Cittaslow» mugimendua da. Italian sortu zen 1999an eta mundu osora hedatu da. Nazioarteko sare honetara atxikitako Estatu mailako sei hirietako bi Bizkaian daude: Mungia eta Lekeitio
Gaur egun, nork ez dauka presarik? Nork ez du sentitu denborak eskuetatik ihes egiten diola eta egunari orduak falta zaizkiola? Mundu azeleratu batean bizi gara eta estresa gure egunerokotasunaren parte da.
Pertsona moderno bakoitza bere oztopo-lasterketa partikularrean murgilduta bizi da eta denboraren azken segundo-milarena ere kontrolatzea erabakigarria da gure bizitzan. Natur ingurunetik eta bere tempotik urrundu gara, urtaroak eta gure kontroletik kanpo dauden bestelako faktoreak kontuan hartzeari utzi diogu, eta horietara bueltatzeari buruzko ideia ameskeria moduko bat da gaur egungo gizartean. Uneaz gozatzeko gaitasuna galtzen ari gara eta konturatu ere ez gara egiten. Gogorra da onartzea, baina ohitu egin gara gauzak egitera burua beste nonbait dugula. Horri guztiari konponbidea bilatzeko asmoz sortu zen SLOW mugimendua eta ondoren «Slow City» delakoa.
Akzio-erreakzioa
Espainiako Plaza (Erroma, 1986). Carlos Petrini kazetariak ikusi zuen janari azkarra saltzen zuen jatetxe ezagun bat ireki zutela leku historiko horretan eta bere barrenean zerbait mugitu zitzaion. «Urrunegi joatea zela» iruditu zitzaion eta Slow Food mugimendua sortu zuen. Hortik aurrera gure bizitzako arlo guztietan aplikatzen hasi zen, hala nola osasunean, lanean, hezkuntzan eta aisialdian. Azkenik, 1999an «Citta Slow» mugimendua sortu zen eta horrekin batera hirien garapena bizi-kalitatearen hobekuntzan oinarritu daitekeela dioen ideia.
Ideia hori oinarri hartuta, Slow City edo «hiri geldoen» kontzeptua agertu zen: 50.000 biztanle baino gutxiagoko hiriak, munduko edozein lekutakoak, oso desberdinak bata bestearen artean baina oso lotuta, helburu berberarekin: Herritarren bizi-kalitatea hobetzea lurraldearekin, ingurumenarekin edo teknologia berriekin lotutako proposamenetatik abiatuta.
Hiriaz gozatzea
Slow City delakoek beren herritarrek beren hiriaz gozatu ahal izateko konponbideak bilatzen dituzte, besterik gabe. Hiri horietan modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatu da. Horrela, iraganeko jakinduria eta gaur egungo aukera teknologikoak eta abangoardiako konponbideak elkarrekin bizi dira.
Espainiako sei udalerri daude gaur egun «Citta slow» mugimenduaren barruko Bizi-kalitatearen aldeko Udalerrien Sarean: Begur, Bigastro, Lekeitio, Mungia, Pals eta Rubielos de Mora. Era berean, ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten ehunka udalerrien nazioarteko sarearekin erlazionatuta daude. Honakoak dira ezaugarriak:
- Ingurumen politika. Hondakinen berreskurapen eta birziklatzea sustatzean oinarrituta.
- Hirigintza politika. Lurraldearen hobekuntzan eta ez soilik okupazioan oinarritua.
- Aurrerapen teknologikoen erabilera, ingurumenaren kalitatea eta herriak hobetzeko.
- Ekoizpen naturala. Ingurumena errespetatzen duten teknika naturalean bidez lortutako elikagaien erabileratik abiatuta.
- Tokiko ekoizpenen sustapena, tradizioak mantentze aldera eta kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harremanak sustatze aldera.
- Eskuzabaltasuna eta elkarbizitza sustatzea, tokikoen eta bisitarien artean.
- Kontzientziazioa: herritarrak, bereziki gazteak, eta eragile turistikoak kontzientziatzea slow hiri batean bizitzearen esanahiaren eta ondorioen inguruan.
Hiri geldoak, hiri kontzienteak
Praktikan, hiri geldoetako herri-guneetan (eta gune historikoetan) oinezkoen presentzia handia da; ez dago trafikorik eta horren ondoriozko zaratarik, eta lasai paseatzera gonbidatzen dute. Azalera handiak saihestu eta herriko dendari txikiei lekua egiten zaie. Horrela, bertako produktuak eta bezero eta dendarien arteko harremanak sustatzen dira. Jatetxeetan bertako errezeta tradizionalak egiten dituzte, inguruko produktuak erabilita. Produktu horiek, neurri handi batean, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren arabera lantzen eta hazten dira.
Horregatik guztiagatik, ez dira soilik hiri geldoak, baizik eta hiri kontzienteak. Tokiko idiosinkrasia irekia dute, eskuzabalak dira eta natur ingurunea erabat errespetatzen dute. Zentzu horretan nahitaezkoa da kalitatea mantentzea, Gandhik esaten zuen moduan, «bizitzan abiadura handitzea baino gauza garrantzitsuagoak» baitaude.
Zailena zera da: kontzeptu hori hiri handietara eramatea. Baina hirigintzak planteatu egin beharko luke hori nola egin, eta herritarren bizimodua SLOW egiteko bideak aurkitu. Zalantzarik gabe, ideia orokor horretan aurrera egiteko Smart Cities edo «hiri adimentsuak» izenekoen eskutik ere etor daiteke aukera. Aldizkariaren hurrengo zenbakian hitz egingo dugu horietaz.
JARRERA GELDOA
Geldotasuna balio negatiboekin lotzen dugu sarriegi. Baldarkeria, interes falta, asperdura... dimentsio horiek ez dituzte jasotzen jarrera lasai, arrazoitu eta ziur baten onurak.
Erabaki garrantzitsuak ez dira ausaz, edo bat-batean hartu behar. Hori badakigu. Zaila da sinestea jarduera bat baino gehiago aldi berean egiteak emaitza positiborik ekar dezakeenik; dena erdipurdi geratuko da. Era berean, jarduerarik eza ez da beti hutsala. Kontenplaziozko jarrerak ingurunean sarrarazten gaitu eta gure lanean positiboki lagundu ahal diguten ideia bikainen gordeleku izan daiteke.
Slow mugimenduak tresnak eman nahi dizkie pertsonei, beren bizitzak ez daitezen izan emoziorik gabeko gertaera multzo soilak. Aitzitik, ongizatea ematen du, gure erlojuak araututako bizimodu estandarizatutik urruntzeko baliagarria da. Izan ere, bizi garen abiadura horrek unean unekoa gozatzeko gaitasuna ezeztatzen digu.
Fast Life ereduaren zoramen horri erantzuna emateko, Slow Food mugimenduak proposamen bat egiten die eraginkortasuna frenesiarekin nahasten duten horiei. Sendagai berezi moduko bat da, plazer txikiez ohartzen lagundu eta horiez behar den moduan gozatzeko aukera izateko.
Mahaitik hasiko gara: gure sukaldaritzaren usain eta aberastasunak ekarriko ditugu, gure bizimodua aldatzen duen produktibitate motari aurre egingo diogu, paisaia eta ingurumena mehatxatzen baitu, zaporeak hartzeko denbora hartuko dugu eta gure arima pobretzeari uko egingo diogu. Horrela bai, aurrerabideaz hitz egin ahal izango dugu, kulturaz, eta etorkizun hobeaz.
Slow Food mugimendua 150 herrialdetan dago, baita Bilbon ere, eta bertako kideen ezaugarri komunak hauek dira: janari onarekiko zaletasuna eta komunitate eta ingurumenarekiko konpromisoa.