GAZTERIA
Bizkaiko Foru Aldundiak hautsi egin du hitza ematearen inguruko beldurra, eta gazteekin politika egiteko bide berria ireki du
«K proiektua: etorkizuna gazteekin eraikitzeko modu berria»
Zuri Alvarez
Politika herritarrek eta, bereziki, gazteek nahi dutena kontuan hartu gabe egiten dela entzuteaz nekatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Kproiektua’ sortu du: proiektu parte-hartzaile berritzailea da, eta, horren bitartez, etorkizuneko politikak eraikiko dira Bizkaian. Maitane Leizaola, Kirol eta Gazteriako zuzendari nagusia, izan da ekimen honen sustatzaile nagusienetakoa.
Nola sortu zen?
Kproiektua politika egiteko modu berri bat finkatzeko asmoarekin sortu zen; politika hurbil eta zuzenagoa egin nahi da, baina politika horren asmo nagusia gazteei entzutea da. Jakin nahi dugu zeintzuk diren 18 eta 30 urte bitarteko bizkaitarren kezkak, arazoak, nahiak... baina, batez ere, urrats bat gehiago emango dugu, euren proposamenak ere ezagutu nahi ditugulako, dagozkien gai horiek guztiak hobetu ahal izateko. Horretatik guztitik sortu da Kproiektua: ‘K’, euskarazko pluralaren sinboloa delako, gu-aren sinboloa; eta ‘proiektua’, ekintza puntual bat baino harago doalako.
Nolakoa izan da gazteekiko hurbilketa?
Erakundeek lan handia egin behar dugu gazteengana hurbiltzeko; izan ere, oro har, urteen joanean, harreman hori okertuz joan da. Guk hasieratik ikusi genuen argi: gure mekanismo guztiak jarri behar genituen martxan, erakundearen eta gazteen arteko komunikazio-fluxua berreskuratu ahal izateko. Modu horretan, eta Kproiektua ekimenari esker, urtebete baino gehiagoko tartean, teknologia berriekin, komunikazioarekin eta ikus-entzunezkoarekin erlazionatutako zenbait jarduera egin ditugu, hainbat esparru, herri eta ideologiatako gazteen artean loturak sortuz joateko. Zerotik hasi ginen, eta urtebetean 1.000 gazte baino gehiago daude gure komunitatean, eta kopurua haziz doa!
Teknologia berriak, komunikazioa eta ikus-entzunezkoak… Zertan oinarritu dira jarduera horiek?
Dena oinarritzen da euskararen gure mapa emozionalaren inguruan. Mapa hori gure webgunean (www.k.bizkaia.net) daukagu argitaratuta. Bizkaiko lurraldea erakusten duen mapa da, apurka-apurka gazteek jardueretan sortutako argazkiekin, audioekin, bideoekin eta txioekin osatuz joan dena. Euskarazko sorkuntza, komunikazio eta informazio digitalari buruzko Kitlab izeneko tailer-laborategiekin hasi ginen, gazteei oinarrizko tresnak emateko ikus-entzunezkoaren eta teknologiaren inguruan, eta irizpideak eskaintzeko edukiak bilatzeko orduan. Beste jardueretako bat Kliforniara izan zen, Twitter bidezko ikus-entzunezko lehiaketa, non gazteek islatu behar zuten nola bizi duten euskara euren bizitzetan. Lehiaketaren saria ez zen nolanahikoa: bidaia bat Kaliforniara! Gainera, Kmovie ere egin dugu: film laburren lehiaketa horretan, diru-saria emateaz gain, Kalesareak dokumentalean parte hartzeko aukera ere bazegoen. Hain zuzen ere, dokumental hori 250 gazteren baino gehiagoren parte-hartzearekin egin da. A!, eta Kfesta arrakastatsua ere egin dugu: Bizkai osoko zortzi gaztez osatutako talde dinamizatu batek diseinatutako jaialdia zen, Kmovie lehiaketaren sari-banaketa egiteko.
Eta, une honetan, zein jardueratan dago buru-belarri sartuta proiektua?
Urrian, Kabian1:Gaztekaldia egin genuen. Topaketa horretan, ia 100 gazte elkartu genituen, jakin ahal izateko gaur egungo gazteentzat zein gai diren kezkagarrienak. Lan handiko eguna izan zen. Open Space delakoaren dinamika parte-hartzailearen bitartez, gazteek askatasun osoz hitz egin zuten kezkagarri zaizkien arazoei buruz edo euren bizitzetan esanguratsuak diren gaiei buruz. Topaketa horretan, antzeman zen emantzipazioa, kultura, generoa eta hezkuntza direla gairik garrantzitsuenak eurentzat, eta horiexek izan dira eta izango dira hilero-hilero egingo diren Kabian-etan jorratuko diren gaiak. Beraz, azaroan Kabian2: Emantzipazioak egin zen; abenduan, Azokarekin bat etorriz, Kabian3: Euskalkultura egin zen Durangon; urtarrilean, Kabian4: Generoaribueltak; otsailean, Kabian5: Hezkuntza egingo dugu, eta martxoan, berriz, hausnarketarako eta etorkizunerako pausu berriak azalduko dituen Kabian6 berezi bat egingo dugu. Jasotako informazio guztia, gazteek beraiek bildutakoa, ahal den neurrian kontuan hartuko da, etorkizuneko politikak sortzeko orduan.
Horrez gain, herriz herri joaten jarraitzen dugu Bizkai osotik, Kalesareak dokumentalaren proiekzioarekin, eta, ondoren, solasaldia eginez bertan dauden gazteekin. Gazteei entzuten eta beraiekin elkarrekintzan aritzeko modu bat gehiago da.
Zein balorazio egiten duzu lehendabiziko urte honi buruz?
Lan handiko eta ikasketa askoko urtea izan da, eta, batez ere, asko entzun beharreko urtea. Gazteek esan digutena entzuteko gai izan gara, eta euren proposamenak babestu ditugu, beraiek askatasun osoz diseinatu dituzten moduan. Honen adibide garbi bat Kfesta izan da.
Pertsonalki, zer nabarmenduko zenuke Kproiektua ekimenaren urte honetaz?
Zalantzarik gabe, nabarmenduko nukeena da proiektu honek aukera eman didala gazte horietako bakoitza hurbilagotik ezagutzeko; izan ere, modu batean edo bestean, proiektuan inplikatu dira, edo, besterik ez bada ere, bertan parte hartu dute. Modu atseginean harritu nau euretako bakoitzak eguneroko bizitzan duen jarrerak. Gure gazteek indar handia dute, oso aktiboak dira, oso langileak, eta oso eskuzabalak inplikatzen diren gauza guztietan. Nire ustez, zaintzen baditugu, etorkizun bikaina izango dugu.
KPROIEKTUA ZENBAKIETAN
KitLab: sei hilabetetan 22 laborategi burutu dira Bizkaiko 11 eskualde ezberdinetan. Espazio parte-hartzaileak izan dira eta bertan 250 gaztetik gora parte hartu dute.
Kliforniara: Twitterren bidez euskararen erabilerari buruzko seiehun txio baino gehiago partekatu ziren. Lehiaketa honen irabazleak inoiz ahaztuko ez duten Kaliforniara bidai bat irabazi zuten.
Kmovie: 30 ikus-entzunezkok parte hartu zuten lehiaketan. Bideo hauek 10.000 ikustalditik gora izan dituzte interneten eta ia 15.000 boto jaso dituzte orotara.
Kfesta: 600 gaztetik gora bildu ziren Gernikako Astran, zortzi gaztek diseinatutako Festa honetan.
Kabian: Etorkizuna ereiteko hilean behin egiten diren topaketak arrakastatsuak. Emantzipazioa, kultura, hezkuntza, generoari buruz zerbait esateko baduzu? Zatoz! www.k.bizkaia.net/kabian
Komunitatea: K proiektuak orain arte burututako ekimen ezberdinek 1000 gazte inguru batzen dituen Komunitatea edo sarea sortu du. Eta komunitateak handitzen darrai, oraindik ekimen asko geratzen baita burutzeko eta ekimen bakoitzak komunitatea handitzen baitu.
info+: www.k.bizkaia.net